Hernanik Ferrolen aurka hasiko du denboraldia datorren urriaren 24 edo 25ean

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 13a, 09:56

Laister izango dute aukera Hernaniko zaleek, jokalari trikoloreak ikusteko Landaren.

Liga erregularra urriak 24an edo 25ean hasiko du Hernanik Landaren eta hamasei jardunaldi jokatu eta gero, apirilaren 11n amaituko da. Ondoren igoera fasea hasiko da eta bertan egotea du helburu, talde trikoloreak. 

Pasa den ostiralean ezagutu zuen Hernani Errugbi Taldeak, Ohorezko B mailako egutegia. Urriaren 24-25eko asteburuan hasiko da Liga eta lehendabiziko jardunaldia Landaren jokatuko du Ferrolen aurka. Zozketa egin eta gero lehendabiziko bi partiduak noren aurka jokatuko Zituen oraindik ez zekien, baina Ferrol onartu du Federazioak Vigok utzitako lekuan.


Vigok uko egin zion aurten  Ohorezko B mailan jokatzeari eta horrek, postu hori bete gabe egotea suposatu du eta orain bizilagun galiziarrek hartu dute lekua. 


Bigarren jardunaldiko aurkaria ez du ezagutzen. Asteburu honetan dira jokatzekoak Ohorezko B Mailara igoerak eta igo berriaren etxera egingo du bisita Hernanik, urriaren 31n edo azaroaren 1ean.


Hirugarren jardunalditik hamaikagarrenera bitarteko egutegia zehatz mehatz ezagutzen da. Honela, hirugarren jardunaldian, Landaren, Eibarren aurka jokatuko du. Hurrengo partiduak ondorengoak izango dira, hurrenez hurren: Gaztedi, Universidad Bilbao, Zarautz, Uribealdea, Belenos, Gernika, Bera Bera eta Ourense.
Gogoratu behar da Ohorezko B maila hamabi taldeko hiru multzotan (A-iparraldea, B-ekialdea eta C-hegoaldea) banatuta dauden 36 taldek osatzen dutela.

Igoera faseko final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dira hobekien sailkatu denaren zelaian partidu bakarrera. 

Hamaika partidu lehen itzulian eta ondoren seiko bi multzo bigarren itzulian
Aurten aldatu egin da konpetizio formatua COVID19aren eraginez. Honela, lehendabiziko itzulian denak denen aurka ariko dira otsailaren 21era arte. Hernanik sei partidu izango ditu etxean haietako bost kanpoan eta bigarren itzulia edo fasea bi multzoko sei taldetan banatuko da; Lehendabiziko sei sailkatuak alde batetik, eta 7-12garren postuan sailkatutakoak bestetik.
Bigarren fase hori zozketatzeko dago, baina bost partidu jokatuko dituzte, guztira hamasei partidu osatu arte, zortzi etxean eta zortzi kanpoan. Apirilaren 11n amaitzen da  bigarren fase hori. 

Zortzi talde; multzo bakoitzeko lehen biak eta bi hirugarren onenek, igoera fasera
Lehenengo bi faseak amaitu ondoren, zortzi talde, multzo bakoitzeko lehen biak eta bi hirugarren onenek, Ohorezko Mailara igotzeko fasean parte hartuko dute. Igoera fase honetan final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dira.
Kanporaketak partidu bakarrera jokatuko dira apirilaren 25ean, maiatzaren 2an eta 16an. Ranking bat ezarriko da, lehenengotik zortzigarrenera, lorturiko emaitzen arabera eta kanporaketa  onenak diren taldeen zelaietan jokatuko dira.
Beraz garrantzitsua da, ahalik eta puntu gehien lortzea liga erregularrean, baita lortutako eta jasotako tantoen artean alde gehiena edukitzea ere, puntuen artean berdinketa badago, horrek erabakiko baitu ranking-a beste multzoetako taldeekin alderatuta.
Final laurdenetan; lehenengo onenak, bigarren hirugarrenaren aurka jokatuko du (A); bigarren   lehenengoak, lehenengo hirugarrenaren aurka (B); hirugarren lehenengoak, hirugarren bigarrengoaren aurka (C); eta lehenengo bigarrenak, bigarren bigarrengoaren aurka jokatuko dute (D). 
Finalerdietan;  A  kanporaketako irabazleak, D-koaren aurka; eta B-ko irabazleak, C-koaren. 
Finalerdi bakoitzeko irabazleek bata bestearen aurka jokatuko dute, finalean, igoera liga erregularrean hobekien sailkatu denaren etxean. 
Galtzaileak promozioa jokatu beharko du  ohorezko mailako hamaikagarrenaren kontra zelai neutral batean. Irabazleak igoera lortuko du eta galtzailea Ohorezko B mailan ariko da datorren denboraldian. 

Azken sailkatua zuzenean jeisten da eskualde mailara eta azkenaurrenak promozioa
Multzo bakoitzeko azken sailkatua eskualde-mailara jaitsiko da. Azken-aurrekoak promozio bat jokatuko du Ohorezko B Mailara igotzeko faseko 2. sailkatuarekin.

Ohorezko B maila 36 taldek osatzen dute hamabina taldeko hiru multzotan banatuta; Hernani, A-n edo Iparraldekoan dago. 

A edo Iparraldeko multzoan zortzi euskal talde
Hernani A multzoan edo Iparraldekoan dago kokatuta eta bertan zortzi euskal talde daude guztira, Galiziako Ourense eta Avileseko (Asturias) Belenos-ekin batera. Beste biak oraindik jakiteko daude. Hernani, Bera Bera, Zarautz eta Eibar talde gipuzkoarrak dira; Uribealdea, Gernika eta Universidad Bilbao bizkaitarrak; eta Gaztedi arabarra.
Horrek esan nahi du bidaiak ez direla luzeak izango eta luzeenak Galiziara izango dira.

Gernika, Zarautz eta Bera Bera aurkari nagusiak
Azken urteotako sailkapeneri begirada bat botaz gero Hernaniren aurkari nagusiak zein izango diren ikusi daiteke. Gernikak igotzeko taldea osatu du eta Zarautz eta Bera Bera ere igoera fasean sartzeko lehian ibiltzen dira urtero. Hernaniren helburua igotzea da, baina aurretik postu on bat lortu behar da. Hernaniarrek talde ona dute eta borroka horretan buru belarri ibiliko dira. Berriz Ohorezko mailara igotzea posible da.  

 

 

EGUTEGIA OhB
1go jardunaldia, urriak 25
Hernani-Ferrol

2. jardunaldia, azaroak 1
Igoera-Hernani
3. jardunaldia, azaroak 22
Hernani-Eibar
4. jardunaldia, azaroak 29
Gaztedi-Hernani
5. jardunaldia, abenduak 13
Hernani-Univ. Bilbao
6. jardunaldia, abenduak 20
Zarautz-Hernani
7. jardunaldia, urtarrilak 10
Hernani-Uribealdea
8. jardunaldia, urtarrilak 17
Belenos-Hernani
9. jardunaldia, urtarrilak 24
Hernani-Gernika
10. jardunaldia, urtarrilak 31
Hernani-Bera Bera
11. jardunaldia, otsailak 21
Ourense-Hernani
12. jardunaldia, martxoak 7
Zozketaren zain
13. jardunaldia, martxoak 14
Zozketaren zain
14. jardunaldia, martxoak 21
Zozketaren zain
15. jardunaldia, martxoak 28
Zozketaren zain
16. jardunaldia, apirilak 11
Zozketaren zain
IGOERA FASEA

Final laurdenak, apirilak 25 
Zehazteko
Finalerdiak, maiatzak 2 
Zehazteko
Finala, maiatzak 16 
Zehazteko
Promozioa, ekainak 12-13 
Beharrezkoa bada

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!