Hamaika Gara egitasmoa aurkezteko zita, etzi

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 3a, 00:00

Udaletxeko areto nagusian izango da, 19:00etatik 20:30etara, bideo proiekzio batekin.

Hamaika Gara egitasmoa aurkeztuko du Hernaniko Gure Eskuk, ostegun honetan. Udaletxeko areto nagusian izango da, arratsaldeko 19:00etan hasi eta 20:30ak arte; eta hernaniar guztiei luzatu diete deia, bertaratzeko. Edonola ere, aforoa mugatua izango da, eta 35 lagunentzako bakarrik egongo da tokia. Denek jantzi beharko dute muxukoa.

«Herritarron garaia da, indarrak batu eta aurrera egitekoa», nabarmendu dute. «Euskal Herrian erreferendumaren aldeko sinadurak biltzea da Hamaika Gara egitasmoaren helburua. Nahi dugu erakutsi tresna demokratikoa dela erreferenduma, eta denon artean gauzatu. Izan ere, herritarrok gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu», adierazi dute.

Bideo proiekzio batekin egingo dute ekimen politiko-kulturalaren aurkezpena etzi, Hernanin. Eta gonbitea luzatu diete, herritarrei: «egitasmo honekin bat zatoztenok, bertaratu zaitezten nahiko genuke, zuen partehartzea ezinbestekotzat jotzen baitugu», nabarmendu du Hernaniko Gure Eskuk.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!