Gaurtik hasita ostiralera arte, Armenia, Nepal eta beste hainbat txoko ikusgai, Mendizale Astean

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 2a, 00:00

Pasa den urtean ere ederki pasa zuten herritarrek, Mendizale Astean.

Urteroko zitari eutsi dio Mendiriz Mendi elkarteak eta gaurtik ostiralera bitartean, Mendizale Astea antolatu du. Saio bana izango du arratsaldero Biteriko aretoan, 19:30etan hasita. Gaur, Iñaki Zuzak Armeniako natur eta kultur ondareari buruz jardungo du. 

Mendizale Asteari hasiera emateko, gaur arratsaldeko 19:30etan, Armeniari buruz jardungo da Iñaki Zuza, bertako natura eta kultur ondareak ezagutzera emanez, «mendiarekin lotutako herrialdea baita». Horrez gain, bertako mendi eta baso paisai harrigarrietan, antzinako eliza eta monasterio ederrak daudela aurreratu du. 

Bihar, Armenia albo batera utzi eta Nepalera garraiatuko dira herritarrak, izan ere Raúl Díazek, Nepal inguruetan bizikletarekin egindako abenturak ekarriko ditu Biteriko pantailara, arratsaldeko 19:30etan hasita.

Etzi, Eskalada jasangarria Gipuzkoan gaia landuko da, eta horretarako Gipuzkoako Mendizale Federazioko ordezkariak etorriko dira, Biterira. Honi ere arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera. 

Ostegunean, Angel Belda izango dugu oholtza gainean, Dolomitak-Stelvio parke naturala gaia mahai gaineratuz. 
Eta ostiralean gazteen irteerak ikusiko dira, eta argazki lehiaketako sari banaketa ere egingo da.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!