Mendizale Astea astelehenean hasiko da eta bost egun iraungo ditu Biterin

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 30a, 00:00

Iñaki Zuzak eskainiko du lehendabizikoa eta bertan Armeniako natura eta kultur ondarea emango ditu ezagutzera, 19:30etan hasita.

Mendizale Astea datorren astean antolatuko du Mendiriz Mendi elkarteak, Hernanin, astelehenean hasi eta ostiralera arte. Saio bana izango du arratsaldero eta horrela, hainbat abentura eta bestelako gai interesgarri ekarriko dituzte Biteriko aretora, mendiarekin zerikusia duten arlo ezberdinetakoak.

Iñaki Zuzak eskainiko du aurreneko saioa, astelehenean, azaroaren 2an, 19:30etan hasita, Bi­terin. Eta Armeniako natura eta kultur ondarea emango di­tu eza­gutzera Zuzak, aurtengo Men­­di­zale Asteari hasiera emateko. Izan ere, mendiarekin oso lotuta dagoen herrialdea da.

Kaukaso mendikatearen hegoaldean dago Armenia, Europa eta Asiaren artean, eta muga egiten du Georgia, Azerbaijan, Iran eta Turkiarekin.

«Bertako mendi eta baso paisaia harrigarrietan, antzinako eliza eta monasterio ederrak daude», aurreratu du. Eraikin horietako asko, hain justu, Gizateriaren Ondare izendatu ditu Unescok.

 

Mendiko bizikletarekin abentura, Nepalen barrena

Nepalera eramango ditu herri­tarrak, Mendizale Asteko biga­rren proiekzioak. Izan ere, han­go mendi inguruetan bizikletarekin egindako abentura ekarriko du Raul Diazek, bideo emanaldi batekin. Arratsaldeko 19:30etan izango da hori ere.

Mendiko beste atal bati egingo diote lekua asteazkenean, Men­dizale Astearen hirugarren egu­nean. Izan ere, Gipuzkoan eskalada jasangarria egiteari buruz hitz egitera etorriko dira Gipuzkoako Mendizale Federazioaren ordezkariak. .

Angel Beldak eskainiko du osteguneko proiekzioa, azaroaren 5ekoa; baina oraindik ez dute aditzera eman, zeri buruz ariko den. Lehenengo lau saioak 19:30etan hasiko dira, Biterin.

Eta argazkilari onenei sariak, astea bukatzeko eta urteroko hitzordu batekin emango diote bukaera, aurtengo Mendizale Asteari. Ostiraleko hitzordua 18:00etan izango da, Biterin bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!