PALA

Garaipen garrantzitsua, partidu ezin estuagoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 27a, 00:00

30-29 irabazi zuten Irazustabarrenak eta Arrietak, ostiralean. Mutilek, bi partidu jokatu eta biak galdu dituzte asteburuan.

Asteburu berezia izan da pasa dena, bailarako palistentzat, Gipuzkoako Txapelketan. Atseden asteburua ezarri zuen federazio­ak, COVID-19aren eraginez atzeratuta zeuden partiduak jokatu ahal izateko. Horietako bat zen Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarrek jokatu behar zutena,  Su Berri 1 taldearen kontra; eta ostiralean izan zuten: azkeneko tantoan lortu zuten garaipena hernaniarrek (30-29), partidu ezin estuagoan.

Zirraragarria bezain gogorra izan zen partidua, ordu eta erdikoa. Aurretik izan ziren hernaniarrak partidu osoan, baina berdinketa ugari ere izan ziren. Azkeneko txanpan egin zuten ihes berriro Irazustabarrenak eta Arrietak (27-20), baina jokoan serio eta tanto ederrak eginez, berriro berdintzea lortu zuen Su Berriko bikoteak (29-29); eta azkeneko tantoan jokatu zuten dena: Arrietak bukatu zuen, tanto ederrarekin, garaipen garrantzitsua lortzeko.

Mutil nagusietan, aldiz, jokatutako bi partiduak galdu zituzten hernaniarrek. Lehenengo mailakoek, Danok Bat taldearen kontra galdu zuten ostegunean, kiroldegian (10-25). Eta bigarren mailakoek, ezin izan zuten Pagazperen kontra, larunbatean, Aginagako frontoian (19-25).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!