Xabier Lertxundi

«Garrantzitsua da jendeak PCR proba egitea, herriko errealitatea zein den ezagutzeko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 3a, 00:00

Xabier Lertxundi alkatea, atzo, PCR probak egin zituzten eremuan. Propio prestatu dute kiroldegia, pilaketak ekiditeko.

Baheketa masiboaren aurreneko balorazioa egin zuen atzo, kiroldegian bertan, Xabier Lertxundi alkateak. Pozik azaldu zen herritarrek emandako erantzunarekin, eta 13 eta 40 urte bitarteko hernaniar guztiei luzatu zien deia, zita hartu eta PCR proba egin dezaten, «hipotesiekin ibili beharrean, datuak edukitzeko».

Gertutik jarraitu zituen atzo arratsaldean, Xabier Lertxundi alkateak, baheketa masiboaren eta PCR proben nondik norako­ak, aurreneko egunean. Pozik agertu zen herritarren erantzu­na­rekin eta PCR probek zeramakiten martxa arinarekin, «pila­ketarik gabe». Baheketaren aurre­neko balorazioa egin zion Kronikari, eta deia luzatu zien beste behin, 13 eta 40 urte bitar­teko herritarrei, proba egitera ger­turatzeko: «egon gaitezke ados edo ez, baina garrantzitsua da jakitea errealitatea zein den; eta hipotesiekin ibili beharrean, datuak edukitzea».

Zein da baheketa masiboaren aurreneko balorazioa? Nola ari dira erantzuten herritarrak?
Gaur (atzo) arratsaldean emateko zeuden hitzordu guztiak daude emanda dagoeneko, eta 600 bat pertsona etorriko direla aurreikusten da. Pixkanaka ari da jendea gerturatzen, eta martxa onean dijoa, inongo pilaketarik sortu gabe. Martxa politean dijoaz PCR probak.

Zenbatero eman dira txandak?
Osakidetzak antolatu ditu, eta bi edo hiru minutuko tartearekin eman ditu, oso maiz. Ez dago pilaketarik, eta horretarako bereziki prestatu dugu kiroldegiko espazioa, hain justu. Gainera, hurrengo bi egunetan eguraldi txarra dago emanda, eta barruan ere inolako pilaketarik gabe egoteko dago prestatuta.

Nolakoa izan da baheketa masiboaren prestaketa, Osakidetzarekin?
Beraiek asteburuaren aurretik esan ziguten, aurreikusten zutela baheketa masibo hau egitea. Eta ostiralean hasi ginen leku hau prestatzen, Osakidetzarekin batera, ikusteko zein behar zituzten, eta espazioaren antolaketa egokiena zein zen. Ostiralean diseinatu genuen, eta gaur (atzo) goizean materiala ekarri eta muntatu dute herri lanetako langileek, Osakidetzakoekin batera.

Gainera, Osakidetzako komunikazioa eta Udalekoa, uneoro egon gara harremanetan, berriak aldi berean emateko.

Zenbat PCR proba egitea aurreikusi duzue?
13 eta 40 urte bitarteko adin tarte horretan, gaude 6.500 herritar inguru. Batzuek eskoletan egingo dute. Herriko eskola guztietan egingo dira PCR probak, eta haietako bakoitzarekin ari da koordinatzen Osakidetza. Borondatezkoak dira horiek ere, eta adin txikikoek gurasoen baimenarekin egin behar dituzte. Ez da derrigorrezkoa proba egitea, beraz; baina bai oso komenigarria. 

Eta gainerako guztiek kiroldegira etorri behar dute. Ez dakigu zenbat etorriko diren, baina egin diren beste baheketa masiboen arabera, %60 inguru izaten da. Ea gutxienez kopuru horretara iristen garen Hernanin ere. Hori behintzat espero dugu, eta gehiago bada, hobeto. Izan ere, horrek emango dizkigu zifra errealak, eta datuak jakinda hartuko genituzke neurriak, hartu behar badira.

Emaitza posibleen aurreikuspenik egin duzue?
Ez daukagu aurreikuspenik, ez. Pentsatzen dugu aterako direla gehiago, hainbeste pertsonari proba egin ondoren; baina ez dakigu neurtzen, ez Osakidetzak eta ez guk, zer atera daitekeen. Alarmarik ere ez du piztu Osakidetzak, pentsatuz positibo kopuru haundia atera daitekeela; baina ez dakigu zer aterako den.


Zertarako balioko du baheketa masiboak?
Adin tarte jakin horri deialdia egitearen arrazoia da, asko asintomatikoak izan gaitezkela. Asintomatikoak garenean, ez dakigu kutsatuta gaudela, eta gure bizitza soziala normaltasun baten barruan egiten dugu; eta hor ematen dira kutsatze gehien. Beraz, baheketa masibo honek ematen digu informazio gehiago, asintomatikoak direnen kasuan, norberak neurri gehiago hartzeko.

Emaitzen arabera, neurri gehiago hartu ditzakezue zuek ere?
Neurriak goitik etortzen dira, Eusko Jaurlaritzatik edo Espainiako Gobernutik. Ikusi beharko duguna da, esaterako, foko konkretu bat baldin badago adibidez, oso oso zehatza dena, zer egin foko horrekin. Baina oraingoz ez da horrelakorik eman, eta ez dago foko zehatzik; zabalduta dagoen zerbait da. Dagoeneko ari gara neurriak hartzen, betiere orekan jarrita osasuna, batetik; baina baita ere osasun mentala eta dauzkagun beharrak, bestetik. Gure zerbitzu guztiak daude egokituta, legea betetzeko; baina saiatzen ari garena da, ahalik eta zerbitzu gehien zabalik izaten.

Azkeneko asteotan ere mantendu duzue komunikazioa, Osakidetzarekin?
Hori da udalak behin eta berriro esaten ari garena. Bakoitzak jakiten ditugu gure udalerriko datuak, eguerdian web orrian zintzilikatzen dituztenean. Guk badaukagu osasun mahai bat, Hernaniko anbulatoriokoekin, eta horiekin momentukoa da koordinazioa. Egunero hitz egin dugu azkeneko egunetan, telefonoz edota bilerak eginez. Baina Osasun Sailetik, komunikazio hori etorri da baheketa masiboa egitea erabaki dutenean bakarrik. Gainerakoan, herritarrek bezala jasotzen ditugu Hernaniko datuak, Udalean ere.

Beraz, anbulatorioarekin koordinatuta, egunero egiten diozue jarraipena, herriko egoerari?
Bai, zalantzarik gabe. Guk zerbait jakiten dugunean, askotan kalean jaso dugulako, zuzenean jartzen gara kontaktuan anbulatorioarekin. Askotan, beraiek ere ez dute jakiten hori. Eta alderantziz berdin, beraiek zerbait jakiten dutenean, berehala komunikatzen digute. Informazio trukaketa hori etengabea da, eta ikusten dugunean tasa gorantza dijoala, bilerak egiten ditugu, neurri bereziak hartzeko eta prestatu beharrekoak prestatzeko, baheketa masibo hau bezala.

Zein izan da irizpidea, Hernanin baheketa masiboa egiteko?
Osakidetzak erabaki du hori, ikusi duenean datuak gorantza zijoazela. Izan ere, ikusi du pix­ka­naka gorantza egiteko joera izan dela. Orain dela bi aste, 500eko langa hori gainditzekotan ginen, eta zona gorrian sartu ginen; baina ordutik, egunero egunero joan gara gora egiten, eta 1.200eko tasaren bueltan gaude orain. Ostegun arratsaldean erabaki zuen Osakidetzak, baheketa masiboa egitea. Inzidentzia tasari erreparatuta erabakitzen dute hori. Egia da, beste herri batzuetan baino lehenago egin dutela gurean; baina antzeko izaten da, 1.000ko langa gainditzen dutenetan ari dira egiten, komenigarria dela ikusten dutenean.

Zergatik da garrantzitsua, herritarrak proba egitera etortzea?
Egon gaitezke ados edo ez, baina garrantzitsua da jakitea errealitatea zein den; eta hipotesiekin ibili beharrean, datuak edukitzea. Horregatik da inportantea probak egitea, adin tarte horietan gauden guztiok. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!