Garbiketa zerbitzuko kontratuen aldaketa, onartu zen Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 29a, 00:00

Asteartean egin zen pleno telematikoa, eta gai nagusi bat landu eta onartu zen, Udal eraikinen garbiketa zerbitzuko kontratuen aldaketa, hain zuzen. 

Astearteko plenoan, lau puntuko gai-zerrenda zegoen; lehenik, 2020ko irailaren 29an egindako plenoko akta onartzea, bigarren, 2020ko urrian emandako dekretuak 1271-1416 zenbakidunei buruz berri ematea, eta hirugarren puntu gisa, Hernaniko Udal eraikinen garbiketa zerbitzuko kontratuen aldaketa gaia landu zen. Azkenik, erregu eta galderen txandarekin amaitu zen plenoa. 


Astearteko hirugarren puntuari dagokionez, aipatu zen, pandemia egoerak, Udal eraikinen garbiketa sakonago bat eragin zuela, «eta hau finkatzea proposatzen da betiko», adibidez, Udaltzaingoan. 


Ikastetxeetan ere, Covid-19a dela eta, «garbiketa errefortzua» proposatu zen, «komunak garbitzeko» besteak beste.


Proposamen honen aurrean, Podemos abstenitu egin zen, «zerbitzu hau remunizipalizatua izatea nahi dugu, eta aukera  guztietan hala adieraziko dugu» arrazoituz. Hala ere, Hernaniko Udal eraikinen garbiketa zerbitzuetako kontratuen aldaketa onartu zen, bi abstentziorekin eta gainerakoek aldeko botuak emanez. 


Erregu eta galderetan, Hernaniko Udalaren egoera kontatu zen, Covid-19a dela eta. Xabier Lertxundik azaldu zuen neurriak hartu zituztela, «esaterako telelana». Eta lasaitasun mezu bat ere helarazi nahi izan zuen alkateak, «neurri guztiak ditugu hartuta, langileon arteko eta herritarren arteko kontaktuak ekiditen saiatzen ari gara». 


Eusko Jaurlaritzak azken egunotan, neurri berriak jarri ditu, eta Udalak, Hernanin bertan hartuko ziren neurrien berri eman zuen ostiralean. Horrez gain, alkateak jakinarazi du, «berriak dauden heinean komunikatuko dela, eta publikoki ere noski». Azkenik, arduraz jokatzeko deia egin zuen Lertxundi alkateak, «erakundeetatik, herritarrenganaino».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!