«Taldea mantendu dugu, eta sendoagoa da orain; denak gaude gogotsu, igoera lortzeko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 31a, 00:00

Patrick Polidori (atzean) partidua jarraitzen adi, Ordiziaren kontrako derbia jarraitzen Landaren, aurreko denboraldian.

Les Abellesen kontra galtzeak sortutako «dezepzioa» atzean utzi, eta baikortasunez begiratzen dio Patrick Polidorik, Hernaniko entrenatzaileak, denboraldi berriari. Gaur ziren liga hastekoak trikoloreak, Iruñean; baina talde osoa konfinatuta, ezingo dute jokatu oraingoz. 

Oso ezohiko liga hasiera izango du Hernanik, aurten. Gaur zen Ohorezko B Maila hastekoa, La Unicaren kontra, Iruñean; baina ez du bertara bidaiatuko taldeak, eta ezta jokatuko ere: talde osoa konfinatzea agindu dio Osasun Sailak Hernani Errugbi Elkarteari, taldean COVID-19rekin bi positibo izan ondoren.

Gainerako taldeek baino astebete beranduago ekin behar zioten trikoloreek, dagoeneko, aurreko astean Ohorezko Mailan aritzeko kanporaketa jokatu baitzuten. Les Abellesen kontra galduta, ordea, bigarrenean ariko da Hernani, baina are gehiago atzeratuko zaio estreinaldia, orain. Konfinatuta eta entrenatu ezinik, gainera, ezingo dute berehalakoan bueltatu lehiara, itxialdia bukatu ondoren ere.

Eta horixe da, hain justu, Pa­trick Polidorik eta jokalari­ek nahi zutena: laster hasi, Les Abellesen kontrako porrota ahaz­teko. Oztopoak oztopo, denboraldi berriaren aurrean oso baikor agertu da entrenatzailea, eta konfiantza haundia dauka taldearen mailan. «Ohorezko Mailako taldea daukagu, nahiz eta bigarren mailan egon».

Ohorezko Mailan aritzeko kanporaketa galdu zenuten aurreko asteburuan. Nola eragingo dio horrek taldeari, denboraldi hasiera honetan?
Ez da kolpe gogorregia izan, baina bai izan dela dezepzioa, pixka bat. Uste dut prest geundela partidu hori irabazteko, baina dena elkartu zitzaigun kontra: zelaia, haizea eta epailea. Izarrak ez zeuden alineatuta, guk Ohorezko Mailan jokatzeko.

Aukera hori sortu zenetik, Ohorezko Mailan jokatzea zeneukaten buruan?

Baietz esango nuke; bai jokalariek eta bai nik. Ohorezko Mailako taldea daukagu, lehiakorra, eta ni ere oso lehiakorra naiz. Egia da hiru egun lehenago suertatu zela aukera, eta egoera horretan egin behar izan genion aurre, denborarik gabe. Baina tira, orain beste zortzi edo bederatzi hilabete dauzkagu, igandean lortzerik izan ez genuen hori gauzatzeko, eta Ohorezko Mailara bueltatzeko.

Nola hartuko duzue denboraldi hau, Ohorezko B Mailan?

Aukera emango digu, taldea sendotu eta gazteek esperientzia hartzeko. Aurreko urtean, 12-13 aldaketa izan genituen, eta bloke berri bat izan genuen ia. Aurten taldea mantendu dugu, jarraipena izango du, jokalari pare bat kenduta. Segida emateak, ahalbidetuko digu taldea indartzea, Ohorezko Mailara bueltatzeko.

Hori izango da helburua, beraz: igoera lortzea.

Bai, uste dut denak daudela gogotsu, horretarako. Hainbat koxka gainditu beharko ditugu bidean, eta aurrenekoa izango da gure multzoko bi onenen artean egotea, aurreneko itzulian. 12 talde gara, eta beraz, 11 partidu jokatuko ditugu. Horien ondoren, aurreneko biek egingo dute aurrera, igoera lortzeko. Hortik aurrera, zailagoa izango da dena. Beste bi multzoetako onenekin ariko ginateke, seiko multzo batean. Horretan, aurreneko biak sailkatuko dira semifinaletara zuzenean, eta beste lauek kanporaketa jokatuko dute, beraien artean, beste bi plazak erabakitzeko. Hortik aurrera, igoera lortzeko kanporaketak jokatuko dira. 

Beraz, aurreneko pausoa da bi onenen artean sailkatzea orain, gure multzoan.

«Aurten zailagoa izango da presioa eta lehiakortasuna mantentzea, joko intentsitatea jaitsi egingo delako orain. Garrantzitsua da horri eutsi eta azken helburua zein den presente izatea beti»

 

Indarberritzeko balio diezaioke taldeari, Ohorezko B Mailara bueltatzeak? 'Pauso bat atzera, eta beste bi aurrera'...

Bai, erabat, horrela izango da. Dagoeneko erakutsi du taldeak, aurreko denboralditik hona indartu egin dela. Orain, prestaketa partiduetan, Getxoren kontra aritu gara adibidez, Ohorezko Mailan ariko den taldea; eta 40 puntu egin dizkiogu. Beraz, ea zorte pixka bat daukagun, eta jokalari gutxiago lesionatzen zaizkigun. Eta uste dut hala izango dela, jokoa ez delako hain gogorra Ohorezko B Mailan. Horrekin, eta entrenatzeko diziplina zorrotz batekin, uste dut aurrerapauso hori emango dugula. Pauso hori atzera eman bagenuen, orain aurrerakoak ematea dagokigu.

Ohorezko Mailaren aldean, zer aldatuko da denboraldi honetan?

Uste dut aurten zailagoa izango dela presioa eta lehiakortasuna man­tentzea, zure buruaren eta helburuen gainean. Joko-intentsitate oso altuan aritzetik gatoz, eta intentsitate hori jaitsi egingo da Ohorezko B Mailan. Beraz, garrantzitsua da lehiakortasuna mantentzea eta gure azken helburua zein den presente izatea beti.

Kontrarioen mailak ere behera egingo du?

Ezberdinak izango dira. Intentsitateak egingo du behera, orain arte oso jokalari haundi eta pisutsuen kontra aritu garelako. Kilo askoko jokalari haundi baten kontra, ezinean, azkenean partiduaz nazkatzen zara. Zeharka bada ere, borroka-ki­rol bat da, eta ezin duzu hori saihestu.

Eta ezaugarri ezberdin horiekin, ondo moldatuko da Hernani, Ohorezko B Mailan?

Ez dakit esaten, Ohorezko Mailan baino hobeto edo okerrago moldatuko garen. Izan ere, talde indartsuenen kontra hazi egin gara beti, gure mailan salto bat ematea ahalbidetu izan digu. Garrantzitsua izango da, jokalariek asteburu eta partidu bakoitza nola hartzen duten, eta nola bizitzen duten denboraldia.

Zein izango dira kontrario gogorrenak?

Gernika izango da kontrario zuzen-zuzena, igoera lortzeko borrokan. Eta Bera Bera ere bai. Ikusiko dugu beste taldeak nola datozen, baina bi horiek, behintzat, kontrario gogorrak izango dira.

Zortzi euskal talde, eta Gipuzkoako lau ariko zarete. Derbiak ezberdinak izango dira aurten, ezta?

Ordiziaren kontra jokatu izan ditugun derbien aldean, ezberdinak izango dira, bai. Ordizia erreferentziazko taldea da Gipuzkoa mailan, ekonomikoki, fitxaketen aldetik eta fisikoki. Eta beti izan dira bereziak, derbi horiek. Baina orain, Bera Beraren kontra adibidez, gehiago izango dira harrobien derbiak, fitxaketenak baino.

«Desoreka haundia gertatzen ari zen Ohorezko Mailan. Taldeak ari ziren fitxatzen jokalari haundiagoak eta pisutsuagoak, eta teknikoki bai, baina fisikoki ezin genuen beraiekin lehiatu»

Lehiakortasuna mantentzeaz hitz egin duzu. Presio gutxiago sentituko dute jokalariek aurten?

Hasieran ez, motibazioa eta intentsitatea oso altu izango dute. Baina pixkanaka, denboraldia aurrera doan bezala, zaila da horri eusten. Duela bederatzi urte gertatu zitzaigun, igoera lortu genuenean. Partidu guztiak irabazten ari zara, erasoko bonusarekin, eta astebururo bost puntu lortzen. Eta horrela da zailagoa intentsitatea mantentzen. Ohorezko Mailan, intentsitatea jaitsiz gero, berehala jasotzen zenuen horren zigorra, kontrarioak entsaioa edo zigor kolpea lortuta. Orain, aukera gehiago daukazu, huts egin arren, punturik ez jasotzeko.

Intentsitatea galtze hori, kaltetan izan daiteke gero...

Horrela da. Oso garrantzitsua da intentsitatea, motibazioa eta presioa mantentzea, partidu zailenak eta inportanteenak iristen direnean, igoera jokoan daukazunean, huts ez egiteko. Baina zaila da zortzi edo bederatzi hilabetez eustea horri.

Taldea ia bere horretan mantendu duzuela aipatu duzu. Nola ikusten duzu?

Loketi Manu eta Kane izan ezik, denek jarraitu dute taldean. Gainera, Xabier Lucas bueltatu da Baionako Avironetik, eta horrek lagundu egingo digu, motibazioari eta intentsitateari dagokionez ere. Eta 23 urtez azpikoen taldetik igo ditugu zenbait jokalari. Saiatuko gara haiek ere jokatzeko aukera izan dezaten.

Uste dut Ohorezko Mailako taldea daukagula, nahiz eta bigarren mailan egon. Talde gaztea daukagu oraindik, eta lortu behar dugu jokalari horiek esperientzia hartzea eta maila gorenera egokitzea. Duela hiru urte hasi zen prozesu bat da, harrobiko jokalari horiek aurreneko talderako prestatzekoa; eta espero dugu aurten prest egotea.

«Taldeak erakutsi du, aurreko denboralditik hona indartu egin dela. Prestaketa partiduetan, Getxoren kontra 40 puntu lortu genituen, adibidez»

 

 

 

 

 

Badira hilabete batzuk, bigarren mailara jaitsiko zinetela konfirmatu zela. Orain, hotzean aztertuta, nola ikusten duzu aurreko denboraldia?

Uste dut Ohorezko Mailan desoreka haundia gertatzen ari zela. Taldeak ari ziren fitxatzen tamaina eta pisu gehiagoko jokalariak, eta fisikoki ezin genuen beraiekin lehiatu. Teknikoki ez dugu arazorik izan inoiz, ondo moldatu gara. Baina errugbian fisikoak garrantzia haundia dauka, eta fitxaketa horiek liga desorekatu dute.

Zaleen aldetik, zein mezu jaso duzue jaitsieraren ondoren?

Pena hartu zuten jaitsierarekin, noski, baina ez gaituzte alde batera utziko. Bai nik eta bai jokalariek, jaso dugu beraien babesa, eta Landarera etortzen eta animatzen jarraituko dute.

Denboraldia ondo joanez gero, ilusioa berreskuratu dezakete akaso, ezta?

Bai, horretan ere lagundu dezake, zalantzarik gabe. Taldea irabazten eta goiko postuetan ikusteak, beti pizten du ilusioa. Urteak ziren, denboraldi bat edo beste kenduta, beti ez jaisteko borroka horretan genbiltzala, gorago begiratu ezinik. Beraz, denboraldi honek, zentzu horretan, eman diezaieke atseden bat, eta ilusioa berritzen lagundu. 

Eta zuk, mantentzen duzu ilusioa?

Nik bai. 12-13 urte daramazkit taldean, eta oso harreman ona daukat jokalariekin. Oraingoz badaukat ilusioa, eta ez dut burutik pasa ere egin, taldea uztea. Erabaki hori hartzeko momentua iristen denean, jokalariekin batera hartuko dut. Oraingoz, lanean jarraitzeko gogotsu nago.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!