«Gure ustetan, sortu ditugun kantak edo bertso sortak, ari dira euren bidea egiten»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00
Manex eta Eli Pagoa anai arrebek, Bertso Musikatuak diska atera berri dute, eta azaroaren 7an egingo dute aurkezpena estreinakoz, Ereñotzun.

Eli eta Manex Pagola anai arrebek, Bertso Musikatuak izeneko diska atera berri dute, eta azaroaren 7an eskainiko dute lehen kontzertua estreinakoz, Ereñotzun. Euren proiektuaren berri eman diote, Kronikari.

Atera berri duzue Bertso Musikatuak izeneko diska, nondik dator ideia? Noiz sortu ziren proiektu honen erroak?

E.P.: Konfinamendua etxe berean pasa genuen, eta ordu asko izan ziren. Hor jolas moduko bat egin genuen, kanta bat egitean oinarritzen zena. Nik bertso batzuk egin nituen, eta eskatu nion Manexi, hauek musikatzeko, eta hasiera batean, hau guztia jolas gisa hartu genuen. Hala ere, kasualitatea izan zen, jolas hau egin eta pare bat egun igaro ostean, Berriatik deitu zidatela, bertso batzuk egiteko. Orduan, Manexekin batera egin nituen bertso musikatuak hautatzea erabaki nuen, eta elkarrekin egitea erabaki genuen, modu landuago batean. Eta hor egin genuen bertso sorta bat, musikatua izango zena.

M.P.: Ondoren lehiaketa bat atera zen, Quarenttona bertso kantatuen lehiaketa hain zuzen. Eta ordurako buruan geneukan nondik jo, beraz aurkeztu egin ginen. Gainera hirugarren abestiarekin, lehiaketa hau irabazi genuen.

E.P.: Azkenean aspalditik geneukan proiektu hau buruan, ez bere horretan, baina aspalditik planteatu genuen, elkarrekin zerbait egitea. Manex musikan ibili da eta ibiltzen da, eta ni berriz letretan. Eta lehiaketa atera zenean, bi abesti bageneuzkan, hor erabaki genuen, lehiaketara  aurkeztea hirugarren sorta batekin. Eta lehiaketa horretan irabazitakoarekin, diska ateratzea pentsatu genuen. Nahi genuen konfinamenduko argazki bat, CD formatuan, hau islatzen zuen zerbait.

Nola izan zen diska ateratzeko erabakia?

E.P.: Lehiaketan aurkeztu eta gero, hasi ginen pentsatzen diska nola egin, zenbat abesti sartu... eta  erabaki genuen bost bertso musikatu egitea. Baina esan bezala, konfinamendutik etorritako jolas gisa hasi zen proiektu hau. Esan bezala, lehiaketako diruarekin diska ateratzea pentsatu genuen.

Autogestio bidez funtzionatzen duzue, zer moduzkoak izan dira grabaketak, letrak egitea...

M.P.: Egiten genuena zen, bien artean zehaztu, zein izango zen melodia, eta abestiaren estruktura edo. Honela Elik, bertsotan

nola egin jakingo zuen. Eta gero neuk, instrumental guztia egiten nuen. Hala nola; gitarra, baxua, biolina, alboka, txalaparta, elektronika, güiroa eta zintzarria. Orduan egiten genuen, nik zati instrumentala egitean, gero Elik letra sartu eta abestia osatzen genuen. Orduan grabaketako azken zatia letra zen, hori aparte eginik. Bi lan independiente egiten genituen, aurrez zehaztuta zer egin, eta ondoren dena batera jarri.

Anai arrebak izanik, zer suposatzen du edo nola sentitu zarete, elkarrekin honelako proiektu bat egin duzuela jakitean?

E.P.: Gure senide harremana berezi xamarra da, ez gara askotan egoten elkarrekin. Orain bai, proiektu hau eskuartean daukagulako, bizi dugun egoeragatik eta azkenean herrialde berean gaudelako. Baina, ez dut uste asko eragin gintuenik anai arreba izateak. Azkenean konfinamenduan kontaktu gehien geneukan pertsonarekin egin genuen hau guztia, eta hori nire anaia zen.

M.P.: Lehen aipatu moduan, aspalditik geneukan pentsatuta zerbait egitea elkarren artean, eta konfinamendu garaia etorri zenean, momentu aproposa iruditu zitzaigun, biak etxe berdinean sartuta, elkarren artean zerbait egiteko aukera ezin hobea suertatu zitzaigun.

Bertso Musikatuak diskako abestiek, zer kontatzen dute?

E.P.: Nire ustetan, gai desberdinak lantzen saiatu nintzen, bai egia da, orain ikusten dudala, momentu hartan kontatu nahi nituen istorio eta gauzak zirela. Azkenean bertso guztiak dira hilabete batean sortutakoak, eta  gaiak badira momentuan gertatzen ari ziren gauzei buruzkoak edo.

Azaroaren 7an estreinakoz, aurkezpena Ereñotzun, nola zaudete?

M.P.: Bai, elkarrekin egiten dugun lehen emanaldia izango da azaroaren 7koa. Gogoz gaude, kontzertua eskainiko dugu. Gaueko 22:00etan hasiko gara kontzertuarekin, Ereñotzuko frontoian. Leku zabala da eta pentsatzen dugu edukiera aldetik ez dugula arazorik izango. Hala ere, hori Ereñotzuko Auzo Udalak kudeatuko du, aurrez sarrerak hartu behar diren, eserlekuen distantziak zenbatekoak izango diren... hori ez dago gure esku. Eta kontzertuaren egunean bertan, diskak salgai jarriko ditugu.

Aurreikusita daukagu Durangon kontzertua, abenduaren 7an izango da, eta oraingoz hori da daukagun bakarra. Aurrerago ez dakigu zer etorriko den, azkenean gure hasierako asmoa ez zen kontzertuetan ibiltzea, diska atera nahi genuen eta gertukoei oparitu.

Gainera, esan beharra dugu, aurtengo Hitzetik Hortzera telebista saioko musika gure albumetik ateratakoa dela.

E.P.: Hasieran, bi diska atera nahi genituen, bat Manexentzat eta bestea niretzat. Kontua da gaur egungo sistema honetan, merkeagoa dela 100 CD ateratzea, bi ateratzea baino. Eta behin CD hauek eginda, ingurukoei banatu genizkien, eta oso emaitza ona izan zuen. Gure ustetan, kantak edo bertso musikatuak ari dira beraien bidea egiten.

Apurka-apurka goaz, egoeraren arabera. Ereñozutik deitu gintuzten kontzertua egiteko eta onartu egin genuen. Ez dizkiegu proposamen berriei ateak itxiko.

6 bertsoko sortaren lehen estrofa, 'Ezkondu nintzanian IV' doinuarekin

Auskalo non eta noizko
lagun agurgarri
zuretzako propio
hamar bertso jarri
azalduz diru gose
kontsumo egarri
gure bizimoduak
ordaina ekarri
digunera arte nola
inor ez zen larri
ea ez diren zure
entretenigarri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!