Esku pelota

Paul Ojuelen lesioagatik, asko zaildu zaie txapelketa nagusiei

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 27a, 00:00

Txorkatila bihurritu zuen Paul Ojuelek, eta ezin izan zuen partidua bukatu.

Oso zaila daukate azken faserako pasea, Ohorezko Mailan.  CD Hernaniko beste lau bikote sailkatu dira.

Azkeneko fasera gerturatzen ari da Gipuzkoako Txapelketa, eta dagoeneko lortu dute horretarako pasea, bailarako hainbat esku pelotarik. CD Hernanik, lau bikote sailkatu ditu, dagoeneko.

Nagusien hirugarren mailan, partidurik galdu gabe lortu dute pasea Xabier Salaberriak eta Xabier Ortiz de Urbinak, ostiralean Zumaian irabazi ondoren (22-19). Kadeteetan, berriz, hiru bikotek egin dute aurrera. Bigarren mailan, Unax Manterola eta Manex Martin sailkatu dira, larunbatean Hernanin galdu zuten arren, Azkoitiaren kontra (20-22). Eta hirugarren mailan, bi bikote sailkatu dira azkeneko fasera; biak ere, partidurik galdu gabe: Aiur Elizazu eta Auritz Txintzurreta, eta Xuban Iturbe eta Markel Urdangarin. Elizazuk eta Txintxurretak, 22-18 irabazi zioten Zumaiari, larunbatean; eta Iturbek eta Urdangarinek atsedena zeukaten.

Zailagoa daukate, ordea, na­gusien Ohorezko Mailako esku pelotariek. Alegian zeukaten par­­tidua, Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak; eta 2-9 galtzen ari zirela, txorkatila bihurritu zuen Ojuelek. Ezin izan zuen partidua bukatu, eta 2-22 emaitza eman zieten. Horrela, asko zaildu zaie semifinaletarako pasea, jardunaldi bakarra falta denean.

Txapelketako beste bost partidu ere jokatu dituzte asteburuan, hernaniarrek. Nagusietan, 22-16 irabazi zuten Arrietak eta Labakak, Orion; baina galdu egin zuten Arizmendik eta Altunak, Azkoitiaren kontra (10-22). Jubeniletan, 22-11 irabazi zioten Apaolazak eta Jarak, Tolosari; eta jokatu gabe lortu zuten garaipena Arluziagak eta Laboak, Aretxabaleta ez zelako aurkeztu. Eta kadeteetan, azkenik, 22-5 galdu zuten Deskargak eta Urdanpilletak, Oiartzunen, Oiarperen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!