ATLETISMOA

Euskadiko txapeldun Gasteizen, Amaiur Velez eta Mikel Campos

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 27a, 00:00

16 urtez azpikoetan, urrezko bi domina kolkoratu zituen Camposek, eta urrea eta brontzea Velezek.

Aurreko asteburuan jokatu zituzten, Gasteizko Mendizorrotzako atletismo pistan, 16 urtez azpikoen Euskadiko Txapelketak. Bertan izan ziren bi hernaniar, Amaiur Velez eta Mikel Campos; eta bina dominarekin bueltatu ziren. Lautik hiru izan ziren urrezkoak, gainera.

100 metroko eta 300 metroko probetan nagusitu zen Mikel Campos. 11,62 segundutan osatu zuen 100 metroko proba, eta aurrea hartu zion Ismael Busto galdakoztarrari (11,79). 300 metrokoan, berriz, 40,56 denbora egin zuen hernaniarrak, eta tartearekin lortu zuen garaipe­na, 43,17 egin bai­tzuen Ivan Suarez bigarren sailkatuak.

Amaiur Velez, berriz, luzera jauzian izan zen Euskadiko txapeldun, 4,94 metroko saltoare­kin. 4,88 eta 4,76 metroko beste bi salto ere egin zituen, eta atzetik izan zuen Maialen Rey santurtziarra, 4,81 metrorekin biga­rren. 300 metroko proba izan zuen bestea, Velezek ere, eta horretan, brontzezko domina kolkoratu zuen, 49,79 denborarekin.

Hain justu, 300 metroko pro­ban lehiatu da asteburu honetan Velez, Espainiako Txapelketan. Ezin izan zuen finalera sailkatu, baina 48,48 marka lortu zuen Castellonen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!