13 eta 40 urte bitarteko hernaniarrei PCR proba egiteko eskatu diete Osakidetzak eta Hernaniko Udalak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 1a, 00:00

Osasun Sailak eta Osakidetzak, Hernaniko Udalaren laguntzarekin, egiten dituzten zaintza eta kontrol lanen baitan, «herritarren lankidetza» eskatu dute 13 eta 40 urte bitarteko Hernaniko biztanle taldeari PCR proba egitera joateko eskatuz. 

Hernaniko Udala, Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin ari da buru-belarri elkarlanean. Hori horrela, Hernaniko «herritarren lankidetza» eskatu dute, 13 eta 40 urte bitarteko Hernaniko biztanle taldeari, PCR proba egitera joateko eskaera eginez.
 13 eta 40 adin tartearen baitan sartzen direnei, PCR proba egitea gomendatu du Hernaniko Udalak eta hainbat aukera daude. Hernaniko ikastetxeetan ikasiz gero, ikastetxean bertan eskainiko dute proba egiteko au­kera, eta ez da hitzordurik eskatu beharko. 
Gainerakoek aldiz, hitzordua eskatu beharko dute, 943 006 666 edo 900 203 050 telefonora deituta. Gaur eguerdiko 15:00etatik aurrera eskatu daiteke zita, lehenago ez. 


12 urte izanez gero, eta aurten 13 betetzen dutenek ere egin beharko dute PCR proba, «1980 eta 2007 urte bitartean jaiotako pertsonek egin beharko dute, biak barne». 


13 eta 40 urte bitarteko adin tartean sartzen ez denak ez du PCRrik egin behar, «une honetan adin tarte honek baitu lehentasuna». 
Aurretik PCR proba eginda duenak, berriro egin beharko du, hala ere, «duela gutxi egin baduzu eta probaren zain bazaude, ez duzu egin beharrik». 


Koronabirusa jada pasatu duten haiek ere egin beharko dute PCR proba, baldin eta hiru hilabete baino gehiago pasa badira, bestela ez. Behin proba eginda, eta emaitza jakin bitartean, «bizitza normala egin daiteke». 

PCR proba, nolakoa da
Sudurretik makila malgu eta finarekin hartzen da lagina, eta hau onartzen ez duten pertsonetan «ahotik hartzen dute aipatutako lagina». 
Zenbaitentzat proba hau desatsegina izan daitekeen arren, «probak ez du minik egiten. Sudur zuloetan erremina edo sumintasun apur bat nabaritzen da, besterik gabe». 


Ezintasuna duten pertsonek, beste pertsona batez lagunduta joan daitezke. Gainontzekoak bakarrik egin beharko dute, eta adingabeei ikastetxeetan egingo zaie proba. 


Probaren emaitza, telefono mugikorrera iritsiko da, SMS mezu moduan. Emaitza positiboa izango balitz, «etxeratu eta zure gelan sartu». 

Lekua eta ordutegia
Adingabeei ikastetxeetan egingo zaie proba. Gainontzekoek, aurrez zita eskatuta gaur 15:00etatik aurrera, Hernaniko Kirolde­gi­ra joan beharko dute, PCR proba egitera, bihartik asteazkenera bitartean. Astele­henean 15:30etatik 19:30etara, as­te­artean eta aste­az­ke­ne­an 08:30etatik 14:00etara, eta 15:30etatik 19:30etara.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!