Pala

Asteburu zaila nagusietan, jokatutako lau partiduetatik hiru galduta

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 00:00

Balerdik eta Otaegik lortu zuten garaipen bakarra. Porrota jaso zuten mutil nagusien bi taldeek, eta Eizmendik eta Urdangarinek.

Partidu asko jokatu dituzte asteburu honetan, Urumea bailarako palistek, bereziki Hernaniko kiroldegiko frontoian; eta irabazi ere, asko irabazi dituzte. Baina ez, hala ere, nagusien mailan: asteburu zaila izan dute, eta jokatutako lau partiduetatik hiru galdu dituzte.

Haien artean, Balerdik eta Otaegik lortu dute garaipen bakarra, Atauni 30-23 irabazita, neska nagusien bigarren mailan. Lehenengo mailan, porrota jaso zuten Eizmendik eta Urdangarinek, Su Berriren kontra (19-30); eta bertan behera geratu zen Irazustabarrena eta  Arrietarena, COVID-19 kontuak tarteko. Mutiletan, berriz, galdu egin zuten Lujanbiok, Ramosek eta Zubimendik, lehenengo mailan, Altzatarraren kontra (7-25); eta Zurutuzak, Arandiak, Agirrek eta Manterolak osatzen duten taldeak, bigarren mailan, Atxur­bideren kontra (13-25).

Neska jubeniletan, berriz, bi derbi jokatu dituzte asteburuan. Batetik, elkarren kontra aritu dira bi bikote hernaniar: Tolaretxipik eta Barrenetxeak 30-5 irabazi zieten, Arruti eta Martinezi. Eta bestetik, Iriondo eta Miner hernaniarrak 30-13 nagusitu ziren, Arraras eta Zugasti astigartarren kontra. Beste partidu bat ere izan zen, kategoria horretan: Kerejeta eta Macicior hernaniarrek, erraz irabazi zuten kiroldegiko frontoian, Intxurreren kontra (30-3). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!