Zehar Kablea taldeak eta Nagore Legarretak, arte sorkuntzarako beka

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 00:00
Uxue Bereziartua, Aitor Altuna, Koro Etxeberria, Uxue Amonarriz eta Nagore Legarreta, atzo, Biteriko kanpoaldean.

'Belarribero, bai esan?' webseriea garatuko du Zehar Kableak, eta 'Ibaia ez da toki bat' argazkilaritza proiektua Nagore Legarretak.

Atzo aurkeztu zituen Hernaniko Udalak, 2019ko arte sorkuntzarako bekaren irabazleak. Eta bi dira beka jasoko duten proiektuak, aurtengoan: Zehar Kablea sormen taldearena, eta Nagore Legarreta argazkilariak aurkez­tutakoa. Zehazki, webseriea garatuko du Zehar Kableak, Belarribero, bai esan? izenekoa; eta Ibaia ez da toki bat argazkilaritza proiektua gauzatuko du Na­gore Legarretak.

 

Sexualitatea «umoretik eta euskeraz lantzeko aitzakia», Zehar Kablearen webseriea

Uxue Amonarriz, Aitor Altuna eta Uxue Bereziartua dira Zehar Kablea taldea osatzen dutenak. Lehenago ere, bestelako proiektuak egin dituzte, sormen diziplina ezberdinetan; baina au­­rrenekoa dute webserieen arloan. «Sei kapitulu izango dira, 10-15 minutukoak; eta kontatuko ditu enpresa berezi eta xelebre batean lan egiten duten lau emakumeren bizipenak. Langileak dira hiru, eta nagusia bestea; laurak, adin tarte ezberdinetakoak. Eta hori izango da aitzakia, sexualitatea lantzeko umoretik eta euskeraz, gure ikuspegitik», azaldu zuten.

Behin behineko gidoia osatu dute dagoeneko, eta zuzenketa fasean dago orain. Datorren urteko martxoan edo apirilean hasi nahi dituzte grabaketak, eta iraila edo urria aldera estreinatzea da asmoa, ikasturte berria hastearekin batera. Oraingoz, lantaldea osatzen ari dira: «badago jendea gogoa daukana horrelako proiektuetan parte hartzeko, eta egin behar duguna da hori mugitu», diote.

Webseriea izanik, noski, internet bidez zabalduko dituzte kapituluak, estreinatzen dutenean; baina leku fisikoren batean ere emanaldiak antolatzeko aukera ere badaukate buruan; Biteriko aretoan, esaterako.

 

Urumea ibaia erdigune eta herritarrak protagonista, Legarretaren proiektuan

Amonarriz, Altuna eta Bereziartua zoriondu nahi izan zituen Nagore Legarretak berak, atzoko aurkezpenean: «poza ematen du belaunaldi berriak ikustea, horrelako lanetan». Eta ondoren, bere proiektua aurkeztu zuen, argazkilari hernaniarrak. Aurretik egindako beste bi proiektuk jarri zuten oraingoaren hazia, «orduan konturatu ez banintzen ere». Horietako bat, Urumea ibaian egin zuen, Loiola eta Astigarraga artean: «garai hartan Ereñotzun bizi nintzen, eta beti izan dut konexio emozional oso berezia Urumea ibaiarekin». Horregatik hasi zen, ontziekin egindako kamarekin argazkiak egiten ibaian: «eta oso irudi bereziak lortu nituen».

Hortik bideratu du, orain arte sorkuntzarako beka jaso duen proiektua, eta bi zati izango ditu. Batetik, tailerra egingo du, herritarrekin: «ontziekin argazki kamarak egiteko tailerra izango da; eta hori, bere horretan, sekulako esperientzia da. Etxean dauzkagun produktu ezberdinen latak erabiliko ditugu, eta argazkilaritza primitibora bueltatzea bezala izango da. Baina harrigarria da horrekin argazkiak ateratzeko esperientzia. Txuri-beltzeko argazkiak dira, esposizio luzekoak, eta egungo kamaren oso ezberdinak. Argazkiekin magia egitea bezala da».

Horixe izango da bigarren zatia, Urumea ibaira joan eta argazkiak ateratzea: bakoitzak erretratatuko ditu, ibaian berarentzat bereziak diren tokiak. «Horrela, istorio txikiekin haundiago bat osatuko dugu».

Hernaniko «eremu ezberdi­netan» egin nahi ditu tailerra­ren saioak, eta horregatik, Ere­ñotzun izango da bat, eta Hernanin bertan bestea. «Abendua eta Aste Santua bitartean izango dira horiek», aurreratu du. Eta dagoeneko luzatu die deia herritar guztiei, saio horietan parte hartzeko: «adin guztietako jendeak hartu dezake parte, eta ez da ezer jakin behar argazkilaritzari buruz».

Eta proiektuaren bigarren zatia, Bira Produkzioakekin batera garatuko du: «ibaiak nola ikusten gaituen erakutsiko digute beraiek. Hori ere, pieza artistiko bat izatea eskatu diet. Eta ondoren, euskarri digitalean jarriko dugu dena ikusgai».

 

2020ko deialdia, laster

2019ko deialdira aurkeztu zirenei, eskerrak eman zizkien Koro Etxeberria zinegotziak; eta aurreratu zuen, 2020ko deialdia laster zabalduko dela. Hori, arte plastikoei eskainiko diete berriro. 2019koa izan zen aurrenekoa, gainerako diziplinei eskainitakoa; eta 2021an izango da bueltan, bi urtetik behin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!