Gazte Asanbladaren hilerokoa, kalean

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 28a, 00:00

Hernaniko Gazte Asanbladak, Jario izeneko hilerokoa jarri du abian eta jada kalean eta sarean aurki daiteke. 

Hernaniko Gazte Asanbladak, iaztik garatu duen komunikabide proiektuak «bere fruituak eman ditu», izan ere, Jario hilerokoa sortu berri dute. 
Hileroko honen lehenengo zenbakia jada kalean da, «kalean eta sarean». Bertan Gazte Asanbladaren jardueren berri emateaz gain, bestelako edukiak jorratzeko espazioa ere badago, hala nola, erreportajeak, kronika, elkarrizketa eta kolaborazioak, besteak beste. 
Asanbladakoek jakinarazi dute, herriko jende ezberdinaren ekarpenak ere jaso nahi direla, «iritzi forman esaterako, eta arte produkzioak ere izango  du bere atala». 

«Ez gara isiltzen, hitz jario etengabean»
Jario hilerokoaren sorrera,  eta barruan dakartzan edukiei buruz jardun dute Gazte Asanbldakoek, honakoa azalduz: «batzuetan euri jasak bezain beste hitz egiteko gai izaten gara, ez gara isiltzen, hitz jario etengabean. Baina airean galdu izan dira gehienak, gure buruen barrunbeetan, asanbladaren ingurumarietan, edota gaztetxeko zokoetan. Euri-jasak atertzean, odol jarioaren itxura dute gure hitzek, mundu honek ez baitu aukera haundirik utzi, tinta gorriz idazten baita egunerokoa. Odol eta hitz jarioek marrazten dute gure jarduna, eta berau jasotzera dator Jario, Hernaniko Gazte Asanbladaren Hilerokoa». 


Jario hilerokoak, Gazte Asanbladaren hitza eta honen inguruko albisteak jasoko ditu, «Hernanin zein Euskal Herrian gertatzen denaren inguruan sakontzeko aukerak, kideen ekarpen artistikoak, eta asanbladako zein herriko iritziak». 

Jario hilerokoak, ateak irekita ekarpenetarako 
Hernaniko Gazte Asanbladak atera berri duen hileroko honetan, edonork egin dezake ekarpena, eta sortzaileek gainera, animatzeko deia luzatu dute. Interesa izanez gero, jario.hilerokoa@gmail.com helbidera idatziz.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!