Sega

«Sentsazio oso onak dauzkat, baina bakarrik aritzea gauza bat da eta aurkariekin bestea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00

Iñigo Merkader segalaria txapelketa batean.

Julen Gabirondo, Iban Pardo eta Mikel Lizartzarekin batera ariko da bihar Jauregin, 12:00etatik aurrera, Iñigo Merkader segalari hernaniarra Euskal Herriko 1go Sega Sail Txapelketan. 1.000 metro karratu moztu beharko dituzte ahalik eta azkarren.

Jauregi jatetxeko belardiak Euskal Herriko 1go Sega Sail Txapelketa hartuko du  bihar, eguerdiko 12:00etatik aurrera.  Belarra ez da pisatuko eta azkarren mozten duenak irabaziko du lehenengo txapela hau. Parte-hartzaileen artean Iñigo Merkader hernaniarra ariko da, etxetik gertu, auzoan. Bere aurkariak izango dira Iban Pardo, pasa den urteko azkartasunean txapelduna, Julen Gabirondo txapeldun ordea eta Mikel Lizartza. Emakumezkoetan, Irati Astondoa, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi izango dira lehian.

 

- Nola iritsiko zara prestatuta txapelketara?

- Saio batzuk egin ditut eta sentsazio oso onak dauzkat. Hala ere, bakarrik aritzea gauza bat da eta kontrarioak dauzkazunean aurrean beste bat.

 

- Azkartasuneko txapelketetan arituak zarete segalariak behin baino gehiagotan, kiloak neurtzeko txapelketetan ere bai, baina txapelketa hau berria da ezta?

- 1.000 metro karratu moztu behar ditugu eta hemen ezin da azkarregi hasi. Azkar joanez gero atzean moztu gabeko belarra utzi dezakezu eta horrek esan nahi du atzera bueltatu behar duzula eta honela segundo asko galtzen dira.

 

- Nolatan animatu zara txapelketan parte-hartzera?

- Berez Jon Otegi zen ateratzekoa, baina lanean min hartu omen du, niri esan zidaten ea animatuko nintzen parte-hartzera eta animatu naiz. Saio batzuk egin ditut eta ongi sentitu naiz.

 

- Arraunak segarekin entrenatzeko denbora kenduko zizun.

- Bai noski. Lehen esan bezala kapritxora udaran egin ditut saio batzuk. Konfinamendu garaian ere entrenamendu batzuk egiteko aukera ere izan nuen. Baserrian bizi naiz eta horren aukera izan dut, baina ez noski astean lauzpabost aldiz txapelketak prestatzen aritzen zarenean bezala. Arraunak asko laguntzen dizu sasoia mantentzen. Hauspoa lantzen da, nahiz eta teknikoki ez daukaten zer ikusirik eta teknikoki ariketa oso desberdinak diren. Hala ere, auspo aldetik oso ongi nago eta orain gimnasia pixka bat egin behar dut, posturak hartu eta agujeta batzuk pasa.

 

- Txapelketa honek, animatuko al du Iñigo Merkader berriz ere segan maizago aritzea?

- Beti esan dut sega ez dudala utzi. Hor dago eta edozein momentuan ekingo diot berriz sega jardunari. Oraindik ere 30 urte ditut eta arra hor dago. Ez dut baztertzen eta are gutxiago lan ona egiten badut.

 

- Nola ikusten duzu biharko txapelketa? Ba al dago faboritorik?

- Pardo eta Julen Gabirondo dira hautagai nagusiak. Julen oso indartsu dago eta garai onean dago. Pardok pasa den urtean erakutsi zuen maila haundia duela eta gai dela Gabirondori aurre egiteko.

 

- Lantegia berria da. Horrek eragina du?

- Bai noski. Gero ere ikusi behar da aurkariak segan zenbat aritu diren. Txapelketarik ez egoteak entrenamenduak murrizten ditu eta seguru aukerarik ez dutela izan egunero edo bi egunetik behin entrenatzeko. Horrek ere aldea sortzen du.

 

- Ikusmina sortuko du txapelketak nahiz eta kopurua murriztua egon.

- Nik uste baietz. Uste dut 600 ikusle sartu daitezkeela.

 

- 600 ez da gutxi.

- Sinatuko nuke 600 pertsona hurbiltzea.

 

- Nola antolatu dira sailak?

- Lehendabizi neskak ariko dira eta behin neskak amaituta guk ekingo diogu lehiari. 400 metro karratu ebaki behar dituzte eta 200 metroko bi sail prestatuko dira. Guk 1.000 metro karratu moztu beharko ditugu eta 200 edo 250 metro karratuko sailak izango dira. Denak batera lehiatuko gara, laurak batera.

 

- Zein izango da zure laguntzailea?

- Zorroztaile bat izango du segalari bakoitzak eta nire aita eramango dut laguntzaile. Gero bi belar biltzaile egongo dira bakoitzarekin, nireak Matxain lehengusua eta lagun bat, eta hemen egongo da berrikuntza nagusiena. Aurkariaren biltzailea egongo da segalari bakoitzarekin.

 

- Ba al dago Hernanin beste segalaririk?

- Momentu honetan ez. Etxean Basozabalgo Jokin Urretabizkaia ibili da entrenatzen, Astigarragakoa da Suharri, Urnietakoa Gabirondo, baina hernaniarrik ez. Kirol oso polita da, baina jende asko behar da ondoan, entrenamendu asko, herramintak behar dira eta ez da erraza. Ea honekin jendea animatzen den  eta gastu gutxiagorekin segalari gehiago irteten diren.

 

«Azken bi urteetan sega alde batera utzita arraunean ibili naiz»

Iñigo Merkader arraunean ibili da azken bi urteetan. Zaletasuna aitarengandik datorkio.  Bere aita Jose Luis eta osaba Miel Kontxako txapeldun izan ziren Lasarte-Michelinekin 1973an eta arraunlari sonatua izan zen aita urte askotan. 

- Azken bi urteetan arraunean ibili zara Donostiarran. Segarik hartu al duzu? 
- 2019 eta 2020an sega alde batera utzia izan dut. Etxean (Arkaizpe baserrian) ibiltzen naiz belar mozten, baina ez naiz txapelketak prestatzen ibili orain arte. Sega haundiarekin kiloetan apenas aritu naiz.

- Arraunean zer moduz aritu zara?
- Aurtengo urtea arraro xamarra izan da. Hilabete dezente pasa behar izan ditugu etxean ergometro gainean entrenatzen bakarrik. Alde horretatik ez zait hain gogorra egin segan ere bakarrik asko entrenatzen baita.  Buruz eramangarria egin zitzaidan, baina       arraunean hasi berria izanda behar nuena uretan denbora aritzea zen eta aukera hori ez dugu izan. Uretan ordu asko galdu ditugu eta nik hori behar nuen, sekreturik ez dago.


- Pozik emaitzekin?
- Estropadak jokatu ditugu eta gustora aritu naiz. Esperientzia ona da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!