Hernanik ez du aurten Ohorezko Mailan jokatuko, 12-13 galdu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 26a, 00:00

Hernaniko jokalariak partidua hasi aurretik bilduta zelaian.

Les Abelles talde valentziarrak lortu du, Villanueva de La Cañadan, Bathcoren postua eta hernaniarrek Ohorezko B mailan aritu beharko dute asteburutik.

Hernanik gertu izan zuen Ohorezko Maila, baina ez zen posible izan. Igoerako partiduan, 12-13 galdu zuen atzo Valentziako Les Abellesen aurka, Villanueva de las Cañadan, eta horren ondorioz datorren asteburutik aurrera Ohorezko B mailan jokatu beharko du.


Helburua ez lortzea gogorra izan zen jokalari, zaletu eta errugbi elkartearentzat partidua nola joan eta nola erabaki zen ikusita. Eguraldi ezin okerragoan, haizea eta euria etengabe egin zuen, Hernanik 12-10 irabazten zuen hiru minuturen faltan. Hala ere, Les Abellesen zelaian baloia galdu zuen Hernanik eta valentziarrek zigor kolpea baliatu zuten hernaniarren 22ko barruan. Ez zuten huts egin eta bi munutu falta zirela 12-13 aurreratu ziren valentziarrak. Hernanik, erdiko zelaitik atera zuen baloia, baina ez zuen lortu lapurtzea eta partidua irabazteko ametsa eta igoera bere zelaian amaitu zen. 

Nagusi jokoan, baina haizea, Les Abelles eta norberaren akatsak aurkari gogorrak
Hernanik gehiago eduki zuen bere eskuetan baloia eta esan liteke gehiago jokatu zela Les Abellesen zelaian, baina akatsak ere nabarmenagoak izan ziren hernaniarren aldetik. 


Lehendabiziko zatian haizearen alde jokatu zuten trikoloreek eta hori nabaritu zen batez ere 15garren minututik aurrera. Ordura arte talde bakoitzak entsegu bana egin zuen -bederatzigarren minutuan Les Abellesek eta 12garrenean Hernanik Mattin Colladoren eskutik- eta partidua zazpina zegoen berdinduta.


Lehendabiziko 40 minutuak amaitu bitarte, Hernani nagusi zen eta partidua puskatzeko aukera ere izan zuela esan liteke. Aldiz, nagusitasun hori ez zen puntuetan gauzatzen eta 37garren minutura arte ez zen iritsi bigarren entsegua. Betiko aurrelarien jokaldi batean Mikel Perezek 12-7 jarri zuen markagailuan eta aurkaria menpean zuten. Azken minutu horietan hirugarren entsegua gertu izan arren ez zen iritsi. 


Bigarren zatian eguraldiak okerrera egin zuen eta haizearen aurka jokatu zuten Polidoriren mutilek. Hasi eta berehala Colladok txartel horia ikusi zuen eta 12-10 jarri ziren valentziarrak. Gorria ere ikusi zuen Erroizenea aurrelariak, baina markagailuari ongi eusten zion Hernanik. Azken minutuetan entsegutik gertu ere egon ziren, baina azkenengo zorigaiztoko jokaldiak igoerarik gabe utzi zituen hernaniarrak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!