«Ez ziguten gure jokoa egiten utzi, eta bost segundu beranduago zabaltzen genuen jokoa»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 27a, 00:00

Beñat Iradi Hernaniko kapitainak Les Abellesekoari intsignia oparitu zion, klubaren izenean. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

Beñat Iradik, Hernani Errugbi Taldeko kapitainak,  dioenez, «partiduak gure tokian jarri gintuen, nahiz eta merezi igoera lortzea. Min ematen du azken unean galtzeak, izorratu egiten dizu, eta jendea burumakur zegoen partidua amaituta».

Hernanik Ohorezko Mailan jokatzeko helburuarekin bidaiatu zuen Villanueva de la Cañadara, baina nahia ez zuen lortu, puntu bakarrarengatik. Galtzea beti da gogorra, baina moduak ere eragin haundia du. Igandean modu gordinean galdu zuten, igoera esku-eskura zutela. Beñat Iradi kapitainak dioen bezala, «horrelako partidua galtzeak izorratu egiten dizu eta gehiago aurretik joanda eta azkenean galduta. Min egiten du, jendea burumakur zegoen».

Hala ere, bere alde ona ere badu, ikusita hasiera batean partidu hau eta igotzeko aukera hau ez zegoela aurreikusita. «Bigarren mailan jokatzeko prestatzen ari ginen, hau opari bat bezala etorri zitzaigun, merezi genuen igotzea, baina partiduak gure tokian jarri gintuen, eta uste dut Ohorezko mailara igo izan bagina, pasa den urtekoaren gogortasun berdina edo gehiago izango zuela gurtezat. Orain buruan genuenarekin, ahalik eta ondoen aritu bigarren mailan, jarraitu behar dugu, prestatu aurtengo urtea».

«Aurreko denboraldian jokalari askok erreta amaitu zuten»

Jokalarien artean hitz egin zuten, bilera batean, partidua jokatzeari baiezkoa eman aurretik; eta aurrean zer aurkituko zuten ongi ezagutzen zuten. «Ohorezko Mailak sakrifizio maila haundiagoa eskatzen du. Prestakuntza fisiko haundiagoa behar da partidu eta aurkariei aurre egiteko. Hori bagenekien, errespetu gehiago emango zigun, jaitsi ez eta Ohorezko Mailan geratuz gero, aurreko urtea errepikatzeak. Bai fisikoki eta bai buruarentzako, oso urte gogorra izan zen, eta jokalari askok erreta amaitu zuten. Hori ez genuen nahi».

«Guk ere ez genuen asmatu gure jokoa egiten»

Igandeko partidua gogorra izan zen, eta haizeak ere baldintzatu zuen partidua. «Haizeak indar haundia zuen. Uste genuen touchetan okerrago ibiliko ginela, baina gureak irabazi eta beraien gehienak ere gureganatu genituen. Hori bai, ostikadentzako aurreneko zatia gure alde genuen, eta etekin pixka bat atera genion; baina bigarrenean, haizea kontra, beraiek aprobetxatu zuten. Euria egiten zuen, baina belar artifiziala zen, eta ezin zen lokaztu. Nik nahiago dut horrelako freskurakin jokatu, beroarekin baino».

Norgehiagoka ez zen distiratsua izan, eta Les Abellesen joko nahasia nagusitu zela baieztatu du Beñat Iradi kapitainak. «Rucketan beti erdian beraietako bat zegoen. Ez ziguten uzten gure jokoa egiten, eta erreta amaitu genuen. Bost segundu beranduago zabaltzen genuen baloia. Horrek moteldu egin zuen  gure jokoa. Hortik aurrera, ez genuen asmatu gure jokoan,  eta bukle batean sartu ginen. Hor sufritu egin genuen».

Animoak baino gehiago, jokalaria lasaitu egin behar izaten da horrelako patiduetan

Kapitainak badu epailearekiko eta jokalariarekiko eginbehar berezia, eta igandean lan gehiago izan zuen, partidu garrantzitsua izanda. «Taldekideak oso berotuta zeuden. Lan asko eduki nuen jendea isilarazten. Hasieratik epaileari hizketan ibili zenik bazegoen, eta hori gero baten kalterako izan daiteke; ez badiozu egoera horri buelta ematen jai duzu. Jendea gogotsu zegoen, eta animatu baino beharrezkoagoa izaten da jokalaria lasaitzea».

Orain asteburuari begira dago taldea, igandekoa lehenbailehen hazteko. «COVIDak uzten baldin badu, horri begira gaude, denboraldi berria da guretzat, desberdina, jokoa eta taldeak ere desberdinak direlako».

 

Anartz Elosegi ongi geratu zuten Les Abelleseko jokalariek

Hernaniren jokoaren indargunetako bat hiru lerrokoen azkartasuna eta mugikortasuna da. Hegalekoak, erdikoak eta Anartz Elosegi atzelaria saiatu ziren Les Abellesen lerroa puskatzen, baina behin bakarrik lortu zuten, eta ia beti gelditu egin zituzten hernaniarrak. Anartz Elosegik bi puntu lortu zituen entsegu baten transformazioarekin, eta beste jaurtiketa bat huts egin zuen. Haizea etsai izan zuen, ostikoak jokatzeko garaian.

Les Abelleseko hegalekoak Anartz Elosegi plakatzen. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

 

Beroketa, hiru ordu lehenago hotelean

Beroketa lanak egin zituzten jokalari hernaniarrek, hotel inguruan. Hiru ordu geratzen ziren partidua hasteko, baina Hernaniko jokalariek bazekiten partiduaren garrantzia haundia zela, eta oso serio hartu zuten aurrekoa, partiduan behar bezala sartzeko. Giharrak prestatu zituzten beroketan.

Hotel inguruan baloiarekin ariketak egiten. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

 

Mikel Bidegarayk pasea Colladori, eta lehenengo entsegua

Lehendabiziko hamar minutuetan Les Abellesekoak aurreratu ziren, baina hamargarren minututik aurrera Hernani nagusi izan zen lehenengo zatian. Les Abelleseko lehenengo enseguari azkar erantzun zioten Mikel Bidegaray eta Mattin Colladok. Uztartzean azkar atera zuen baloia Mikel Perezek Di Filipporentzat, honek Pello Perezekin jokatu zuen, eta Bidegarayk bakarrik utzi zuen Mattin Collado, partidua berdintzeko.

Mikel Bidegarayk ihes egin dio defentsari, eta Colladori pasatzeko prest dago, abantailan. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

 

Igor Etxeberriak beti egiten du min

Igor Etxeberria 'Peitx' taldeko jokalari beteranoetako bat da, eta taldeko erreferentzia. Beste behin min haundia egin zuen aurkariaren lerroetan, erdiko jokalariak, baina igandean ezin izan zuen hirugarren entsegurik lortu, nahiz eta behin eta berriz saiatu. Hiru laurdenek ez zuten aukera askorik izan.

Igor Etxeberria aurkariengandik ihes egin nahian. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

 

Aurrelarien borrokan lan haundia izan zuten hernaniarrek

Aurrelariek lan asko izan zuten Les Abellesekoen jokoaren aurrean. Jokoa etengabe mozten zuten, eta horrek kalte egin zion Hernaniren joko azkarragoari. Bi taldeek zigor kolpe asko egin zituzten, eta epaileak lan asko izan zuen. Baloia ongi gorde zuten momentu batzutan aurrelariek, baina ez nahi beste. Les Abelleseko aurrelariak azkar saiatzen ziren behera botatzen hernaniarrek eraikitzen  zuten lerroa, eta ezin zioten jarraipenik eman.

Aurrelarian arteko lehia oso borrokatua izan zen, eta zigor kolpe asko egon ziren. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

 

'Xabo' Garmendia bueltan da

Azken bi urteak oso zailak izan dira Xabier 'Xabo' Garmendiarentzat, lesioen ondorioz. Apenas jokatu du partidurik, baina  Villanueva de la Cañadan jokatu zuen, eta %100ean osatuta dagoela erakutsi zuen. Hirugarren lerroko jokalariak lan haundia egin zuen hegaleko sakeetan.

 

'Xabo' Garmendia, alboko sakean baloia hartzen. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!