Armenia zein Nepaleko abenturak edota eskalada jasangarria, Mendizale Astean

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 00:00
Mendiko bizikletarekin Nepalen bizitako abenturak ezagutaraziko ditu lagun talde batek, azaroaren 3an, Mendizale Astean. Argazkia: Mannapurna (Facebook)

Azaroaren 2tik 6ra antolatu du aurtengo Mendizale Astea, Biterin, Mendiriz Mendi elkarteak. Iñaki Zuza, Raul Diaz eta Angel Belda izango dira hizlari, besteak beste; eta argazki lehiaketaren sariak ere banatuko dituzte.

Bertan behera utzi behar izan ditu irteerak, oraingoz behintzat, Mendiriz Mendi elkarteak; bai­na elkarrekin mendira joango ez diren garai honetan, mendizaletasuna ekarriko dute Biterira, beste urte batez. Izan ere, Mendizale Astea bai, antolatu du elkarteak. Azaroaren 2tik 6ra egingo dute, eta saio bana izango du arratsaldero.

Horrela, hainbat abentura eta bestelako gai interesgarriak ekarriko dituzte Biteriko aretora, mendiarekin zerikusia duten arlo ezberdinetakoak.

Armeniako natura eta kultur ondarea, ezagutzera
Iñaki Zuzak eskainiko du aurreneko saioa, astelehenarekin, arratsaldeko 19:30etan hasita, Bi­terin. Eta Armeniako natura eta kultur ondarea emango di­tu eza­gutzera Zuzak, aurtengo Men­­di­zale Asteari hasiera emateko. Izan ere, mendiarekin oso lotuta dagoen herrialdea da.

Kaukaso mendikatearen hegoaldean dago Armenia, Europa eta Asiaren artean, eta muga egiten du Georgia, Azerbaijan, Iran eta Turkiarekin. «Bertako mendi eta baso paisaia harrigarrietan, antzinako eliza eta monasterio ederrak daude», aurreratu du. Eraikin horietako asko, hain justu, Gizateriaren Ondare izendatu ditu Unescok.

Mendiko bizikletarekin abentura, Nepalen barrena
Nepalera eramango ditu herri­tarrak, Mendizale Asteko biga­rren proiekzioak. Izan ere, han­go mendi inguruetan bizikletarekin egindako abentura ekarriko du Raul Diazek, bideo emanaldi batekin. Arratsaldeko 19:30etan izango da hori ere.

«Joan den udazkenean egin genuen Nepalera bidaia, mendiko bizikletarekiko zaletasuna daukagun lagun batzuk. Eta bidaia horretan, Manaslu eta Annapurnako trekkingak egin genituen bizikletan, 17 egunetan zehar», azaldu du Diazek.

Etapa horietan, «hainbat bidezidor malkartsu» ere gainditu behar izan zituzten, pedalei eraginez. «Abentura zoragarria» izan zela nabarmendu du Raul Diazek, eta egun horietan ateratako argazkiekin eta grabatutako bideoekin, ikusentzunezko muntaia bat prestatu dute, Mendizale Astean eskainiko dutena. «Gure esperientzia zuekin partekatu nahi dugu», azaldu du.

Facebooken ere eman dute abenturaren berri, Mannapurna izeneko orrialdean. Egunez egun bizitakoa kontatu dute ber­tan, abenturako protagonistek.

Mendizale astean hizlari izango da Angel Belda, beste behin.

Eskalada jasangarria hizpide, Gipuzkoako Mendizale Federazioak
Mendiko beste atal bati egingo diote lekua asteazkenean, Men­dizale Astearen hirugarren egu­nean. Izan ere, Gipuzkoan eskalada jasangarria egiteari buruz hitz egitera etorriko dira Gipuzkoako Mendizale Federazioaren ordezkariak. Aurrekoak bezala, Biterin izango da hori ere, arratsaldeko 19:30etan hasita.

«Eskaladaren joko eremua ingurune naturalean dago. Fauna eta flora espezieekin batera bizi gara, interes geologikoa duten lekuetan jarduten dugu, eta baita balio kultural haundiko arkeologia aztarnategiak dituzten zonaldeetan ere», azaldu dute. Horregatik diote, «gure betebeharra» dela hori guztia errespetatzea. Eta era berean, diote pertsona askoren lantokia eta bizilekua ere badela landa ingurunea: «beraz, bizikidetza­rako oinarrizko arau batzuk erres­pe­tatu behar ditugu».

Hori guztia lantzera dator Gipuzkoako Mendizale Federazioa, Biterira: «eskalatzaileok sustatu behar dugu ingurumena errespetatzen duen eskalada, epe luzera gozatu ahal izateko». Eta jakinarazi dute, «guztiz eguneratu dutela», duela urte batzuk argitaratu zuten dekalogoaren edukia. Hori horrela, eskatu dute bertan emandako aholkuak jarraitzea, eskalatzerakoan.

Angel Beldak eskainiko du osteguneko proiekzioa, azaroaren 5ekoa; baina oraindik ez dute aditzera eman, zeri buruz ariko den. Aurrekoak bezala, Biterin izango da hori ere, arratsaldeko 19:30etan.

Gaztetxoei dominak eta argazkilari onenei sariak, astea bukatzeko
Eta urteroko hitzordu batekin emango diote bukaera, aurtengo Mendizale Asteari. Ostiraleko hitzordua 18:00etan izango da, Biterin bertan, eta saio bikoitza prestatu dute.

Hasteko, gaztetxoak izango dira protagonista, proiekzio berezi batekin. Izan ere, gaztetxo­en irteeretako irudiak jarriko dituzte, aurten normalean baino gutxiago izan badira ere. Eta ondoren, dominak banatuko dizkiete, irteeretan parte hartu duten gaztetxo guztiei.

Ostiraleko saioaren bigarren zatia, berriz, argazki lehiaketari eskainiko diote: sari banaketa egingo dute bertan. Bost sari banatuko dituzte aurten: Hernaniko argazki onena, men­diko argazki onena, paisaia baten argazki onena, argazki he­rri­­koiena, eta bilduma onena. Sa­ritu bakoitzak, 75 euro eta tro­feoa jasoko du.

Argazki herrikoiena aukeratzeko, 15 argazki aukeratuko dituzte epaimahaikideek; eta ondoren, ostiralean, bertaratutako herritarrek bozkatuko dute zein duten gustukoen. Boto gehien jasotzen dituenak eskuratuko du bosgarren sari hori.

Eta Mendizale Astea bukatzeko, proiektatuko dituzte elkarteak urtean zehar egindako jardueretako argazkiak, ostiralean bertan, dominak eta sariak banatu ondoren.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!