Amher- Udala

«Babes sare bat sortzen da zaintzaileen artean, eta askotan, kezka eta arazo komunak dauzkate»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 00:00
Leire Inza eta Elena Egiguren bitartekari eta abokatuek gidatuko dute gaurko tailerra. Eralda Bitartekaritzakoak dira biak.

Zaintza ardurak dituzten emakumeei zuzenduta, enpatia tailerra egingo dute gaur, 17:00etatik 19:00etara Iturolan, Elena Egiguren eta Leire Inza bitartekari eta abokatuen eskutik. Zaintzaileei «espazio seguru bat ematea» da helburua, «beraien antzeko errealitatea daukaten pertsonekin konpartitzeko».

Zaintza ardurak dituzten emakumeei zuzenduta, saio berezia antolatu dute gaur, Amher elkarteak eta Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun Sailak. «Pertsona horiek, askotan, bere burua zaintzea bigarren mailan utzi ohi dute; eta gehiegitan gertatzen da hori», adierazi dute.

Horregatik, Enpatia Zirkulua izeneko tailerra egingo dute Iturola Elkarlan Sorgunean (Florida auzoa, 28). Bi orduko saioa izango da, 17:00etatik 19:00etara, eta doakoa da partehartzea, baina izena eman behar da: Amherren bulegoan, 671 116 414 telefonoan, edota amher-sos_racismo@hotmail.com helbide elektronikoan.

 

«Konpartitzea da saioaren helburua, eta horrek badauka efektu lasaigarri bat»

Elena Egiguren eta Leire Inza bi­­tartekari eta abokatuek gidatuko dute saioa. Eralda Bitartekaritzako kideak dira biak, eta aurreko larunbatean bertan egin zuten beste enpatia tailer bat, Tolosan. «Saio hauen helburua ez da konponbideak bilatzea, baizik eta konpartitzea, eta entzunak izatea. Kontatze eta konpartitze hutsak, badauka efektu lasaigarri bat», diote.

Izan ere, tailerrarekin bilatzen dutena da, «pertsona horiei espazio seguru bat ematea, beraien antzeko errealitatea daukaten pertsonekin konpartitzeko. Atzerritik datozenentzat da bereziki baliogarria. Babes sare bat sortzen da beraien artean, eta askotan, dauzkaten kezkak eta arazoak, komunak dira. Posible da, haietako bat kontatzen ari den bizipen horrek, beste batengan eragina izana noizbait, edo berari ere gertatu izana».

 

«Bakoitzaren sentimendu eta beharrak azaleratzen dira, eta ez dugu epaiketarik egiten»

Erronda batekin hasiko dute sa­ioa, aditzera emateko «bakoitza nola dagoen eta nola sentitzen den». Aurkezpen erronda moduko bat da hori. Eta ondoren, ariketa bat egiten dute, «identifikatzeko azken egunotan bizi duten egoera edo gertakizun bat, non gaizki sentitu diren, edo be­raientzat samingarria izan de­na. Horrela, azaleratzen dira ba­koitzaren sentimendu eta beharrak, eta jartzen dugu mar­txan zirkulua», azaldu dute.

Enpatia zer den eta zer ez den ere azaltzen diete, saioaren hasieran: «nola entzun behar dugun, eta epaiketarik eta kritikarik ez dela egingo».

Eta saioaren bukaeran, beste erronda bat egingo dute, ospakizunak eta doluak deitzen dutena.

 

«Konfinamenduan jarri genituen martxan enpatia zirkuluak, beharretik»

COVID-19aren pandemiak eragindako egoerak bultzatu zituen Egiguren eta Inza, ekimen hau martxan jartzera: «konfinamen­duan hasi ginen enpatia zirkuluekin. Beharretik jarri genituen martxan, ikusi genuelako, zaintza ardurak zituzten emakumeak lehenago ere isolatuta bazeuden, konfinamenduan are eta isolatuago zeudela», azaldu dute. Eta horren aurrean, enpatia gune horien beharra zegoela iruditu zitzaien.

«Konfinamenduan, herritar asko egon ginen gure etxean, familiarekin. Baina pertsona horiek bakarrik zeuden. Egoera honek bereziki ikutu duen talde bat da zaintzaileena. Adineko pertsonekin egiten dute lan, eta segurtasun neurri gehiago eskatzen dizkiete, beldurretik; exijentzia gehiago dauzkate. Talde bulnerableagoa dira», diote.

Horregatik, uste dute enpatia tailerrak bereziki interesgarriak direla adinekoak zaintzen dituzten pertsona horientzat, helduentzako zentroetan lan egiten dutenentzat, gizarte laguntzaileentzat... «Haiengan sortzen di­ra behar eta kezka horiek, bereziki», nabarmendu dute.

Tolosan egin zuten saioan, «gehienak atzerritarrak» ziren, nabarmendu dutenez. Eta horrek are eta gehiago areagotzen du arazoetako bat: «bakardadea aipatu zuten asko, isolamendua ere bai. Askoren egoera da, interno daudela. Eta arazoa da, daudela beraien herrialdetik urrun, senide eta lagunik gabe; eta bakardadetik daukate konpartitzeko», azaldu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!