«Lanbide Heziketako zifrak aldatu nahi ditugu eta gurean emakume gehiago egotea nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 31a, 00:00

Ainitze Blanco, Hernaniko Lanbide Heziketako zuzendaria.

Hernaniko Lanbide Heziketako zentroko ziklo industrialetan soilik 6 emakumezko daude matrikulatuta eta gizonezkoak, berriz, 116 dira. «Bide onetik goaz, baina asko dago egiteko».

Gizartean aurrerapauso haundiak eman dira azken urteetan, eta, horrekin, emakumearen rola ere nabarmen aldatu da. Lan-merkatuan sartu da eta jarduera ekonomikoan lekua hartu du, nahiz eta horretarako oztopo asko gainditu behar izan dituen eta oraindik ere lan munduan injustizia asko bizi behar dituen.  Gaur egun gero eta gehiago dira ikasketak Lanbide Heziketara bideratzen dituzten emakumezkoak, eta industria munduan ibilbide profesionala hasten dutenen kopurua ere igo egin da. 

Edonola ere, industrian alde haundia dago oraindik gizonezkoen eta emakumezkoen artean. 10 ikasletik bakarra da emakumea, lanbide heziketako industriako moduluan. Gainera, bide luzea dago egiteko oraindik. Hain justu ere, berdintasuna, gizarte-ko­hesioa eta herritar aktiboak izatea sustatzea da Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren presidentziaren hel­bu­ru­etako bat. Hori bera azpimarratu du Ainitze Blancok, Hernaniko Lanbide Heziketako zentroko zuzendariak: «bide onetik goaz, baina egiteko asko dago oraindik».

Sailburuordetzak argitaratutako datuen arabera, EAEn 2018-2019 ikasturtean Lanbide Heziketan 40.227 ikasleek eman zuten izena. Horietatik 26.314  %65,41) ziren gizonezkoak eta 13.913 (%34,59) emakumezkoak. Aurtengo ikasturtean matrikula kopurua 40.781 ikaslera igo den arren, gizonezkoak 26.696 (%65,46) dira eta emakumezkoak, berriz 14.045 (%34,54). Horren bueltan, ziklo industrialetan gizonezko gehiago daude emakumezkoak baino. Blancoren esanetan, «arlo horretan emakumearen presentzia baxua da». Alegia, joan den ikasturtean 17.546 matrikulatik soilik 1.776 ziren emakumezkoak, %10,12. Aurten ziklo industrialetan matrikula kopuruak gora egin du, eta horrekin batera, ikasturte honetako emakume­en kopuruak ere bai, industriarekin zerikusia duten zikloetan. Hain justu ere, 15.927 dira gizonezkoak (%88,87), eta emakumezkoak 1.994 (%11,13). Dena den, emakumeen kopurua oraindik ere gizonezkoena baino nabarmen txikiagoa da.

«Irakurketa garbia da: urtetik urtera Lanbide Heziketako matrikula kopurua igo egiten da eta emakumeena ere pixkanaka igotzen ari da, baina ziklo industrialetan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldea oso haundia da», azaldu du Blancok.

«Pixkanaka, baina datu positiboak ditugu»

Datuak argiak dira, baina lan haundia ari dira egiten horri buelta emateko. «Irakurketa asko daude. LH-ra dijoazenen emakumeen kopurua txikiagoa da Unibertsitatera joaten direnena baino. Tartean daude txikitatik ikasi ditugun estereotipoak, eta hori izan daiteke arrazoi nagusia. Lan munduan ere industria guneetan emakume gutxi ikusten dira, eta ile-apaindegietako langile gehienak emakumezkoak dira, esaterako… Pixkanaka aldatu beharreko zerbait da hori», adierazi du zentroko zuzendariak.

Joan den urtean Lanbide Heziketako Vgarren Euskal Plana 2019-2021 sortu zuten, Lanbide Heziketa 4. Industria-Iraultzaren arloan izenburupean. Eraldatzen ari den gizartearen erronka berriei erantzuteko ekin zieten lanketa horri, izan ere, «gizarte hori gero eta gehiago oinarritzen da aurrerapen teknologikoetan, baina gizarte-balioak eta gizakiaren esentzia nabarmentzeko premia handia du». Horren adibide da lanbide heziketan gizonen eta emakumeen berdintasuna sustatzeko beharra. Hori bera azaldu du Blancok: «Lanbide Heziketako Vgarren Euskal Planeko seigarren printzipioak hori dio eta,  beraz, berri positiboak ditugu».

Horren harira, Garapen Jasangarriko Agenda 2030 egitasmoan lehentasunezkotzat hartu beharreko helburuen artean dago, hain zuzen ere, ahalbidetzea gizon eta emakume guztiek kalitatezko goi-mailako prestakuntza tekniko eta profesionalera berdintasunezko baldintzetan sartzeko aukera izatea.

Berdintasunaren aldeko apustu firmea, LH-n

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko apustu sendoa egiten dute Hernaniko Lanbide Heziketako zentroan. Ikasleen proiektu eta errutinan lantzen dute berdintasuna eta beraien plangintzan dute txertatua helburu hori.  «Kontzientziazio lan guztiaz gain, Berdintasunaren planaren baitan ikastetxean urtean bi ekintza nagusi egiten ditugu. Aurten, adibidez, Sorginlore Gizarte Elkartearekin harremanetan jarri eta tailerrak antolatu ditugu ikasturte honetarako».

Argi du Blancok lanketa «haundia» egin behar dela arlo honetan. «Ikasleei datuak ematen dizkiegu eta horren garrantzia azaltzen diegu, emakumeek lan arloan eta hortik lanpo ere bizi duten egoera ezagutu dezaten». Gainera, dio, «zikloetako kopuruak aldatu egin nahi ditugu eta gurean emakume gehiago egotea gustatuko litzaiguke».

Baina helburu horretara ailegatzeko erronka ez dago soilik Lanbide Heziketako arduradunetan. Blancoren esanetan, «familiek, enpresek, erakundeek eta gizarteak berak horren alde egin behar du; izan ere, aurreiritzi asko daude eta  horiek ezabatu behar ditugu: Lanbide heziketan ateak denontzat daude irekita».

Lan mundurako etorkizuna dago, LH-ko zikloetan

«Urte arraroa izaten ari da eta egia da aurten zertxobait konplikatu dela kontua, baina, noski, ikasleek aukera haundiak dituzte lan munduan murgiltzeko, Lanbide Heziketan eskaintzen diren zikloak ikasteagatik». Izan ere, bertan ikasleek ikasketa duala edota enpresetan praktikak egiteko aukera izaten dute, eta askok lan-kontratua lortzen dute praktikaldia amaitu ondoren, enpresara azkar eta ondo egokitzen direlako. «Horregatik, gure eskaintza oso praktikoa da: eginez ikasten dute ikasleek».

 

«Denbora luzea beharko da ohiturak aldatzeko eta norberak egin beharreko lanketa da hori: lanak ez du generorik»

Nerea Segurolak bere bizitzaren norabidea aldatzea erabaki zuen duela bi urte. Estetika zentro batean egiten zuen lan eta bertan izan zen 4 urtez, «baldintza txarrekin». Orain elektrizitatea ikasten ari da: «hau da niri gustatzen zaidana».

 

Nerea Segurola tolosarrak duela bi urte erabaki zuen bere bizitzan 180 graduko aldaketa ematea. Estetika zentro batean egiten zuen lan, eta 4 urte eman zituen bertan. Hala ere, benetan gustatzen zitzaionaren ametsa jarraitzeari ekin zion, eta Sistema Elektrotekniko eta Automatizatuen zikloa ikasten hasi zen. «Ikusi nuen estetikako sektorean baldintza txarrak zeudela eta ez zela langileen lana baloratzen. Soldata minimoa bajua da, eta ordutegiari dagokionez, goizetan eta arratsaldetan egiten nuen lan eta larunbat goizetan ere, batzuetan».

Gainera, zera azpimarratu du: «ez dut uste kasualitatea denik estetika lan egiten duten langileen gehiengoa emakumezkoa izatea, eta ondorioz, baldintzak ere onak ez izatea».

Emakumea den aldetik ez zuen zalantzarik izan elektrizitatea ikasten hasteko, baina harritu egin zen Lanbide Heziketako zentro batean jaso zuen erantzunarekin. «Ikastetxe batera joan nintzen aurrematrikula egitera, eta nire curriculumean ikusi zutenean aurretik estetikako ziklo bat ikasi nahi nuela eta orain elektrizitatea ikastera animatu nintzela, aurrean nuen emakumeak esan zidan salto haundiegia zela eta ez nintzela kapaza izango».

Hala ere, Segurolak aurrera egin eta irtenbidea bilatu zuen. «Hernaniko Lanbide Heziketako zentroan oso gustura nago orain; ez dut arazorik izan eta inork ez dit trabarik jarri emakume izateagatik». Ziur dago lan-munduan ere ondo moldatuko dela, «nahiz eta batzuetan emakumea izateagatik doblea edo gehiago erakutsi behar izaten dugun, ingurukoen maila berean gaudela ziurtatzeko». 

Tolosarrak argi du bere egitekoa zein den eta buru-belarri ari da horretan. «Erakutsiko dut gai naizela eta emakumea izateak ez duela ezer esan nahi. Denbora luzea beharko da ohiturak aldatzeko, baina norberak egin behar du lanketa hori: denek egin dezakegu edozein lan, eta lanak ez du generorik».

Horren atzean lan haundia dago egiteko oraindik. Segurolaren esanetan, «familian, lagunartean, eskolan... mikromatxismoak ikusten dira, eta gizarteak ikusi behar du garaiak aldatu direla eta emakumeak mila gauza egin ditzakeela».  Berak egin duen moduan, ziklo industrialak ikasteko gogoa duten emakumeei mezua luzatu die: «ez zalantzarik izan; damutu behar baldin baduzu, egindako zerbaitengatik izan dadila, eta ez egin ez duzunarengatik».

Segurola tailerrean lanean, erreminta eskutan duela.

 

«Oso pixkanaka, baina egoera aldatzen ari dela uste dut; gero eta gehiago dira ziklo industrialak ikasten dituzten emakumeak»

Ordenagailuko lana eta tailerrekoa konbinatzen dituen zikloa ikasten du Maider Tolosa hernaniarrak. «Oso gustora» dago Lanbide Heziketan, eta argi du «oso aukera ona» dela ikasketak horra bideratzea: «lan-mundurako oso baliagarria da».

 

Fabrikazio Mekanikoko Diseinuaren zikloa ikasten du Maider Tolosak. «Piezak diseinatzen ditugu eta planoak egiten ikasten dugu». Bere burua ez zuen unibertsitatean ikusten, eta Lanbide Heziketako aukera «oso interesgarria» iruditu zitzaion hernaniarrari. «Hernaniko zentroan ikasten zuten lagun batzuen iritziak entzun nituen eta oso positiboak izan ziren. Ez nuen zalantzarik izan, eta oso pozik nago orain».

Gelan neska bakarra da Tolosa. «Hasieran arraroa egin zitzaidan, baina orain normal sentitzen naiz. Ez dut inolako arazorik izan emakume izateagatik». Gainera, dio, generoagatik gertatzen diren ezberdintasun horiek pixkanaka aldatzen ari direla sektore honetan: «Gutxi gara, baina gero eta emakume gehiago matrikulatzen dira Lanbide Heziketan, eta ziklo industrialak ikasten dituzte».

Tolosak ongi daki lana zer den egitea. Ikasketez gain, Ibarluze Poligonoan dagoen Ibarkalde enpresan egiten du lan. Izan ere, Lanbide Heziketak eskaintzen duen ikasketa plan duala egiten du. Ikaskuntza-prozesua konbinatzen du enpresan eta ikastetxean, eta «oso esperientzia ona izaten ari da», azaldu du. «Gehiengoa gizonezkoa da eta hasieran pentsatu nuen lantaldean sartzea zaila izango zela. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka eroso sentitu nintzen eta oso ondo hartu ninduten bertakoek». 

Gainera, Lanbide Heziketako ziklo bat ikastea «oso aukera ona» dela uste du hernaniarrak. «Ikasketa eredua oso praktikoa da eta lan-mundurako oso baliagarria da hori».

Gizarteak duen aurreiritzia aldatzeko eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko, «ezinbestekoa da erakustea Lanbide Heziketan emakumeentzat ere lekua badagoela». Gainera, dio, garrantzitsua dela norberak nahi duen hori egin edo ikastea: «ziko industrial bat ikas nahi baduzu, zergatik ez duzu egingo? Generoak ez du lekurik erabaki horretan».

Ziklo honetako bigarren maila amaitzean, ikasten jarraitu nahi du Tolosak. «Barne diseinua gustatzen zait eta horretan espezializatu nahi dut».  Eta etorkizunari begira, bulego batean egin nahi du lan. «Ikasketekin zerikusia duena praktikan jarri nahi dut: piezak diseinatu, adibidez. Eta, datorren ikasturtean beste ziklo hori eginez gero, biak konbinatzen duen zerbaitetan lan egitea gustatuko litzaidake».

Maider Tolosa tailerrean lanean.

Tolosa ordenagailuan piezak diseinatzen, gero tailerrean eraikitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!