Ondo jokatu arren, Euskadiko Ligako lehen jardunaldia galdu egin zuen talde hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 00:00
Hiru joko galdu eta bakarra irabazi zuten hernaniarrek Gasteizen, Euskadiko Ligako lehen jardunaldian.

3-1eko emaitza lortu zuten hernaniarrek Gasteizen. Lehia bizia izan zen pistan, baina hiru joko galdu zituzten Hernanikoek, eta bakarra irabazi. Hiru jokalari lesionatuta dauden arren, laster taldea orekatzea espero dute, lanean jarraitzeko. 

Talde hernaniarrak Euskadiko Ligako lehen partida jokatu zuen larunbatean Gasteizen. Liga hasierari aurre egiteko baja dezente izan zituen; izan ere, momentu honetan bi jokalari errekuperatzen ari dira, ebakuntza izan zutelako. Gainera, hirugarren jokalari bat lesiotik ateratzeko zorian dago eta, beraz, 3 jokalariren faltan hasi zuten denboraldia. Hala ere, astebete edo hamabost egunera hasiko da entrenatzen lesionatuta dagoen hori, eta pixkanaka plantilla errekuperatzea lortuko dute.

Lehen partida honetan bi jokalarik egin zuten bere aurkezpena; bata Jokin Moreiro izan zen libero postuan, eta bestea berriz, Eneko Mitxelena, erasotzaile lanetan. 

«Irudi ona eman bagenuen ere, ez genuen garaipena lortu»
Ondo moldatu ziren hernaniarrak ligako lehenengo partidan. Hala ere, markagailua 3-1 itxi zen Gasteizen. Lehen jokoan, ohiko estrategia aldatzea erabaki zuten, sare erdiko jokalari bat besteriz ez zutelako. Gainera, moldaketa hori egiten ez bazuten, jokoan errotazioa derrigorrezkoa denez, jokalari hau atzean egonik aurreko lerroa erdiko babesik gabe geratzeko arriskua  zuten. Hala ere, estreategia ondo atera eta lehen jokoa 25-16 izan zen, etxekoen alde.

Bigarren jokoan, postu aldaketa pare bat egin ondoren, taldea betiko joko modura itzuli zen eta jokoa oso borrokatua izan zen. Saiakera haundia egin zuten hernaniarrek, baina akats erabakigarriak egin zituzten, eta 25-23 galdu zuten jokoa. Atsedenaldian indarrak hartu eta pistara indarrez sartu ziren, zirt edo zarteko asmoarekin, garaipena Hernanira ekartzeko asmotan. Sekulako maila erakutsi zuten eta 8-20 aurreratu ziren markagailuan. Minutuek aurrera egin ahala, zertxobait erlaxatu ziren, baina emaitza beraien aldekoa izan zen argi eta garbi,  17-25eko markagailuarekin.

Hirugarren jokoaren ostean partida 2-1 jarri zen. Lehia bizia izan zen Gasteizen, Euskadiko Ligako lehen garaipena jokoan zegoelako. Horregatik, laugarren jokoa oso parekatua izan zen eta erakustaldi bikaina eman zuten bi taldeek partidako azken txanpan. Hala eta guztiz ere, zortea ez zen hernaniarren alde egon. Behar baino akats gehiago egin zituzten eta azkenik, berriro ere 25-23 galtzea suertatu zen. Ondorioz, 3-1 amaitu zen partida. 

Hernaniar jokalari guztiek onartu zuten, beraiek galdu zutela partida. Izan ere, saihesteko aukera zuten zenbait akats egin zituzten norgehiagokan. Hala eta guztiz ere,  maila ona eman zuten kantxan, eta lanean jarraituko dute.  Gainera, azken hilabeteetan entrenatzeko izan dituzten zailtasunak kontuan izanda, eta jokalarien bajak daudela ikusita, datozen jardunaldietan emaitza hobeak izango dituztela aurreikusten da. 

2 jokalariren debuta izan zen Gasteizen, titular modura 
Lehen partida honetan titular modura bi jokalarik egin zuten bere aurkezpena. Bata Jokin Moreiro izan zen, libero postuan; eta bestea, berriz, Eneko Mitxelena, erasotzaile lanetan. Estreinaldi bikaina egin zuten biek, eta  ederki moldatu ziren pistan. 
Hernaniko taldeak honako jokalarien aldeko apustua egin zuen, alineazioa osatzeko: Jokin Moreiro, Aitor Lizarazu, Adrian Les, Eligio Rodriguez, Iñaki Nagore, Patxi Aguiar, Hans Romero eta Eneko Mitxelena. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!