Gertaera

Lapurreta izan zen ostegun gauean, Harresi tabernako biltokian

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00

Gertaeraren gaineko salaketarik ez da izan oraindik, baina egonez gero, ikerketa irekiko duela adierazi du Hernaniko Udaltzaingoak.

Atzo eman zen jakitera ostegun gauean gertatutako berria. Kale Nagusian dagoen Harresi tabernako biltokian lapurreta izan zen, eta atzo eguerdian Ertzaintza eta Udaltzaingoa gerturatu ziren bertara. Ordu gutxitara zabaldu zen gertaera herrian, baina Udaltzaingoak Kronikari jakitera eman dionez, oraindik ez du inork salaketarik jarri. Hori horrela, ez dute ikerketa ireki oraindik. Halere, salaketa jarriz gero kasua aztertuko dutela adierazi dute.
Vodafone telefono dendaren parean dago tabernako biltokia eta antza denez, ondoko portaletik sartu eta almazena hustu zieten tabernakoei. Nonbait biltokia eta etxeko portala konektatuta daude, eta lapurrak bertatik sartu ziren. Esan moduan, salaketarik ez dute jarri, baina ertzainak eta udaltzainak lanean ari dira, gertatutakoaren berri izateko.

Ostegunean izandako gertaera horretaz gain, azkenaldian ere hainbat lapurreta izan dira herrian. Duela aste batzuk auto bat lapurtu zuten Atzieta kalean, eta abandonatuta agertu zen ordu batzuk geroago, hainbat kolpe larriekin. Eta Andre Kalen ere lapurreta izan zen denda batean,    duela hilabete inguru. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!