Bisita komentatuak egingo dira urriaren 17an alde zaharrean

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 10a, 00:00

Joxe Ramon Berrondo azalpenak ematen elizan.

Ondarea ezagutzeko jardunaldien barruan kokatzen dira bisitak, 10:00etan euskeraz eta 12:00etan gazteleraz.

Hernaniko Ondarea ezagutaraz­ten hasi dira, aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien barruan. Kontaiguzu ondarea! Ondarea eta Hezkuntza da 2020ko Ondarearen Europako Jardunaldien programaren izenburua. Europako Kontseiluak bultzatutako ekimen honen helburua ondarea herritarrengana hurbiltzea da, eta ondarea osatzen duten elementuen gaineko sentsibilizazioa eta kontserbazioa sustatzea.

Edizio honetan, helburuekin bat eginez, Udalak parte hartzen du, eta dagoeneko bi ekitaldi burutu dira. Irailaren 24an Txuso Gomezek eta Haritz Muñoak ondarea.hernani.eus webgunea aurkeztu zuten Biterin; eta aurreko larunbatean, urriak 3, Joxe Ramon Berrondok San Joan Bataiatzalea parroki-elizan bisita gidatu batean historia, ezaugarriak, elementuak... komentatu zituen.

Hurrengo zitak, urriaren 17an izango dira alde zaharrean  lehenengoa 10:00etan izango da, euskaraz; bigarrena, gaztelaniaz, 12:00etan. Hamar lagun baino gehiagoko taldeak ezin dira osatu, beraz, antolatutako bisitatarako izena eman behar da aurretik Udal Artxibo Zerbitzuan (artxiboa@hernani.eus / 943 33 70 30) edo Turismo Sailean (turismoa@hernani.eus / 943 33 70 28).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!