Konzentraziorako deia bihar, Hernaniko BHI Institutuan

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 2a, 00:00

«Burgesiaren hezkuntza kudeaketari planto» egiteko asmotan, bihar konzentrazioa antolatu dute Ikasle Abertzaleek, 10:55etan, BHI Institutuaren aurrean, eta bertaratzeko deia luzatu dute. 

Buruntzaldeako Ikasle Abertzaleek, elkarretaratzeko deia luzatu dute, eta Hernaniko Ikasle Abertzaleko kideek bat egin dute ekimen honekin. Bihar goizeko 10:55etan jarri dute hitzordua, BHI Institutuko sarreran, eta bertaratzeko deia luzatu dute. 

«Ikasle langileok, planto»
«Agintariek hainbat neurri hartu dituzte. Haatik neurri horiek ez dira hartu osasun irizpide zorrotz batzuen baitan, neurrien helburua ez da hertsiki gure osasuna bermatzea. Bestela esanda: norbanakoek eskubideen eta askatasun politikoen aurkako neurriak izan dira hartu direnak; hauek, inondik inora ere ez dira pandemiarekin eta birusarekin amaitzeko neurri eraginkorrenak. Horregatik bi elementu nagusi salatu eta kritikatu nahiko genituzke; batetik, neurri horiek irekitzen duten testuinguru berria, zeina gizartearen gehiengoaren pobretzean oinarritzen den; bestetik, heziguneetan ematen ari diren kutsatzeen gaineko kontrol eza eta egoeraren gaineko kudeaketa eraginkorraren falta, errealitate hori ezkutatu nahi badute ere.

Kapitalismoan hezkuntza instituzioak garrantzia haundia dauka, izan ere, ikasle otzanak sortzeaz gain, lan-merkatuaren beharretara egokitzen diren ikasle prototipo zehatzak sortzen baititu. Baina aipatu beharra dago pandemiarekin batera bereziki gailendu den funtzioa, neurri horiek hartzerakoan determinantea izan dena, kontziliazioren funtzio soziala izan dela. Osasun krisi mundial baten aurrean eta birusaren nolakotasuna dela eta, oso arriskutsua da berme sanitario urriekin heziguneak irekita mantentzea. Beraz, agintariek, hori honela dela jakinik, zergatik mantentzen dituzte irekita? Etekin ekonomikoa helburu bakar duen sisteman sostengaezina delako heziguneak ixtea, gurasoek ezin baitituzte beraien seme-alabak zaintza gabe utzi lanera doazenean. Zentzu honetan, azpimarragarria da, lantegiak eta heziguneak duten lotura estua, eta areago egungo egoeran, bata bestearen isla da: ikas-zentroak ezin dira itxi lantegiak martxan daudelako, eta halaber, ez daude baldintza objektiboak soldatapekolana eta hezkuntza instituzioak geldiarazteko eta kalitatezko bizi baldintzak bermatzeko langileriari. Horra hor hezkuntzaren funtzioa gaur egun. Hortaz argi diogu osasun bermeak egon ezean ezin dela hezkuntza presentzialarekin jarraitu. Langilerien osasun da lehenetsi beharreko eta garbi dago hori ez dela inolaz ere burgesiaren lehentasuna.

Bestalde, oinarrizkoak eta absolutuak diren eskubideen ezeztapen sistematikoa salatu nahi dugu. Lehenago aipatu moduan, ez dira irizpide zientifiko eta sanitarioak lehenetsi; kontrara, langileriarenganako dominazioa eta kontrola ezarri dituzte, izan ere, lan politiko eta militantea da debekatu dena, alegia, mobilizazio eskubidea, biltzeko eskubidea, etab. luze bat. Gainera, egia da eta informazio osoa egon behar diren unean, oso larria da heziguneetako Covid-19aren kutsatzearen eta hedapenaren maila ezkutatzea. Ez dago datu errealik hezkuntzari loturiko kutsatze eta konfinamenduen inguruan eta onartezina deritzogu informazio horu ezkutatzeari. Hala ere, ez dira datu zehatzak behar gertatzen ari denaren berri izateko, hezkuntza sistemaren partaide den orok aski ondo baitaki zein den egoera erreala heziguneetan: etengabeko kutsatze eta konfinamenduak.


Amaitzeko, egoera honen aurrean dei egin nahi diogu ikasleria langileria, bihar Euskal Herriko hezigune ezberdinetan deituko ditugun konzentrazioetara batzeko, ezinbesteko garrantzia hartuko baitu antolakuntza komunistaren egitasmoak eta egikaritzeak gureak diren eskubideak berreskuratzeko borrokan». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!