«Esperientzia berri bat bizitzen ari naiz Indian, baina hoteletik entrenamenduetara bakarrik atera gaitezke»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 31a, 00:00

Asier Rey, Northeast United taldeko lau atezainekin. Indiakoak dira denak.

Iran atzean utzi, eta Indiako Superligara egin du salto orain Asier Rey hernaniarrak, Northeast United taldean atezainen entrenatzaile izateko: «Goa eskualdean nago; oso polita da, baina argazkitan bakarrik ikusi dut orain arte».

Iranen zebilen Asier Rey Santín hernaniarra, joan den denboraldian, Foolhad Khuzestan taldean atezainen entrenatzaile. Eta hura atzean utzita, Asiako beste txoko batera egin du salto, oraingoan: Indiako Superligan ari da, Northeast United talde­an: «Irango esperientzia polita izan zen, baina urtebeterako, ez gehiago. Hangoa beste kultura bat da, lana egiteko beste modu bat, eta aldaketa behar nuen. Di­rua zor didate oraindik, gainera», azaldu du. 
Horrela, Ligako hirugarren bu­katu eta Asiako txapeldunen ligara sailkatu ondoren, Hernanira bueltatu zen, etxera: «lanik gabe nengoen, eta deitu zidaten Indiako Northeast United taldetik, nire kurrikuluma ikusi zutela eta nirekin hitz egin nahi zutela. Taldeko entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta berak oniritzia eman ondoren, elkarrizketa bat egin zidan taldeak. Eta kontratatu egin ninduten».

«Burbuila batean gaude, talde guztiak hemen elkarrekin»

Hiru aste daramazki hernaniarrak Indian, «esperientzia berri bat» bizitzen. Baina oraingoz ez du izan aukera askorik, herrialdea ezagutzeko: «iritsi berritan, 14 egun egin nituen logelan sartuta, derrigorrezkoa delako iritsi berrientzat. Eta orain, burbuila batean gaude. Ligako talde guztiak gaude Goa eskualdean, talde osoa hotel berean sartuta; eta ezin gara ezertarako atera, ez bada entrenatzera joateko eta partiduak jokatzeko. Eta horrela egongo gara sei hilabetez, diru­di­enez. Hoteletik ateraz gero, isun gogorra jartzen dizute. Izan ere, talde bakoitzarekin, pertso­na bat jarri du ligak, kontrol la­na egiteko», azaldu du.

Guztira, 11 talde dira Indiako Superligan: «talde apala da gurea. Aurreko denboraldian ondo aritu ziren, eta aurten fitxaketa batzuk egin dituzte, bosgarren edo seigarren postu inguruan ibiltzeko asmotan. Izan ere, hiru edo lau talde oso indartsu daude ligan. Pretenporadan ari gara orain, eta azaroaren 20an hasiko dugu liga. Oso laburra izango da, eta martxoaren bukaeran amaituko dugu», dio Reyk.
Pretenporada bezalaxe, Goan egingo dute liga osoa ere: «hiru futbol zelai daude hemen, eta horietan jokatuko ditugu ligako partidu guztiak», dio.

«Hiru egunetik behin egiten dizkigute testak»

Itxialdia ez da Indiako Superligak hartu duen neurri bakarra, COVID-19aren pandemiaren aurrean: «hiru egunetik behin egiten dizkigute testak. Nik zazpi edo zortzi egin ditut dagoeneko. Eta tenperatura hartzen digute egunero hiru aldiz, gosaltzeko garaian, bazkaritan eta afaritan. Hauxe izango da gure egunerokoa, datozen sei hilabeteotan; hoteletik entrenamendura, eta entrenamendutik hotelera», kontatu du hernaniarrak.

«Oso turistikoa da Goa, baina taxi barrutik edo internet bidez bakarrik ikusi dut»

Asier Reyk dio, pandemiaren al­detik nahiko ondo dagoela Goa, egoera ez dela hain kritikoa. Bai­na hala ere, ezin dute inolako kontakturik izan jendearekin. Eta beraz, turismo gutxi egiteko aukera izango du: «oso turistikoa da Goa, kosta eta hondartza politak dauzka; baina oraingoz, taxi barrutik edo interneteko argazkien bitartez bakarrik iku­si dut. Pena da».

Ohartu da, dena den, «Hernanirekin antza gehiago» daukala Indiak, Iranen aldean. «Ho­ri bai, behiak sakratuak dira, pertsonak bezala dira. Kalean eta errepidean dabiltza libre».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!