Eskubaloia

Kiroldegiak lagunarteko bost partidu hartuko ditu asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 00:00

Jubenil neskek bihar jokatuko dute kiroldegian.

Datorren asteburuan hasiko dira Ligak eta azken prestaketa lanak egingo ditu Hernanik etxean.

Astebete baino ez da geratzen 2020-2021 denboraldia hasteko eta talde guztiak azken ukituak ematen ari dira prestakuntza lanetan. Horietako bat da Hernani eta oraingoz jokatzen hasi daitezkeen sei taldeak azken lagunartekoak jokatuko dituzte gaur eta bihar.

Sei partidu horietatik, bostek etxean, Hernaniko kiroldegian ariko dira eta gaur bertan lau partidu jokatuko dira lehenengo pistan.

Goiztiarrenak kadete mutilen Hernani Leoka izango da. 10:00etan Donibanekoren aurka neurtuko dituzte indarrak eta eguerdian kadete neskek, Hernani Alaiak, hartuko die erreleboa. Hauek, Errenteriako Ereintzaren kontra dute partidua, 12:00etan hasita.

Hurrengo bi partiduak arratsaldean izango dira. 16:00etan, kadete mutilen Hernani Sorlan ek Leizaran izango du aurrez aurre eta amaitutakoan senior mutilak kantxaratuko dira kiroldegiko lehenengo pistara. 18:00etan hasita, Hernanik Pasaiako Donibanekoren aurka jokatuko du partidu zaila eta azken entsegua.

Igandean bi partidu izango dituzte talde hernaniarrek. Jubenil neskek, 12:00etan, Ereintzaren kontra dute partidua kiroldegian eta jubenil mutilek, ordubete aurretik, 11:00etan, Pasai Donibanera egingo dute bisita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!