«Uste dugu zaintza lanen antolaketa feministago batek, sistema osoa irauliko lukeela»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 00:00
Jone Arrazola eta Miren Aranguren Emagineko kideak, zaintza lanak demokratizatzeari buruzko lana eskuetan dutela.

Zaintza lanak demokratizatzeari begira, Beterri- Buruntzako Udalek eta Emaginek, bi jardunaldi antolatu dituzte Hernanin. Urriaren 23an izango da lehenengo saioa Milagrosan, eta 24an mahai inguru baten bueltan bilduko dira, goizeko 10:00etan hasita, Biterin.

Zaintza lanen demokratizazioa ardatz hartuta, Beterri- Buruntzako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena sortu du Emaginek, Beterri-Buruntzaldeko Uda- lekin batera. Egindako ikerketa lan honek, aipatu moduan, zaintza lanak demokratizatzeko prozesuan lagungarri izan nahi du, «eraldaketarako pizgarria izan nahi duen lana da; berregituratze baterako oinarrizko tresna; eztabaida soziala sustatzeko erreminta» azaldu du Miren Aranguren Emagineko kideak.

Beterri-Buruntzaldeako eskualdean, hau da, Andoain, Hernani, Urnieta, Astigarraga, Lasarte Oria eta Usurbilen zaintza lanak nola antolatzen diren aztertu dira, eta zaintza hori aldatzen hasteko, «ekintzarako tresna bat sortu dugu» dio Mirenek. Horrez gain, identifikatutako beharrei erantzun bateratu bat emateko ekintzarako proposa- mena ere garatu dute. Izan ere, lan honek, erantzuten dio neurri batean, Euskal Herriko Mugi- mendu Feministak eta zaintzaren sektoreko langileek, azken hamarkadan, mahai gaineratu duten gatazkari: «emakumeon eskubideen defentsak, zaintzen krisia eta mendeetako injustizia azalarazi egin ditu. Herritarren zaintzarako beharren eta zaintzeko baliabideen artean desoreka haundia dago, eta horren kaltea emakumeek ordaintzen dute. Egungo zaintzen antolaketak, beraz, ez ditu herritar guztien eskubideak errespetatzen, eta horri aterabidea eman nahi dio, burutu dugun plan honek».

Duela lau urte sortutako ideia

2016an, prozesu honen ideia planteatzen hasi ziren, 2017an hainbat formazio jaso zituzten, eta 2018 eta 2019 urteen bitartean garatu zuten ikerketa eta plana. Hasiera batean, helburu gisa zituen, bazterkeria arriskuan dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea, zein menpekotasun egoeran dauden pertsonen arreta eta ongizatea haunditzea. Eta helburu hauek betetzeko, hainbat egitura proposatu ziren, «eta tartean sektorerako foroak betetzeko proposamena egin zen. Foroak, tresna gisa irudi- katu ziren bazterkeria egoeran dauden pertsonak eta garaiaren bueltan lan egiten duten eragileak subjektu bilakatzeko».

Emaginek, proiektuaren erantzukizuna hartu zuen baitan, izan ere, «formazio eta ikerketara dedikatzen garen elkarte bat gara, ikerketa eta formazio feministara hain zuzen. Beterri-Buruntzaldeako zaintza lanen demokratizazioa lantzeko aukera hori zegoela ikusi ge- nuenean, proiektua hartu egin genuen, modu batera esanda». Hasiera batean, «foroa dinamizatzeko eta elikatzeko par- te hartu genuen, eta ondoren, lehiaketa publikoa egin ostean, eskuratu genuen diagnosia eta ekintza plana egiteko aukera».

Hori horrela, eskualdean foro feminista deituriko egitura bat zuten, «eta bertan par- te hartzen genuen Emagineko kideez gain, herri bakoitzeko berdintasun teknikariak, eta Amher Elkarteko ordezkari bat». Talde guzti hauetako ordezkari eta kideek, ikerketaren muinak eta nondik norakoak ezarri zituzten, «azkenean zaintza lanak erpin asko dituen lan bat da, ikuspegi askotatik begiratu daitekeena. Eta guk formazioa jaso genuen, beste ikerketa batzuen berri ere izan genuen, eta apurka-apurka Emagineko kideok foro hori dinamizatzen, bideratzen eta nolabait lurreratzen jardun genuen. Azkenean erabaki zen zerri buruzko ikerketa nahi genuen egin Beterri- -Buruntzaldean.

 

Bi foko nagusi ezarri ziren, lehenik zaintza langileak dira, «bai familia zaintzen dutenak, bai eta zaintza profesionalean jarduten dutenak, erresidentzietan, etxeetan, eguneko zentroetan, edo etxeko langile gisa. Eta bigaren fokoa, adindunen edo helduen zaintzara dedikatzen diren horiek, «azkenean iruditu zitzaigun, errealitate gordina dela, zailtasunez betetakoa, gatazka asko metatzen diren eremu bat dela eta urgentziaz atenditu beharrekoa gainera».

Urriaren 23 eta 24an jardunaldiak, Hernanin

Datorren asteburuan, Emaginek bi jardunaldi eskainiko ditu Hernanin. Lehena ostiralean izango da, Milagrosan, aurkezpen moduko bat eginez. Eta larunbatean, mahai inguru bat antolatu dute, goizeko 10:00etan hasita, Biterin.

Mirenek dio, Emaginen asmoa zela, zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintza proposamena egitea, baina horrez gain «nahi genuen herritarren gain nolabait eragin. Eta horretarako, pentsatu genuen garrantzitsua zela, alde batetik; ikerketa lan hau ezagutzera ematea, sozializatzea eskualdean. Beste aldetik; guk ekintzarako proposamen batzuk egin ditugu, eta beste hainbat eremu eta elkarte batzuetan ere lanean ari dira gai honen inguruan. Ondorioz, uste genuen garrantzitsua izango zela beste esperientzi batzuetatik ere jakitea. Eta gero, jakin nahi genuen, edo aztertu nahi genuen, non egon zitezkeen herri konpromezuak, hau da, eraldaketarako proposamen batzuk herritarrekin kontrastatzeko». Hiru helburu horiek hartuta, bi jardunaldi egitea otu zitzaien, eta aipatu moduan atzo izan zen lehena, eta gaur bigarrena.

Gaur egingo den mahai ingurura lau esperientzia ezberdin ekarriko dira, Beasaingo Herrilab, Maitelan eskualdean sortutako kooperatiba integrerala, Trabajadoras no domesticadas, Bilboko etxeko langileen elkarte bat, eta Radars egitasmoa da, Bartzelonan garatzen ari diren bakardade egoeran dauden pertsonekin egiten dute lan. «Mahai inguru honetan, lau esperientzia hauek entzungo ditugu, eta azken zatian, eguerdi aldera, herri eztabaida bat egingo dugu, bertaratutako guztien artean. Nolabait, pentsatzeko edo planteatzeko zein zaintza eredu nahiko genukeen, amesteko edo utopia horretan kokatzeko, eta herrietan martxan jarri behar den ekintza dela iruditzen zaigulako noski».

«Azkenean iruditzen zitzaigun, errealitate gordina dela, zailtasunez betetakoa eta urgentziaz atenditu beharreko eremu bat»

Emakumeetan «segregatzen» dira zaintza jarduerak

Emaginek burututako azterketan, aipatzen da, zaintza lanak nagusiki emakumeek egiten dituztela, eta Mirenek gaineratu du «Euskal Herriko eredu hori errepikatu egiten dela, hau da, emakumea eta zaintza. Profesionalizatzen direnenean ere, nagusiki emakumeok egiten ditugu lan hauek, adibidez, zaharren egoitzetan, eguneko zentroetan, etxeko zaintzan.. eta Emaginen konturatu gara, geroz eta arrazializatuagoa dagoen sektore bati buruz ari garela, eta batez ere etxeko langileen kasuan»

Beterri-Buruntzaldean egiten diren zaintza lanak, segretatuta daude, hau da, emakumeen esku gelditzen dira, eta «geroz eta gehiago gertatzen da, batez ere aipatu moduan, emakume arrazializatuen esku. Hau da, emakume klase pobre edo ertainekoekin gertatzen da gehienbat».

Bi egoera larri identifikatu ditu Emaginek, lehena izan da, «oso populazio zaharra dagoela Hernanin» eta ondorioz, menpekotasunak gora egiten du. Eta aurrera begira, menpekotasun honek gora egingo duela aurreikusi dute. Astigarragan ez bezala, izan ere, Astigarraga herri gazteago bat da, Astigarragako herritar asko Donostiatik datoz, «bikote gazteak daude, haur txikiak dauzkaten familia gazteak…». Baina Emaginek antzeman du, Beterri-Buruntzaldea populazio heldua duen eskualdea dela, eta horrez gain «jende asko bizi da bakarrik, eta bakarrik bizi diren hauen artean emakumeak dira nagusi. Eta esternalizatzen direnean, askok eta askok, etxeko langileak kontratatzen dituzte, eta kontuan hartu behar da, hauen egoera da irregularra dela eta ez dira langile hauen eskubideak bermatzen» Mirenek jakinarazi du, aitortuak dituzten eskubideak gutxi direla, baina hauek ere askotan ez direla betetzen. Egoera horrekiko gainera, Erakunde publikoetatik ez dago «eskuhartze» zuzenik, eta Emaginek ondorioztatu du, «zaurgarritasuna eta bortizkeria egoera larrian aurkitzen direla asko eta asko».

Ekipamendu, zerbitzu publiko, pribatu edota komunitarioak

Erakunde publikoetatik, nagusiki etxez etxeko zerbitzuak bideratzen dira, eta Mirenek dio, «kasu batzuetan eguneko zentroak». Beste hainbat herrietan, erresidentziak ere aurki daitezke, baina Emaginek egindako azterketaren arabera, «pribatizatzeko joera dute». Izan ere, Aldundiaren esku gelditzen ari dira, baina «guztien kudeaketa ez da publikoa, kontrataziozkoa baizik. Eta hori, guk pribatizazioranzko joera bat ikusten dugu, ez publikoranzkoa».

«Alde haundia ikusi dugu Hernaniko zaharren egoitzaren eta Andoaingoaren artean, bai lan baldintzei dagokionez, bai eta jendea zaintzeko gaitasunean»

Beterri-Buruntzako herrien artean ere hainbat desberdintasun daude, eta Emaginek, zaharren egoitzetan hainbat identifikatu ditu, Andoainen eta Hernanin hain zuzen. «Alde haundia ikusi dugu, Hernaniko zaharren egoitzaren eta Andoaingoaren artean, bai lan baldintzei dagokionez, bai eta jendea zaintzeko gaitasunean… Horrez gain, ikusi dugu, bai egoiliarren zein langileen kaltetan izan direla Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako norabidea. Hau da, enpresa pribatuak kontratatzea hauen kudeaketa eramateko. Eta oso agerikoa izan da, azken hilabeteetan izandako kexa, greba eta mobilizazioak».

Emaginek egindako azterketaren arabera, erakunde publikoetan zerbitzuak eskaintzen dira, baina horien kudeaketan enpresa pribatuak daude, eta Mirenek azaldu du, «hau, langile zein egoiliarren kaletarako» dela. Etxeko langileetan ere, erantzukizuna dute erakunde publikoek, eta Emaginek dio, «mekanismo gehiago jarri daitezkeela martxan, horiek kontrolatzeko. Eta noski, etxeko langileen lan baldintzen hobekuntzarako bideak ere aztertu ditugu».

Zaintza lanak demokratizatzeko oinarriak

«Demokratizaziorantz esaten dugunean, ulertzen dugu prozesu baten izaera izan behar duela, eta demokratizazio kasu honetan, uste dugu zaintza lanen antolaketa feministago batetik, edo beste konzepzio batek, sistema osoa irauliko lukeela. Gure gizartea antolatzeko dugun modu hori errotik aldatu beharko genuke. Eta guk ikusi genuen, momentu honetan, beharrizan urgente batzuk badauzkagula, eta horregatik, norabide bat markatu dugu, hau da, demokratizazio hau trantsitatzeko bide bat eraikitzen ari gara».

Horretarako, Emaginek, hiru gako garrantzitsu bereiztu ditu, batetik, zaintza lanak sozialki eta politikoki aitortzea, hau da, «lanen izaera, dimentsioa, tokian toki betetzen dituzten funtzioak ikustaraztea, guzti hauek ekonomian egiten duten ekarpena kontutan hartuz. Eta honetarako, ekintza batzuk proposatu genituen, batzuk eremu sinbolikoarekin lotura dutenak». Bigarrena; zaintza lanak modu justu batean banatzea, «familia eredu batean bizi gara, eta kasu askotan emakumeak dira zaintzaile nagusiak. Iruditzen zaigu, eredu komunitario bateko joera hartu behar dugula, eta gizonezkoen papera ere funtsezkoa dela. Azkenean, hauek ez dute gaur egun zaintza lanetan jarduten emakumeok haina, eta ez dituzte ardura sozial asko bereganatzen». Eta hirugarrenik; zaintzaileen bizi eta lan baldintzak duintzen, «iruditzen zaigu, gatazkaz beteriko enplegu bat dela, eta horretarako zaintzaileen arteko elkarguneak sortu behar direla hausnartu dugu, formazioa sustatu behar dela, lan baldintzak hobetu behar direla…. Azkenean Covid-19aren eraginez, konturatu gara zein lan diren beharrezkoak eta ezin bestekoak, zaintzarik gabe bizitzak ez baitu aurrera egiten, eta gaur egun, lan prekarizatuenak dira zaintzazkoak».

 

Jone eta Miren, Beterri-Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintza proposamena ikuskatzen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!