«Partiduetara joaten segiko dugu, noski; eta aurten taldeen maila orekatuagoa izango denez, gehiago gozatuko dugu!»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 31a, 00:00

Maixa Ruiz eta Joxe Pavon (ezkerrean beheran), beste hainbat zale fidelen artean.

Ohorezko B Mailan aritzeak ez die taldearekiko zaletasuna itzaliko, Hernaniren jarraitzaileei: «uzten diguten guztietan, partiduetara joaten jarraituko dugu, bai Hernanin, eta baita kanpoan ere!», aurreratu dute Maixa Ruizek eta Joxe Pavonek.

Zortzi denboraldiz jarraian ikusi dute taldea Ohorezko Mailan, Hernaniren jarraitzaileek, astebururo talde indartsuenekin borrokan. Eta astebururo aritu dira bultzada ematen, trikoloreei. Bigarren mailara jaitsi izanak ez du aldatuko hori, Maixa Ruizek eta Joxe Pavonek nabarmendu dutenez. Taldearen bi jarraitzaile oso fidel dira haiek, beste asko bezala.

Urteak daramazkizue taldeari jarraitzen, ezta?

Igoeraren denboraldia baino bi edo hiru urte lehenago hasi ginen taldeari jarraitzen, maiztasun haundiarekin. Hernanin jokatu diren partidu guztietan egon gara, eta kanpokoetan, ahal izan dugun guztietan!

Kanpoan ere makina bat partidu ikusitakoak zarete, beraz... Non izan zarete?

Bartzelonan, Madrilen, Santanderren, Getxon, Ordizian...

Eta zein da ondoen gogoratzen duzuen bidaia?

2017ko urrian Bartzelonara egin­dakoa daukagu bereziki gogoan, bi arrazoirengatik. Batetik, igandean ikusi genuelako Ohorezko Mailako taldea, eta larunbat arratsaldean Azeri Zaharrak aritu zirelako, Bartzelonako beteranoen kontra. Zoritxarrez, batenbat lesionatuta bueltatu zen, baina hori behin baino gehiagotan gertatzen da, Azeri Zaharrek jokatzen dutenean (barrez). Eta bestetik, Bartzelonako erreferendumaren giroa bizitu ge­nu­en, hauteslekuak, jendea oso ilara luzeetan kalean, ordena publikokoak bere martxan...

Nondik datorkizue zaletasun hori, taldearekiko?

Joxe: Nik taldearekin jokatu nuen gaztetan, eta orain Azeri Zaharrak beteranoen taldean ere aritzen naiz. Baina, batez ere, herriak errugbiarekin beti izan duen lotura hori da guri ere zaletasuna sortu ziguna.

Maixa: Nik errugbia ez nuen ezagutu gaztetan, eta jokatu ere ez dut egin. Atletismoa nuen gustuko, eta horretan aritu nin­­tzen. Baina denborarekin, errugbiaren harra sartu zitzai­dan, eta erakarri egin nindu­en giroak eta laguntasunak, nahiz eta batzuetan ez ditudan arauak ulertzen... (barrez).

Eta zer ematen dizue taldeak?

Balore batzuk irudikatzen ditu, eta balore horiekin identifikatzen gara gu ere: laguntasuna, talde-lana, zintzotasuna, tranparik ez egitea... Zerikusirik ez puntako beste kirol batzuekin, aipatu beharrik ez dago zein.

Ohorezko Mailan zortzi denboraldi segidan jokatu ondoren, bigarrenean ariko da Hernani aurten. Penaz hartuko zenuten, ezta?

Hasieran bai. Baina ulertzen dugu oso zaila dela, oso polita ere izan arren, talde amateur bat lehiatzea liga semiprofesional batean. Eta horrek desgaste haundia eragiten du taldean eta klubean. Fisikoki indartsuagoak diren jokalari profesionalen kontra aritzeak, lesionatzeko arrisku haundia dakar, eta hori ez da ona gure mutilentzat; horrela ezin da jokoaz gozatu. Era berean, uste dugu batzuek ez dutela gogoko, talde amateur batek irabaztea talde profesional bati, eta beraz...

Gogo berberarekin jarraituko duzue partiduetara joaten?

Joxe: Bai, noski. Gainera, aurten taldeen maila orekatuagoa izango da, eta gehiago gozatuko dugu taldearekin. Eta gertuagoko herrietara egingo ditugu bidaiak, uzten badigute behintzat.

Maixa: Halaxe da. Uzten diguten guztietan, bai gu eta bai kanpoko partiduetara joan ohi diren zaleek, jarraituko dugu zarata ateratzen, gure taldeak jokatuko duen herrietan. Horretarako, eramaten ditugu turutak, karrakak, bozinak...

Eta ez badizuete uzten partiduetara joaten?

Ba ordenagailuan ikusi beharko ditugu. Baina uzten diguten guz­tietan, hantxe izango gara!

Eta tarte hau aprobetxatu nahi dugu, gogoratzeko Herna­niko zale guztiekin. Eta bereziki barra bravakoekin; Katangako zaleekin, kanpoko partidueta­ra etortzen direnak, bidaiak an­to­­latzen direnean; Juanito pre­si­dentearekin, oso atsegina de­lako; Iruñeako lagunekin, au­­ke­­ra duten guztietan ani­ma­tze­­ra etortzen direnak; eta Imanol gure lagunarekin.


 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!