Amiantoagatik beste epaiketa bat, gaur

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 15a, 00:00

11:15etan hasiko da epaiketa, Donostiako Epaitegi Sozialean. Ordu erdi lehenago elkarretaratzea izango da, epaitegiaren aurrean.

Gaur izango da epaiketa, Felipe D.M. zenaren senideek eskatzen duten  175.876,21 euroko kalte-or­dainaren inguruan. 11:15etan ha­siko da epaiketa, Donostiako Epaitegi Sozialean. Orbegozon egin zuen lan, eta 2018ko azaro­an hil zen, amiantoak sortutako biriketako gaitzarengatik. Horregatik, elkarretaratzea deitu du Asviamiek, Euskadiko Amianto­aren Biktimen Elkarteak, epaiketa hasi baino ordu erdi lehenago, epaitegiaren aurrean, fa­miliari babesa azaltzeko.

Cofivacasa eta Sidenorri erreklamatzen diete kalte-ordaina. Beraien esanetan, «enpresak ez zuen bete indarrean dagoen segurtasun eta higiene araudia, eta horrek sortu zuen Felipe D.M.ren  gaixotasuna, eta heriotza goiztiarra». Felipe D.M. 1968garren urtean hasi zen lanean Orbegozon, eta bertako langilea izan zen,  1992garren urtera arte. Asviamiek komunikatu duenez, 2019an OSALANek  jakitera eman zuen hildakoak amiantoa arnasteko arriskua izan zuela, lanean zegoen bitartean. Hori bera da, diote, heriotzaren arrazoia, eta horregatik izango da epaiketa gaur, kalte-ordainak eskatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!