Futbola

Hernaniko neskek porrot gogorrarekin hasi dute denboraldia, 10-1 galduta, Athletic-en aurka

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 3a, 00:00

Lurrera erorita ere hernaniarrak hurrengo partiduan altxa egingo dira.

Euskal Ligako taldea izan da asteburuan zehar jokatu duen talde bakarra eta denboraldiko lehenengo partiduan Lezaman aritu ziren Ligako talde indartsuenaren aurka baja askorekin eta bigarren taldeko sei jokalarirekin.

Kirola ia guztia bertan behera geratu den asteburuan Hernanik partidu bakarra jokatu du. Euskal Ligako emakumezkoak Lezamako zortzigarren zelaian aritu ziren Athletic C taldearen aurka eta kolpe gogorra jaso zuten. 10-1eko aurkako emaitzarekin denboraldia eta Liga jipoiarekin hasi dute.

Fernando Molina entrenatzaileak ezin izan zuen lehenengo taldeko jokalari guztiekin bidaiatu Lezamara. «Bigarren taldeko sei jokalari eraman genituen eta horrela aurre egitea hain talde indartsuari ezinezkoa da. Kolpe gogorra eta benetazkoa jaso genuen».

Athletic da faborito argia B taldean eta hori aurre egitea ezinezkoa izan zen hasieratik.

Amezagak sei gol sartu zituen

Hasieratik izan ziren nagusi bilbotarrak. Amezagak sartu zuen lehenengo gola zortzigarren minutuan eta hortik bi minutura bigarrena iritsi zen berriz ere Amezagaren oinetatik. Aurrelari bilbotarrak sei gol sartu zituen, oso gutxitan ikusten den marka, eta aurreneko hirurak izan ziren bereak. Lehenengo zatia 5-0 amaitu zen Lekuek laugarrena eta bosgarrena sartu eta gero.

Bigarren zatiaren hasiera ildo beretik joan zen eta 57garren minuturako 9-0 irabazten zuten txuri-gorriek. Ordurako Amezagak sartu zituen bere bost gol. Ondoren bi taldeek aldaketa ugari egin zituzten eta partidua berdindu egin zen. Honela 73 garren minutuan Hernanik bere gola sartu zuen, Goiuri bilbotar atezainak bere atean. Partidua amaitzear zela Amezagak bere azken gola sartu zuen, seigarrena, eta 10 eta 1ekoarekin amaitu zen norgehiagoka. Kolpe gogorra, baina denboraldia hasi besterik ez da egin.

Hernaniren hamaikakoa ondorengoa izan zen denboraldiko estreinekoan: Berlanas, Galdeano, Becerra, Muñoz, Olasagasti, Lizarraga, Soto, Ubide, Lizaso, Vea eta Soroeta. Ondorengo ordezkoak ere aritu ziren: González, Seco, Santos, Otegui, Núñez. 

Hurrengo partidua azaroaren 15ean jokatuko dute hernaniarrek etxen Leintz-en aurka. Hirugarren jardunaldiko partidua izango da. Bigarren jardunaldia aste honetan bertan jokatuko da, aldaketarik ez badago, eta Hernanik atsedena edukiko du. Gogoratu behar da, aurten Liga bi multzotan banatu dela eta bederatzi talde daudela bakoitzean. Gainera lehenengo jardunaldian multzoko partidu bat atzeratu egin da COVID-19aren eraginez.

Asteburu honetan ez da jardunaldirik egongo Gipuzkoako lehiaketetan

Bestetik Gipuzkoako Futbol Federakuntzak antolatzen dituen  txapelketa guztiak beste jardunaldi bat atzeratu dira. Hasiera batean bi jardunalditan, azaroaren 7-8ra arte ez zegoen partidurik, baina aurreko astean erabaki zen hirugarren jardunaldi bat ere atzeratzea.

Honela, datorren asteburuan ez da partidurik eongo eta futbolarik ez da egongo ez Astigarragako taldeentzat, ez eta Hernanikoentzat ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!