HHZ bulegoko ordutegia zabaldu dute, eta orain goizez zein arratsaldez egongo da irekita

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 15a, 00:00

Astearte eta ostegunean arratsaldez ere zabalik egongo da, 15:30etatik 19:00etara bitartean. Aurrez eskatu behar da hitzordua, bertara joateko.

COVID-19ak sortutako pandemiaren ondorioz, HHZ-Herritarren Harrerarako bulegoko Zerbitzuan zenbait aldaketa ezarri izan dira, azken hilabeteotan. Konfinamendu garaian, aurrez aurreko arreta bertan behera gelditu zen, eta telefonoz zein emailez eskaintzen zen zerbitzua. Hala ere, konfinamendua arintzearekin batera, HHZ hasi zen bere onera itzultzen eta, aldez aurretik hitzordua hartuta, 09:00etatik 13:00ak arte eskaintzen hasi zen aurrez aurreko zerbitzua.

Aldaketak egon dira bulegoko funtzionamenduan, eta hilabete hauetan goizeko ordutegiari ordu erdi bana gehitu zaio, ireki­era orduan zein itxiera orduan. Hala, egun, 08:30etatik 13:30era egongo da irekita HHZ bulegoa.

 

Arratsaldetan ere, zabalik

Hurrengo pausoa, arratsaldez irekitzea izan da. Hartara, pauso hori aste honetan bertan eman da eta, orain, astearte eta ostegun arratsaldeetan ere irekiko da bulegoa, 15:30etik 19:00etara.

Goizez eskaintzen diren zerbitzu guztiak eskainiko dira arratsaldez ere.

Bestalde, koronabirusa dela eta, bertara joateko interesa duenak, aldez aurretik hartu behar du hitzordua, 943 33 70 00 telefonora deituta.

Herritarren Harrera Zerbitzua 2014an ireki zen, komuni­kazio-kanal anitzeko plataforma baten moduan: aurrez au­rrekoa, telefonikoa, telematikoa... era guztietako komunikazio bideak lantzen dituzte.  Uda­lari nahiz herriari buruz informazioa eskura daiteke bertan, eta bestelako hamaika zerbitzu ere eskaintzen ditu HHZ bulegoak. Sei urte hauetan etengabe egin dituzte hobekuntzak, zerbitzua indartze aldera, eta datozenetan ere herritarrei arreta eskaintzen jarraitzea da beraien helburu nagusia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!