Mintzalaguna Doberan izateko atea zabalik

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 21a, 00:00

Talde batzuk elkartzen hasi dira eta euskeraz hitz egin nahi duenak aukera badu talde desberdinetan.

Mintzalagun egitasmoa martxan da eta ikasturte berriaren hasiera aukera ezin hobea izan daiteke egitasmo honetan parte hartu nahi duenak izena emateko. Horretarako aukera urte osoan dago. Jada, Mintzalagun talde batzuk elkartzen hasiak dira. Gaur egun 60 bat lagun daude izena emanda, 10 taldeetan banatuta. 

Mintzalaguna euskeraz hitz egin ohi duten pertsonak euskeraz egin nahi duten pertsonekin euskeraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean... euskeraz aritzeko, euskeraz bizitzeko.

Bi modutara parte hartu daiteke, euskera praktikatuz eta euskera praktikatzen lagunduz. Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira:

Euskeraz komunikatzeko gutxieneko maila izan behar da. Astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Euskeraz dakiten herritarrak ere behar dira, laguntzaile gisa aritzeko Astean ordu bete eskaintzea nahikoa izaten da normalean, eta ez da behar inolako maila teknikorik, euskeraz jakitea eta beste batzuekin esperientzia elkarbanatzeko gogoa izatea, besterik ez.

Aurten ere spota egin da eta ondorengoa da lotura: https://labur.eus/mintzalaguna-iragarkia.  

 

'Irakurketa erraza' egitasmoa ere martxan, Doberak eta Udal Liburutegiak

Bestetik, Doberak eta Udal Liburutegiak Irakurketa erraza egitasmoa ere jarri du abian. Irakurketa-ulermen arazoak dituzten herritarrei irakurketa eta informazioa hurbiltzea da helburua.

Saio hauetan, 10 laguneko taldean (gehienezko kopurua), irakurketa errazean idatzitako liburu baten irakurketa konpartitzeaz gain, irakurritakoaren inguruko solasaldiak egiten dira. Liburuaren edukia hobeto ulertzeko, begiralearen laguntzarekin dinamika ezberdinak lantzen dira.

Hasiera data azaroaren 5ean izango da eta saioak ostegunetan izango dira, 18:30etatik 19:30etara. Biteri da elkartzeko tokia eta izena ematera animatzen da. Horretarako dobera@dobera.eus helbidean, www.dobera.eus webgunea edota 943 33 27 99 - 662 406 693 telefonoak erabili daitezke.­ 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!