Kanika Aisialdi Talde

«DBHn dauden gazteekin ekintza ezberdinak egiten ditugu, formatzeko eta hezitzaile bidea hartzeko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 00:00

Kanikako hezitzaileak, gazte eta haurrekin, pasa den urtean, Beizamara egindako irteeran.

Kanikak urriaren 31rako «elkar ezagutzeko» ekintza antolatu du, eta datorren asteartean bilera informatiboa egingo dute arratsaldeko 17:00etan hasita, Biterin.

Motorrak berotuta dator aurten ere Kanika Aisialdi taldea, ikasturte berrirako ekintza, plan eta entretenimendua eskainiz herriko txiki eta gazteei, feminismoa, natura eta euskera ardatz hartuta.

Hori horrela, urriko azken larunbaterako, zita jarri du Kanikak, «elkar ezagutzeko tartea izango dugu bertan, gure arteko konfiantza hori sustatuz». Eta datozen hiru hilabeteetan horretan jardungo dute. «Urtarriletik Aste Santura bitartean ere, beste lanketa bat egitea da gure asmoa, eta gauzak aldatzen badira, Aste Santutarako irteera bat ere antolatu nahi dugu». Hala ere, guzti honen berri emateko, datorren asteartean bilera informatibo bat antolatu du Kanikak, arratsaldeko 17:00etan hasita, Biterin.

«Kanika Aisialdi taldearen printzipioak hiru  dira; feminismoa, ingurunea eta euskara. Beti hauek presente izaten saiatzen gara»

 

Kanika, hiru hezitzaile izatetik, hogei izatera

Duela bost urte sortu zen Hernaniko Kanika Aisialdi taldea. Hasiera batean gainera, hiru kide ziren, «hasi ginen pentsatzen eta ideiak botatzen, eta aurrerago zazpi pertsona elkartu eta hasi ginen aztertzen Hernanin zein behar zegoen, zer falta zen... Eta behin ikertuta, ikusi genuen aisialdi alternatibo bat behar zela, eta hau eraikitze aldera, lanean hasi ginen. Eta justu duela gutxi, bost urte bete dira. Eduki genuen hasieran eraketa prozesu bat, nondik joan nahi genuen, eta batez ere gure ildoak markatu genituen. Gainera, zehazki pasa den ostegunean, egin ziren lau urte, lehenengo ekintza egin genuenetik, hau da, herriari begira lehenengo ekitaldia egin genuenetik».

Pausu txikiak emanez egin du aurrera Kanikak, hasiera batean taldearen sorrerari eman zioten garrantzia, eta behin hau finkatuta, herriari begira ekintzak egiten hasi ziren, gaur arte.  «Hasieran hasi ginen festa batekin, Berriakekin kolaboratu genuen gabonetan tailer batzuk egiten, eta aurrerago, hasi ginen gure filosofiarekin bat egiten zuen talde horri itxura ematen, gure inguruko haur eta gazteen beharrei egokitutako talde egonkor bat sortuz. Maiztasun batekin ekintzak egiten hasteko helburua hartu genuen, esaterako, hilabetean bitan larunbatetan ekintzak egiten, eskolako opor aldietan irteerak egiten, udalekuak udan...»

Sei urtetik gorako haur eta gazteek har dezakete parte Kanika Aisialdi taldean, «taldean izan ditugun helduenak 15 eta 16 urteko gazteak izan dira, Guk ez dugu adin tarterik moztu nahi, nolabait esanda. Ez dugu adin tarte maximorik jarri nahi. Gurekin haur eta gazte bezala ibili direnak gero hauek hezitzaile izatea nahi dugu. Orain DBH mailan daudenekin, ekintza desberdinak egiten ditugu, nolabait formatzeko, eta hezitzaile bidea hartzeko».

 

Pandemia garaia, hezitzaile taldea indartzeko

Pandemia Urumea bailarara heldu zenean, Kanikako Aisialdi taldeak, ekintzak eta ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuen, hala ere, «udan bai egin dugu topaketa txiki bat gazteekin, eta horrez gain, hezitzaileon artean fokatu gara gehiago pandemia garai honetan, gure arteko formakuntza indartzeko,  taldea apur bat haunditzeko... Azkenean haurrekin ez genuen ikusten modu seguru batean egoteko modurik. Planteatu genuen aurrera egitea, baina dena ari zen geratzen bertan behera eta guk ere horixe egin genuen».

 

Datorren asteartean, bilera
informatiboa 17:00etan

Bizi dugun egoerak behartuta, Kanikak, protokolo bat jarri du martxan, eta hainbat neurri ezarri ditu, haur eta gazteak aisialdi denbora modu seguru batean igarotzeko, «talde txikiak egingo ditugu gure artean, pilaketak eta masifikazioak ekiditeko». Eta hau guztia azaltzeko, datorren asteartean, bilera informatibo bat egingo dute Kanika Aisialdi taldeko hezitzaileek, arratsaldeko 17:00etan hasita, Biterin.  «Jendea informatu nahi dugu, zein den ezarriko dugun protokoloa, zeintzuk izango diren gure asmoak... Jende berria ere egongo da eta hauei azalpenak eman nahi dizkiegu. Egingo ditugun ekintzen berri ere emango dugu». Bileraz gain, bertan izena emateko aukera ere eskainiko dute. Bertaratzeko deia luzatu du Kanikak «nahi dugu konpromezurik gabe hurbiltzea jendea eta haien dudak galdetzea. Zalantzak izanez gero nola jokatuko dugun, zein neurri hartuko ditugun... dena azaltzen saiatuko gara». 

 

Aisialdi talde autogestionatua

Kanika, gazte eta haurrei bideratutako aisialdi taldeak, autogestioaren bidez egiten du lan. Jakinarazi dute, hasiera batean Oronan festa bat egin zutela, eta hor dirua bildu zutela, horrez gain, «Berriakeko tailer eta saioetan parte hartzen genuen eta hor ere zerbait irabazi genuen bai». Hala ere, behin martxa hartuta, azaldu dute autogestio bidez funtzionatzen dutela. Irteeretan, haurren gurasoek kantitate bat ordaintzen dute, eta hortik «margen bat ateratzen dugu, eta urtean zehar margen honekin jokatzen dugu. Egia da, gu ere, beste erakunde edo arlo batzuetan ibiltzen garela lanean, eta materiala badaukagu, azkenean kontaktuak dauzkagu eta sare bat sortu dugu». Hernaniko Udaleku Irekiak ere kudeatzen jarduten du Kanikak, eta «hor ateratzen dugu ere beste diru apur bat, baina gutxi da».

«Pandemia honetan, hezitzaileotan zentratu gara, hau da, formakuntzak egin ditugu, taldea gehiago indartu dugu... horretarako erabili dugu egoera hau»

 

Jokotik, Aisialdi taldera

Zehazki, duela 31 urte sortu zen Kanika Aisialdi taldearen izena, «garai hartan Kanika izeneko aisialdi talde bat zegoen, eta guk esku artean, antzeko proiektu bat geneukan, hau da, haur eta gazteentzako aisialdi talde bat sortzea. Orduan hainbat bilera egin ondoren, hauei galdetu genien ea Kanika izena erabili genezaken, eta baiezkoa jaso genuen, orduan hortik dator Kanika, duela 31 urte lehenagotik sortutako taldetik». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!