Irakurleek sarituko dute aurten, tokiko komunikabideen lanik onena

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 29a, 00:00
Aurreko urtean, TOKIKOM saria irabazi zuen Kronikak, «eduki onenaren» saria jasoz.

Bosgarren urtez jarraian, TOKIKOMek TOKIKOM Sariak emango ditu. Bederatzi finalista daude eta bozka emateko aukera dago, azaroaren 8ra arte.

TOKIKOMek TOKIKOM Sariak emango ditu aurtengoan ere, bosgarren urtez, «toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz».

Sari hauek, TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiako zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.  Jakinarazi dute, bizi dugun pandemia honek, komunikabideen jarduna baldintzatzen duela, «baita sari hauen antolaketa ere». Hori horrela, TOKIKOMek, egokitzapen txiki batzuk egin dizkio sariketaren mekanikari, «egoera berrira moldatuta».

Urtero moduan, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek, hiru sari emango ditu, «azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko». Epaimahai hau, Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatzen dute. «Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 52 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz», hain zuzen.

Laugarren saria, komunitatearena

Aurten, berrikuntza gisa laugarren sari bat emango du TOKIKOMek, Komunitatearen saria izango da laugarren sari hau. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalisten artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, «toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz».

Bozkatzeko aukera, edonork

Bederatzi finalista daude guztira, eta hauek TOKIKOMen webgunean aurkitu daitezke;  tokikom.eus/sariak/2020/finalistak, zein bere sareko komunikabideen webguneetan ikus daiteke, esaterako: kronika.eus/bereziak/tokikom-sariak-2020. Parte hartzeko aukera, azaroaren 8an amaitzen da, eta bozkatzeko orria, honakoa da: tokikom.eus/sariak/2020/bozketa.

Gonbidapena luzatu dute TOKIKOMetik, euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan  parte hartzeko. Eta bertako, Joxe Rojas, Komunikazio Arduradunak honakoa gaineratu du,  «alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babestea eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela  aukeratutako lanen kalitatearekin».

Ezohiko sari banaketa, azaroa amaieran

TOKIKOM Sarien banaketa azaroaren bukaera aldera izango da. Normalki, aurreko edizioaren irabazlearen herrian izaten da sariketa, jardunaldi presentzial batean, baina aurten ere berrikuntzak egongo dira zentzu horretan, osasun eta segurtasun egoera aldakorrek hala behartuta. Sari banaketa honen xehetasunak, egun gutxi barru jakinaraziko dira berriro, Kronikan.

Aurten saririk ez, Kronikak

Aurten ez du saririk irabaziko Kronikak, ez baitago TOKIKOM Sarietako finalisten baitan.

Aurreko urtean, «eduki onenagatik» izan zen saritua Kronika, Urik gabeko urtegi, orain laborategi lanagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!