Amher

«Zaintza ardurak dituzten emakumeek, askotan, bigarren mailan utzi ohi dute bere burua zaintzea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 11a, 00:00
Amherren Migrazinea ere martxan da, eta jende asko ari da hurbiltzen saioetara.

Enpatia tailerra antolatu dute Amher elkarteak eta Hernaniko Udalak, datorren larunbaterako, Elena Egiguren eta Leire Inza bitartekari eta abokatuek gidatuta. Iturolan izango da, 17:00etatik 19:00etara. Izena eman behar da.

Zaintza ardurak dituzten emakumeei bereziki zuzenduta, enpatia tailerra antolatu dute datorren larunbaterako, elkarlanean, Amher elkarteak eta Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun Sailak. Iturola Elkarlan Sorgunean izango da, 17:00etatik 19:00etara.

Eta tailerrean parte hartzea doakoa bada ere, izena eman behar da aldez aurretik: Amher elkartearen bulegora hurbilduta, 671 116 414 telefonora deituta, edo amher-sos_racismo@hotmail.com helbidera idatzita. Gainera, haurrak zaintzeko zerbitzua ere eskainiko dute, aurretik eskatuta.

Elena Egiguren eta Leire Inza bitartekari eta abokatuek gidatuko dute saioa; Eralda Bitartekaritzako kideak dira biak.

«Zaintza ardurak dituzten emakumeek, askotan, bigarren mailan utzi ohi dute bere burua zaintzea. Horri buruz aritu nahi dugu tailer honetan. COVID-19ak ere areagotu ote du hori? Zein baldintzatan aritu gara zaintzen etxean edo lan profesionalean? Nola bizi dugu hori?», azaldu dute antolatzaileek.

Tailerraren helburua izango da, hain justu, elkarri entzuteko espazio bat eskaintzea, «norberaren sentimenduak eta beharrak identifikatzeko, hori baita norberaren burua zaintzeko gakoa», adierazi dutenez. Eta nabarmendu dute, horretarako laguntza ematen duela taldeak.

Beraz, tailer praktikoa izango da egingo dutena, zaintza ardurak dituzten emakumeek bere burua zaindu dezaten.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!