Zaintza lanak demokratizatzeko, lehenengo jardunaldia gaur Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 23a, 00:00

Bi saio antolatu dituzte Beterri-Buruntzako Udalek eta Emaginek. Gaurkoa Milagrosan izango da eta biharkoa Biterin. Izena eman behar da, aurretik.

Beterri- Buruntzako Udalek eta Emaginek bi jardunaldi antolatu dituzte Hernanin, zaintza lanak demokratizatzeari begira. Sortu den ikerlan hau, Beterri-Buruntzaldeako zaintzaileen egoeraren eta dauden baliabideen gaineko diagnostikoa da. Hori horrela, ikerketari buruzko azalpenak emateko eta zaintzaren egoerari buruz hitz egiteko jardunaldiak antolatu dira Hernanin, eta gaur izango da lehena. Milagrosan egingo da jardunaldia, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bitartean. Bigarrena, aldiz, bihar izango da Biterin, 10:00etatik 14:00etara. Itzulpen zerbitzua egongo da eta, hortaz, euskeraz eta gaztelaniaz izango dira saioak.

Zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena lau helburu nagusirekin sortu du Emaginek: zaintzari buruzko iruditeria eta bere balioa ezagutzea; zaintzaileen egoera eta beharrak ezagutzea;  zaintza lanak sozializatzeko eta kolektibizatzeko bide berriak sortzea; zaintza lanetan daudenen aitortza, auto-afirmazioa eta ahalduntze prozesuak laguntzea.

 

Gaurko eta biharko jardunaldiek, hiru helburu

Diagnostikoa egin eta eraldaketarako proposamen batzuk bildu ondoren, jardunaldiak antolatu­ dira gaur eta bihar Hernanin.  Hiru helburu dituzte saio hauek: diagnostikoa ezagutaraztea eta gaiarekiko interesa piztea; eskualdean eraldaketa prozesua abiarazteko interesa eta prestutasuna dutenak saretzea eta antolatzeko mugarri izatea; eraldaketarako proposamenak herritarrekin kontrastatzea. Jardunaldietara joateko izena eman behar da aurrez, emagin.eus-en edo 943 590 902 telefonoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!