'Irakurketa erraza' egitasmoa jarri du abian Doberak, euskararen erabilera sustatzeko, besteak beste

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 28a, 00:00

Irakurketa ulermen arazoak dituzten herritarrei, irakurketa eta informazioa hurbiltzea du helburu, beste askoren artean, Dobera Euskara Elkarteak martxan jarri duen Irakurketa erraza egitasmo honek. Izenematea, irekita dago. 

Dobera Euskara Elkarteak, hainbat egitasmo ditu eskuartean, hala nola, mintzalaguna eta irakurketa erraza. Azken hau, egitasmo berri bat da, eta asmoa da, irakurketa ulermen arazoak dituzten herritarrei irakurketa eta informazioa hurbiltzea, hizkuntzaren ezagutza areagotzea eta hiztegia barneratzea, euskararen erabilera sustatzea, euskaraz idatzitako literaturaz gozatzea, besteak beste. 
Irakurketa erraza egitasmoan parte hartuko duten herritarrak, helduak izango dira, «euskara ikasten ari direnak, edo euskara ama hizkuntza dutenak: gaztelaniaz edo frantsesez alfabetatu diren belaunaldientzat (oihura falta, hiztegi arazoak...), euskaraz alfabetatuak izan diren belaunaldientzat, baina euskaraz irakurtzea zaila egiten zaienak edo ohitura falta dutenak, irakurketarako zailtasunak edo ikasketa arazoak dituztenak...». 

Nondik norako egitasmoa
Saio hauetan, 10 laguneko taldean, Irakurketa Errazean idatzitako liburu batean irakurketa konpartitzeaz gain, irakurritakoaren inguruko solasaldiak egiten dira. «Liburuaren edukia hobeto ulertzeko, begiralearen laguntzarekin dinamika ezberdinak landuz». 
Egitasmo honetan lantzen diren  liburuak, «ardura eta ildo bereziarekin» landuko dira. Eduki, hizkuntza eta formari dagokionez, IFLAren, hau da, Liburutegien Erakunde eta Elkarteetako Nazioarteko Federazioa) arauak jarraitzen dira. «Gainera formatu arruntean idatzitako testuak izan ohi dira. 

Doberak jakinarazi du, egitasmoan erabiliko diren liburuak, Hernaniko Liburutegiak eskuratuko dituela. Hori horrela, «saioak iraun bitartean, parte hartzaileek liburuak etxean eduki ahal izango dituzte, baina behin amaituta, liburutegira itzuli beharko dituzte. 
Saioen datak eta iraupena

Liburu bakoitzeko, sei saio egingo dira, eta horretarako astean ordubetez bilduko dira egitasmoko parte hartzaileak. Ostegunetan arratsaldeko 18:30etatik 19:30etara hain zuzen, eta datorren ostegunean emango zaio hasiera, azaroaren 5ean, Biterin. 
Izenematea irekita dago, eta Doberak jakinarazi du, taldea mugatua izango dela, «10 lagun gehienez». Hori horrela, izena eman nahi izanez gero, «lehenbaileen» egitea gomendatu du Doberak, eta jakinarazi du, taldean parte hartzeko konpromisoa eskatuko dela.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!