«Herri ukatuok ozen salatzen dugu inperioaren festa hau»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 11a, 00:00

«Ospatzeko ezer ez» dagoela eta, bilkura deitu dute bihar, 19:00etan Plaza Berrin, «Espainiar erreinuak duen izaera koloniala salatzeko».

Biharko jaiegunean «ospatzeko ezer ez» dagoela aldarrikatuz, bilkura deitu du herritar talde batek, bihar bertan, arratsaldeko 19:00etan Plaza Berrin. Bertan elkartuko dira, «Espainiar erreinuak izan duen eta oraindik mantentzen duen izaera koloniala salatzeko, eta aniztasunean eraikitako Euskal Errepublika aldarrikatzeko».

Adierazi dute, «izen ezberdinez mozorrotu» dutela Espainiaren jai nazional dena: «hispanitatearen eguna esan zioten urtetan, eta Francok arrazaren eguna izendatu zuen. Ez da kasualitatea, urriaren 12a Guardia Zibilaren eta Espainiako Armadaren eguna ere izatea. Azken batean, Espainiaren proiektua herrien zein norbanakoen zapalkuntzan oinarritu izan da. Ameriketako konkista odoltsuari ez ezik, espainiar supremazismoari eta kolonialismoari ere egiten die gorazarre urriaren 12ko ospakizunak», salatu dute. «Funtsean, gainbeheran dagoen inperialismoa eta bere tresneria guztia goraipatzen ditu: monarkia ustela, lurralde batasuna, errepresioa eta supremazismo espainiarra. 1492 hartan, Colon Amerikara iristean, Iruñea Nafa­­rroako Erresumaren hiribu­rua zen, eta hogei urteren buruan indarrez eta odolez konkis­tatuko zuten. Bost mende geroago, geure herrian agintzen jarraitzen dute», adierazi dute.

Horregatik diote, jaieguna «ozen» salatu nahi dutela: «he­rri ukatuok eta pertsona zapal­duok, ozen salatzen dugu inperioaren festa hau, eta gure ha­serrea erakutsi beharrean gau­de, inperioak benetako demokrazia galarazten baitigu, ez baitu Euskal Herria herri gisa onartzen, pertsonak jatorri eta azal kolorearen arabera ezberdin tratatzen baititu, eta bere proiektua inposatzeko indarra erabili baitu beti gure aurka».

«Kolonialismoak baldintzatu du mundu hau»

Zentzu horretan, «espainiar kolonialismoa salatu» nahi dute, eta baita «gure herriak» kolonialismo horretan izandako partehartzea ere: «kolonialismo­ak baldintzatu du mundu hau, eta gure herriak eta guk historian izan dugun eta egun dugun posizioa kritikoki aztertu behar dugu. Kontua kolonizatzaile kriminal askoren euskal jatorritik harago doa. Badakigu kolonialismoak pribilegio ekonomikoak ekarri dizkiola Euskal Herriari. Baina hau ez da alde bakarreko txanpona, gure posizioa konplexua baita. Izan ere, kolonialismoak munduko eremu aberatsean bizitzea ekarri digun bitartean, espainiar eta frantziar supremazismoak zapaldu egin gaitu; indarrez menderatu dituzte gure hizkuntza, kultura eta instituzioak».

Hori horrela, «borondate irmoa» erakutsi dute, kolonialismoari eta arrazakeriari aurre egiteko: «kolonialismoaren forma guztien kontrako borroka, izango da gure burujabetze prozesuaren oinarrietako bat». Eta era berean, sustatu nahi dute kolonialismoaren «zapalkuntza bortitzena» pairatzen dutenen ahotsa eta partehartzea, eta dei egin diete, «guztion artean elkartasuna eraikitzera, batzen gaituena baliatzera, askapena lortzeko. Zapalkuntza guztiei aurre egiteko garaia da», aldarrikatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!