Udala

Hernani eremu gorrian sartu da eta neurri zorrotzagoak ezarri dira

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 25a, 00:00
Eskola kirola oraindik ez da hasiko

Jarduera fisikoa eta kirolaren eremuan, bertan behera geldituko dira Udalak antolatzen dituen ikastaroak: kiroldegikoak eta Biterin eskaintzen direnak; dantza, yoga eta taichi. Halaber, eskola kirola ere ez da oraingoz hasiko.

COVID-19aren intzidentzia tasa asko areagotu da asteotan eta eremu gorrian sartu dira Hernani eta Astigarraga. Eusko Jaurlaritzak birusaren hedapena gelditzeko asmoz, azaroaren 5a arte, neurri bereziak jarri ditu indarrean Hernanin eta beste 24 udalerrietan.

Hauek dira Eusko Jaurlaritzaren gomendio nagusiak laburtuta: udalerritik ez mugitzea beharrezkoa ez bada, gizarte eta familiarteko topaketak elkarbizitza talde egonkorrean soilik egitea eta beste guztiak atzeratzea edo bertan behera uztea eta maskara beti erabiltzea.

Hernaniko Udalak eskaintzen dituen zenbait zerbitzutan eragina dute neurri berri hauek. Hala, jarduera fisikoa eta kirolaren eremuan, bertan behera geldituko dira Udalak antolatzen dituen ikastaroak: kiroldegikoak eta Biterin eskaintzen direnak; dantza, yoga eta taichi. Halaber, eskola kirola ere ez da hasiko egoera honek dirauen bitartean.

Haur parkeak eta parke publikoak 21:00ak arte egongo dira irekita.

Kaleko igogailuetan gehienez bi pertsonek joan ahalko dute.

Udalak hernaniarrei dei egiten die arduraz jokatzeko. Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioei eta Udaltzaingoak ematen dituen aholkuei jaramon egiteko eskatu du. Datorren astean berrikuntzak etor litezke alarma egoerarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!