Gemma Sangines

«Historikoki errepresio garai bat bizi dugu, eta hori ez da amaitu oraindik»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 23a, 00:00

Jaiotzez bilbotarra da Sangines, baina Valentzian bizi da orain eta katalana eta euskera ikasi ditu. Hizkuntza-asertibitatea lantzeko tailerra eskainiko du gaur Biterin, 17:30etatik 20:00etara bitartean. Izena eman daiteke, aldez aurretik.

Zer dira TELP ikastaroak?

Izenak katalanez Taller D'espai Lingüistic Personal esan nahi du. Bakoitzaren espazio linguistikoa lantzeko tresna bat da. Sortzaileak psikologoak gara eta psikologiaren ikuspegitik pentsatzen genuen hizkuntza gutxituek zer­­bait egin behar genuela egoera­ aldatzeko. Tailer hori herrialde­ katalanetan sortu zen, baina 2006garren urtetik Euskal Herri­an konferentziak egiten eta ikastaro hau ematen hasi ginen.

Tailer hau hizkuntza-asertibitatea lantzeko tresna bat da. Nahi dugun moduan jokatzeko gizarte gaitasun bat erakusten ahaleginduko gara. Hori da, hain zuzen ere, modu orokorrean, asertibitatea. Mehatxurik gabe eta modu erosoan jokatzean datza. Adibidez, norbaitek azterketa baino egun bat lehenago apunteak eskatu eta zuk ezetz esaten jakitea da asertibitatea. Are gehiago, aitzakiarik gabe eta modu zuzenean eta errespetuz, ezetz esaten jakitea da. Arazo hori askotan izaten dugu eta garrantzitsua da hori lantzea. Ez du zerikusirik jatorra izatearekin; alderantziz, besteak zer pentsatuko duen beldurrik izan gabe, norberaren pentsamenduaren eta nahiaren arabera modu ireki batean jokatzean datza.    

 

Zergatik dago horrelako tailerrak sortzeko beharra?

Ez garelako herrialde «normal» batean bizi. Euskaldunon eskubide linguistikoak murriztuta daude eta ez dugu bidea hain argi ikusten. Ikastaro honen sortzaileek detektatu genuen betiko hiztunetan eroso sentitzen ez diren egoera asko sortzen direla egunerokotasunean, hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia zutenak. Alegia, hizkuntza gutxitua dutenen pentsamenduan aurreiritzi asko daude eta horrek eragiten du egunerokotasuneko edozein egoeratan deseroso sentitzea. Horren harira, esan beharra dut administrazioan lan haundia dagoela egiteko hizkuntzaren normalizazioaren alde, baina hiztunok ere badugu zeregina horretan.

Adibide moduan jarriko dugu, esaterako, herrian bertan azal-kolore beltza duen pertsona batekin topatu eta zer galdera egin pentsatu beharrean, lehenengo gauza izatea gure buruari galdetzea ea euskeraz jakingo duen ala ez. Hori oso neketsua da.

 

Zehazki zer landuko duzue?

Azalpen psikologikoa ikusiko dugu lehenik. Hau da, ikasiko dugu ea euskal hiztunei zergatik gertatzen zaizkigun aurretik aipatutako egoera horiek. Gero, kasu horiei aurre egiteko zer baliabide ditugun landuko dugu, bakoitzaren beharraren arabera. Eta azkenik, hizkuntza-asertibitatea zer den ere ikasiko dugu. Horretaz gain, ariketa praktiko bat ere egingo dugu ostiraleko saioan. 

 

Nola antolatuko duzue ikastaroa?

Lehenengo zatian, presentziala izango den horretan, aurrez aipatutako alde teoriko hori landuko dugu. Eta bigarren zatian, berriz, 7 orduko jarraipena izango da. Webinar (web eta seminarioa) baten bidez egitea espero dugu. Horrek lau atal izango ditu: eredu estrategikoa zer den; arrakastaren egunerokoa zer den eta nola landu ikasiko dugu. Honetan errefortzu positiboa oinarri duten aldaketak identifikatzen ikasiko dugu; alderdi kognitiboa martxan jarriko dugu, argudioak eta aurreiritziak lantzeko eta, azkenik, hausnarketa atala izango dugu. Esperientziak mahaigainean jartzea eta elkarbanatzea izango da bigarren atal honetako azken helburua. 

 

Nori dago zuzendua?

Ez dago adin zehatzik ikastaroan parte-hartzeko. Baldintza bakarra da kontzientzia linguistikoa izatea: euskeraz bizi nahi izatea.

 

Zergatik da ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea hain haundia?

Historikoki errepresioa bizi izan genuen garai batean, eta hori ez da amaitu gaur egun. Gainera, eredu asertibo gutxi ditugu, aurrez esan dudan moduan. Eta horretaz gain, aurreiritzi asko ditugu. Askotan pentsatzen dugu, adibidez, polizia bati euskeraz hitz egiteagatik zer gertatuko den. Edo medikuarengana joan eta itxura latinoamerikarra duelako, euskeraz jakingo ote duen edo ez galdetzen diogu gure buruari. Eta guztien artean penagarriena da kasu batzuetan pentsatzen dugula euskeraz egitea edukazio txarrekoa dela...

 

Zer da ‘estres linguistokoa’?

Oso kontzeptu sinplea da. Adibide batekin azalduko dugu: frantsesa baldin bazara eta Frantzian bizi bazara, frantsesez hitz egingo duzu eta listo. Baina hizkuntza gutxitua dugunoi gertatzen zaiguna da, aurrez-aurre norbaitekin bagaude, burutik pasatzen zaigun lehenengo gauza izatea aurrean dugun horrek euskeraz ulertuko didan ala ez. Ulertuko al nau? Zer hizkuntzatan? Erabaki permanente horrek nekea sortzen du, eta egoera bakoitzean sistematikoa da. Zigor moduko bat da, oso neketsua... Eta guk, gizakiok, zigorrak saihestera ohitura gaude eta, beraz, errazena egiten dugu askotan: zuzenean  erderaz hasi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!