PSE-EEk pandemiaren aurkako neurriak areagotzea proposatu du

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 18a, 00:00

Beste proposamenen artean, talde sozialistak maskarillak doan banatzea proposatu du, eta kontzientziazio-lanak egiteko ere eskatu du.

Ricardo Crespo talde Sozialistaren bozeramaileak Hernaniko Udalak COVID-19ren aurkako borrokan jarrera «proaktiboagoa» hartzea defendatu du; eta horretarako, hainbat neurri proposatu dizkio gobernu taldeari. Besteak beste, eremu sentikorrak etengabe desinfektatzea eskatu du alderdiak: autobus eta tren-geltokiak, eta sarbide libreko eraikin publikoen guneak. Instalazio publikoetan ordutegiak moldatu eta garbitasuna areagotzeko proposamena ere luzatu du, talde sozialista «kezkatuta» agertu delako azkenaldian Hernanin ematen ari diren kutsatze kopuruarekin. «Gipuzkoa mailan kutsatuen kopuru  altuenetarikoak ditugu udalerrian, baina zorionez eta dirudienez, intzidentzia txikiagoa da».

PSE-EEk haurrentzako parkeetan eta toki estrategiko batzuetan gel hidroalkoholikoa banatzeko gailuak kokatzea proposatu du. Hala nola, garraio publikoko geltokietan eta plazetan. Modu honetan, «herritarrek eskuak desinfektatu ahal izango dituzte eta pertsonak leku publikoetan kutsatzeko arriskua jeitsiko da».

 

Maskarillak doan banatzea proposatu du alderdiak

Sozialistek EH Bilduko udal gobernuari eskatu diote maskarilla banatu diezaietela udalerriko biztanle «ahulenei».  Egoera ekonomiko ahulean dauden familien artean dohanik banatu dezala eskatu du alderdiak, eta gainerako herritarrei ere bana banatu diezaietela proposatu du. «Uste dut koalizio subiranistak maskarilla kirurgikoak pandemian zehar pentsiodunei, langabetuei, errenta baxuak dituzten pertsonei eta ERTEengatik kaltetutakoei doan banatzeko aukera aztertu beharko lukeela», azpimarratu zuen alderdiko bozeramaileak.

Azaldu zutenez, Hernaniko PSE-EErentzat maskarillak banatzea eta gel hidroalkoholikoak jartzea ez dira gastu bat udalerriarentzat, «inbertsio» bat­­ baizik. «Biztanleria koronabi­rusaren aurrean babestuago da­goen heinean, kutsatutako per­tsona gutxiago egongo dira eta gure herriak aurrera jarraitu ahal izango du bere merkataritza eta ostalaritza establezimenduekin, etekin osoz zerbitzua emanez, susperraldi ekonomikotik ger­tuago egoteko eta enplegua bermatzeko», adierazi zuen Crespok.

Eta garrantzitsuena sozialisten ustez, kontzientziazio-kanpaina bat egitea da. «Udaltzainek egin beharreko ekimena da, tabernetako terrazetan maskarilla erabil dezaten kontsumitzen ari ez direnean, edo gazteentzako lokaletan eta elkarte gastronomikoetan osasun-segurtasuneko neurrien ezagutza indartzeko egin beharko litzatekeena. Kanpaina hori indartu egin beharko litzateke Berriak merkatarien elkartearekin lan eginez, Hernaniko merkatariek argi izan ditzaten eta aplikatu beharreko osasun-neurrien ezagutza indartzeko; bai eta neurri horiek indartu ere, horretarako kartel berezi batekin», azaldu dute.

Eta azkenik, udalerriko kirolariei eskatu diete, batez ere korrikalari eta hiriko txirrindulariei, oinezkoekiko ahalik eta distantzia haundiena mantentzea. Izan ere, beraientzat ez da derrigorrezkoa maskarilla erabiltzea kirola egiten duten bitartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!