Euskal Herriko 1go Sega Sail Txapelketa Jauregi jatetxeko belardian antolatu da

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 00:00
Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' pasa den urteko urrian, Jauregin, antolatu zen desafioan.

Igandean gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketa jokatuko da 12:00etatik aurrera eta bertan Iñigo Merkader hernaniarra ariko da. Ez da belarra pisatuko eta 1.000 eta 400 metro karratuko sailak moztu beharko dituzte ahalik eta azkarren.

Jauregi baserri eta jatetxeko belardiak Euskal Herriko 1go Sega Sail Txapelketa hartuko du  igandean, eguerdiko 12:00etatik aurrera.  Almitza Sega Elkarteak antolatuko du eta bertan 1.000 eta 400 metro karratuko sailak ebaki beharko dituzte, lau gizon segalarik eta lau emakumezko segalarik. Belarra ez da pisatuko, azkarren mozten duenak irabaziko du lehenengo txapela hau.

Partehartzaileen artean Iñigo Merkader hernaniarra ariko da. Arkaitzpe baserriko semeak, etxetik gertu, auzoan, belarra mozteko aukera izango du udaran zehar Donostiarraren bigarren traineruan arraunean ibili ondoren. 

Gizonezkoei dagokionez bere aurkariak izango dira Iban Pardo, pasa den urteko azkartasunean txapelduna, Julen Gabirondo txapeldun ordea eta Mikel Lizartza. Emakumezkoetan, Irati Astondoa, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi izango dira lehian. Iazko lau finalistei egin zitzaien gonbidapena baina Jon Otegi ezingo da bertan egon.

Bi ekitaldi bakarrik antolatu dira orain arte segan
Covid-19ak baldintzatutako egoera berri honetan, herri kirolak orokorrean eta, segalaritzak bereziki, oso egoera zaila bizi du.
Almitza Sega Elkartetik, aurtengoan bi ekitaldi antolatu dituzte nazioarteko moduan, Usurbil eta Zaldibian. Bestalde, herri kirol federazioak urtero antolatu ohi dituen sega txapelketak, bertan behera geratu dira.

Almitza Sega Elkartetik, hainbat segalari eta sega munduko hainbat eragilerekin bildu, eta aukerak aztertu ondoren antolatu dute igandeko sega txapelketa. Nahiz eta txapelketa ofizialtzat onartua ez izan aurten antolatu den txapelketarik garrantzitsuena izango da partaidetza bikainarekin.

Berrikuntzez beteriko iraupeneko txapelketa
Txapelketa egitura honek, hainbat berrikuntza dakartza ohiko sega txapelketekiko. Ez da belarrik pisatuko, baina iraupeneko lana izango da. Helburua, saila ahalik eta azkarren, baina txukun ebakitzea izango da. Segalari bakoitzak bina belar biltzaile izango ditu, ebaki ahala gerta litezkeen huts egiteak bistaratzeko, eta epaileak momentuan adierazitako akatsak, segalariak maila ebaki eta hurrengora itzulerakoan txukundu beharko ditu.

Araudia, edozeinen eskura egongo da, baina osasun egoerak eskatzen dituen baldintzak betetzeko, segalari bakoitzak laguntzaile-zorroztaile bakarra izango du. Segalariko bi biltzaile bakarrik izango dira eta epaile bat segalariko.

Elkarren artean hiru metroko segurtasun tartea gordeko dute lehiak dirauen bitartean. Ekitaldiaren hasiera, 12:00etan izango da. Lehenik emakumezkoak lehiatuko dira eta beraien lana 20-25 minutu ingurukoa izango dela aurreikusten da. Bost minutuko atsedenaldiaren ondoren, gizonezkoen txapelketari emango zaio hasiera eta honek, 35-40ko iraupena izango du asko jota. Segalariak lanak bukatu ahalako ordenak, momentuan ikusaraziko ditu txapelketaren emaitzak.  


'Larra' eta 'Basozabal'en apustua eta gero Jauregi berriz, modan 

Badirudi antolatzaileak Hernaniko belardian txapelketak egiteko pausoa eman dute eta hemendik aurrera etorkizun polita izan dezake. 

Herri kirolen munduan Jau­regi Jatetxeak badu historia haundia. Garai batean Ernio­pean zeuden belardiak ziren apustuen kokaleku nagusia. Aia, Asteasu, Zizurkil, Tolosa, Beizama, Azpeitia, Zestoa eta Aizarnazabal ziren apustuak hartzen zituzten herriak, baina, behin Jauregi jatetxea martxan jarrita, erreleboa har­tu zuen Hernaniko belardiak. 

80garren hamarkada amaitu zenean eta mende berriarekin batera Jauregi bigarren mailan geratu zen eta gauza gutxi antolatu ziren, baina azken hiru urteetan badirudi gauzak animatzen hasi direla berriz eta etorkizun polita izan dezake segalariak bertara itzultzen badira. 2018ko apirilean;  Roxario Pikabea eta Jon Ariz­mendi aritu ziren korrika eta aizkoran, ez segan, Jauregiko parkinean, baina auspoa eman diona pasa den urtean Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Larra-ren arteko apustua izan da. Jendetza bildu zen eta belardia primeran zegoen. Dudarik gabe, bere eragina zuzena izan da Jauregin berriz ere sega txapelketa bat ikusteko. Leku ezin hobea da eta txapelketa desberdinen antolatzaileak eta federazioak Jauregin pentsatu dezakete euren konpetizioak egiteko. 

Almitzak aurretik antolatu izan du txapelketa Jauregin bertan. 2010eko abuztuaren 28­an jokatu zuten Bixente Mitxe­lena eta Jexux Mari Goenaga euskaldunek Alexan­der Sch­mit eta Stefan Heinz ale­mani­arren aurka. Bakoitza orduerdiz ari­tu zen Bikote euskaldunak, bien artean, 2.053,50 kilo ebaki zituen. Bikote alemaniarrak, berriz,  1.850,50. 6.000 euro jokatu zituzten eta 300 bat pertsona bildu ziren. 

Mende honetan baita ere, beste apustu bat jokatu zen Jauregin segan. Euskal Herriko lau segalari onenetariakoak, hoberenak ez esatearren, binaka lehiatu ziren. 2005eko irailean Juan Ma­nuel Erasun eta Mikel Ara­naldek Bixente Mitxelena eta Jexux Mari Ormaetxea Urki garaitu zituzten. Txanda librean irabazleek 5.193 kilo ebaki zituzten eta galtzaileek, 5.126,50 kilo. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!