PCR proba egiteko deiari erantzun diote herritarrek, hamaika arrazoirengatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 3a, 00:00

600 bat PCR proba egin zituzten atzo, baheketa masiboaren aurreneko egunean. Gaur eta bihar, goiz eta arratsalde egingo dituzte, kiroldegian.

Atzo hasi ziren PCR probak egiten, Hernaniko kiroldegian, 13 eta 40 urte bitarteko herritarrekin egingo duten baheketa masiboan. 600 bat proba egin zituzten atzo, aurreikusita zeuden hitzordu guztiak beteta; eta milaka PCR proba gehiago egitea espero dute gaur eta bihar.
Atzokoan, estreinako egune­an, arratsaldez bakarrik egin zituzten probak; baina azkeneko bi egun hauetan, goizez zein arratsaldez izango dira, kiroldegian bertan. Horrela, 08:30etatik 14:00etara emango dituzte hitzorduak goizean, eta 15:30etatik 19:30etara arratsaldean, atzo bezalaxe.

Proba egitera deitu dituzte 13 eta 40 urte arteko herritar guztiak, Hernaniko errealitatea zein den ezagutzeko, zehaztasun gehiagorekin. Horretarako, telefonoz deitu behar dute, zita eskatzeko: 943 00 66 66 edo 943 20 30 50. Hernanin ikasten duten gaztetxoei, dena den, eskolan egingo diete proba.

Ilara luzerik ez zen sortu atzo, eta ezta pilaketarik ere, hori ekiditeko prestatu baitute kiroldegiko espazioa. Azkar pasa ziren txandaren zain zeudenak, eta baita azkar atera ere, PCR proba eginda.  

«Inguruan gero eta jende gehiagok eman du positibo»

Eider Tolosa lagun batekin hurbildu zen PCRa egitera eta «baheketa masiboa aprobetxatu dugu proba egiteko».

EIDER TOLOSA - 20 URTE

Eider Tolosak lehenengo PCRa egin zuen kiroldegian eta «molesti pixkat» nabaritu zuela azaldu zuen. «Sudurretik bakarrik egin didate. Arraroa eta desatsegina izan da». Baina egitea beharrezkoa dela adierazi zuen. «Inguruan gero eta jende gehiago ezagutzen dut positibo eman duena eta baheketa masiboa jarri dutenez egiteko momentu egokia dela uste dut. Horrelako aukera aprobetxatu egin behar da denen onurarako da eta».

Eider Tolosak ere gertuko baten positiboa ezagutu du. «Kuadrilako batek eman du positibo» eta horrek erakutsi dio ohiturak eta lagunartean egoteko moduak aldatu behar izan dituztela. «Ikasketen ondorioz ez gara asko ikusten, batzuk kanpoan daudelako, baina kontaktuak murrizten ahalegintzen naiz. Orain gehienez etxekoekin eta koadrilarekin elkartzen naiz. Gehiago ez».

Eider Tolosa bezala beste hainbat eta hainbat hernaniar hurbildu ziren kiroldegira eta hala ere ilararik ez zegoela ere deigarria zen. «Azkar egiten dute proba. Ez dugu ia itxaron beharrik izan. Prebentzioa beharrezkoa da eta jendeak ardurarekin jokatu behar du. Gure eskuetan dagoena hori da. Ea proba hauek inzidentzia tasa Hernanin jeisten laguntzen duten datozen egunetan».

«Familiarengatik eta lanagatik egin dut proba»

Atzo arratsaldeko 17:42etan egin zuen PCR proba Ixone Aiestaranek, eta argi dauka «bere testuinguruagatik» egin duela. 

IXONE AIESTARAN - 25 URTE

Atzo arratsaldean egin zuen PCR proba Aiestaranek. Eta azaldu du, bere testuinguruagatik egin duela gehienbat, «alde batetik, familiarengatik eta orokorrean nire inguruagatik egin dut, eta beste alde batetik, lana. Nerabe eta haurrekin egiten dut lan, eta horrek badu bere arriskua nolabait». 

Argi utzi du, norberaren baitan dagoela proba egiteko erabakia, «azkenean bakoitzak egoera honen inguruko iritzi ezberdin bat dauka, eta norberak bere testuingurua du. Bakoitzak faktore ezberdinengatik egingo du proba edo ez. Nik ere, beste egoera batean, behar bada ez nuke probarik egingo». 

Azken aldian, nabarmen egin dute gora Hernaniko positiboek, eta Aiestaranek dio, martxotik kontatutako zifrak daudela Hernanin, «azken aldian igo da positibo tasa, hori argi dago, baina totala, martxotik dator». 

Fokoa gazteetan dagoela ere esan ohi da, hauek harremantzerako garaian neurriak betetzen ez dituztela arrazoituz, baina Aiestaranek azaldu du beste hamaika foko eremu daudela, «enpresak, autobusak, besteak beste. Gainera, badirudi, Covid-19ak soilik gauetan kutsatzen duela, eta ez da horrela. Aisialdia mugatu digute, kutsatzea eragiten duelako. Murriztu digute bizitza soziala, eta sinestarazi nahi digute, Covid-19a, kalean bakarrik dagoela».

«Hirugarren PCRa da, baina  kolaborazioa beharrezkoa da»

Veronica Sanchezek 35 urte ditu eta baheketak Hernanin egoera nolakoa den hobeto erakutsiko digula dio.

VERONICA SANCHEZ - 35 URTE

Veronica Sanchezek hirugarren aldiz egin zuen atzo PCR proba.«Orain gutxi lankide batek positibo eman zuen eta egin behar izan genuen lantokian. Aurreko astean katarroa nuen eta berriz egin zidaten badaezpada ere eta bietan negatibo eman nuen».
Nahiz eta aurreko astean bertan negatibo eman berriz egitera animatu da Veronica. «Lagundu eta kolaboratzea datuak edukitzeko eta ezagutza zabalagoa izateko beti da ongietorria. Gainera honela, azken astean kutsatu naizen edo ez jakingo dut. Azkenean errepontsabilitate kontua ere bada».

Veronicak 13 eta 40 urte arteko hernaniar guztiak animatzen ditu PCRa egitera. «Azkenean honek Hernaniren argazki zehatzagoa erakutsiko digu daukagun egoeraren inguruan. Oraingo errealitatearen argazki zehatzagoa erakutsiko digu eta hori benetan garrantzitsua dela uste dut».

Veronicak bi seme alaba ditu eta eskolan bizitzen duten egoera ere aipatzen du. «Alaba haserretu egiten da. Txikiagoa da eta anaia ez du orain eskolan kasu egiten lehen bezala. Ezin dela hurbildu dio eta hori ez zaio gustatzen». 
COVID-19ak denei aldatu die bizitza eta probak maiz egitera behartu du jendea.

 

«Eskolan lauzpabosteko taldeetan banatzen gara»

Telmo Granadak bigarren aldiz egin zuen atzo kiroldegian PCRa. Amarekin batera hurbildu zen».

TELMO GRANADA - 14 URTE

Telmo Granada gaztearentzako bigarren PCRa zen atzokoa. Lehenengoan negatibo eman zuen eta oraingoan ere horrela izango delakoan dago. Katarro baten ondorioz egin behar izan zuen aurreneko proba. «Konfinatuta ez naiz egon, beno lehenengo proba egin nuenean emaitza jakin arte etxean egon behar izan nuen». Argitu behar da baheketa honetan herritarrek ez dutela proba eginda etxean geratu behar. Baheketa masiboetan ez da protokolo berdina erabiltzen kontaktu zuzena edo estuan denean bezala. 

Eskolan erlazionatzeko era guztiz aldatu dela dio Telmok. «Taldetan banatzen gara, gehienez lauzpabost pertsona egoten gara elkarrekin. Gelak zatituta daude eta erabat desberdina da ezagutzen genuenarekin». Telmo amarekin hurbildu zen kiroldegira eta elkarrekin egin zuten proba. «Esperintzia bagenuen PCR probetan eta bagenekien nolakoa izango zen». 

Hernaniko proba 13 eta 40 urte bitartekoentzat da, eta Telmo hurbildu zen gazteenetarikoa izan zen. «Ahal den gehienak egin behar dugu, denentzako da ona hori, eta denak partehartzen badugu, oraindik eta hobeto. PCRa egitea erraza da eta ez diogu beldurrik izan behar, osasuna dago jokoan eta hori da garrantzitsuena» azpimarratu du Telmok. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!