Sukaldaritza bertsoen bidez adieraziko da Chillida Lekun, Bertsoa Sutan bertso saioan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 15a, 00:00

Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariak, aurreko saio batean.

Larunbat honetan, 17:00etatik aurrera, bertsolaritza eta sukaldaritza fusionatzen dituen bertso saioa ikusteko aukera izango dute herritarrek. Sarrera 15 euro dira, eta  aurrez erosi behar da, Chillida Lekuren webgunean.

Bertso saio berezia antolatu dute etzi, Chillida Lekun, Bertsozale elkartearekin batera. Andoni Egaña eta Oihana Iguaran izango dira bertsotan, eta Maite Berriozabal arituko da gai jartzaile lanetan. Saio berezia izango da, momentuan egindako sukalda­ritza prozesuak, bertsoetara lotuko direlako. Aitor Zugasti eta Maialen Cano sukaldarien platerak, bertsotan kontatuko dituzte bertsolariek.

Jardueraren helburua, bertsolaritzaren kultura eta sukaldaritza uztartzea da, bi prozesu aldi berean erakutsiko dituen ikuskizun batean. Hori horrela, euskal kulturaren barruan egunerokotasunekoak diren gaiak landuko dituzte, larunbatean.

Chillida Lekura bertaratzen diren parte-hartzaileei, bereziki prestatutako pintxo bat emango zaie sarreran, saioaren hasieran dastatu ahal izateko, sukaldariak gidatuta. Eta gainera, parte hartzaileek sukaldariaren prozesua streaming bitartez ikusi ahal izango dute, mugikorrak erabiliz.

Museoa ere, bisitatzeko aukera

Ekitaldia 17:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguru iraungo du. Eta sarrerarekin, museoa ere bisitatzeko aukera izango dute jardueran parte hartzen dutenek, aurretik. Bertso saioaren ondoren, egun honetarako bereziki diseinatutako afari bat eskainiko du Chillida Lekuko Lurra Café jatetxeak, jende kopuru mugatu batentzat. Bertso saiorako sarrerak 15 euroan daude salgai interneten: museochillidaleku.com. Afarirako ere, bertan erreserbatu daiteke.

Eta bertso saioaz gozatzeko, bi sarrera bikoitz ere zozketatu dituzte Kronikak eta Dobera Euskara Elkarteak, bazkide eta kronikalarien artean. Honako­ak izan dira sarituak: Rakel Yarza Arratibel eta Eu­lali Aranburu Urkizu. Bertso emanaldiaz gozatzeko aukera ez ezik, mokadua ere izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!