Manex Egaña

«'Amets bati lotuta' gaude arrazoi politiko eta ideologikoengatik; 'Amets bati lotuta' gaude musika munduan guzti hau pasa zaigulako»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 10a, 00:00

Asko entzun da azken urteotan Brigade Loco taldea, gazte eta ez hain gazteen artean. 2017an kaleratu zuten lehen diska eta orain bigarrenarekin datoz. Euskal Herriko txoko ia guztietatik igaro dira, haien pentsamendu eta sentipenak, abestien bidez helarazten. Taldekideetako bat hernaniarra da, Manex Egaña bateria jolea, eta taldeak izan dituen istorio, ibilbide eta pasarteak kontatu dizkio Kronikari. 

 

2017an sortu zineten «ofizialki» talde moduan. Esan daiteke, «arrakasta haundia» izan duzuela. Nola sentitzen da bat, talde horren parte dela jakitean? 
Guk egia esan, ez dugu ikusten izugarrizko arrakasta izan dugunik, bai mugimendua sortu dugula. Modu batera esanda, arrakasta, bapatean etorri da. Hasiera batean, gure lehenengo maketa atera genuen, bi abestirekin, eta kanta horiek asko entzun ziren. Gero diska etorri zen, eta hor bai, jende mordoak entzun zuen gure lehen diska. Euskal Herriko txoko askotatik iritzi positiboak jasotzen hasi ginen. Ustekabean harrapatu gintuen honek guztiak, ez genuen espero, halako harrera. 
Hasiera batean guk sortu genuen talde bat, fundamentuarekin egiteko gauzak, seriotasun puntu horrekin hasi ginen hasieratik, baina esan bezala, ez genuen hainbesteko harrera eta  sostengua espero. Gure espektatibak hautsi ziren. 

Txikitatik izan duzu bateria jotzeko afizioa? Nondik datorrela esango zenuke? 
Ez, afizio hau ez datorkit txikitatik. Umetan, hasi nintzen saxofoia jotzen, Musika Eskolan, eta jo nuen urte batzuetan, bost bat inguru, edo gehiago. Hala ere, saxofoiarekin desilusionatuta nengoen, ez genuen entsaiatzeko gogorik, ez zitzaidan gustatzen ikasteko zegoen dinamika. Eta aspalditxotik neukan buruan bateria, orduan ikusi nuen momentu ona zela, eta bateriarekin hastea erabaki nuen. Bateria gainera, gehiena etxean ikasi dut. Hasieran, bai hartu nituela klase batzuk, baina oso gutxi,  astean ordu erdi edo. 
Gero taldearen sorrera etorri zen, eta hor oso serio hartu nuen bateria jotzearena, pilak jarri eta nere kabuz ikasten jarri nintzen buru-belarri. Esan daiteke, dakitenaren %90a, neure kabuz ikasi dudala. Bateria elektrikoarekin ikasi dut, eta horri ematen diot. 

 

Nolakoa izan zen Brigade Locoren hasiera? 
Taldeko baxua (Oier) hasi zen ideia ematen, talde bat egin nahi zuela esaten zuen. Lehenago ere izan zuen talde bat, baina oraingoan serio hartu nahi zuen, eta hasi zen kontaktatzen bi gitarristekin. Haietatik batek, nirekin ikasten zuen unibertsitatean, eta aipatu zidan, talde bat sortu nahi zutela, animatzeko gonbitea luzatu zidan eta nik baiezkoa eman nuen. Ondoren, abeslaria sartu zen (Lander). 

Baduzu pertsonalki, kontzertu gustukorik? 
Ez dakit zehazki zein esan, gogoratzen naiz lehenengo kontzertua izugarria izan zela. Azkenean ez ginen ezer oraindik, bi abesti bakarrik genituen publikatuta, grabatuta lagun baten etxean, oso modu prekarioan. Eta ez geneukan plataformarik jendeak entzuteko, hala ere, Bergarako Gaztetxea bete egin zen goraino, eta hor harriturik geunden. 
Gero egon dira kontzertuak jende ospetsu eta esanguratsuarekin jo ditugunak,. Haietako asko Jimmy Jazzen izandakoak, hala nola, Cock Sparrer,  Cockney Rejects, The Exploited eta The partisans taldeekin batera. Berrogei Minutu Rocken ere jo genuen, eta kontzertu horiek izugarrizkoak izan dira. 

Hernaniarra izanda, herriko zaleak izango dituzu... Nolakoa da sentsazio hau? Nola eramaten duzu? 
Nik Hernani mailan pertsonalki ez dut ezer nabaritu. Baten batek aipatu dit zerbait. Eta badaukagu talde bat, jaialdietan ibiltzen garenak, kontzertuetan, herriko parrandetan, eta horiek bai. Hauek asko entzuten dute Brigade Loco, kontzertuetara joaten dira...  Baina gainontzean nik ez dut gauza haundirik nabari. Badago baten bat ere etortzen zaidana, gure musika eta taldea gustuko duela esaten didana... Baina ez dut beste apartekorik nabaritu egia esan. 
Egia da, horrelako fenomenoak gertatzen direnean, jendeak ezagutzen zaituela, hauek jarraitzaile sutsuak izanik, eta gero daude, bi kanta dakizkitenak. Baina hori talde guztiekin pasatzen da. 

Euskal Herri mailan jo duzue askotan, gehiago zabaltzeko asmoa daukazue? 
Euskal Herrian asko jo dugu, esango nuke Euskal Herriko  txoko gehienetan jo dugula. Eta estatu mailan, Valladolidera joan gara, Madrilera, Bartzelonara pare bat aldiz, eta gero Italian ere jo dugu, Erroman, aurreko urteko Aste Santuetan izan ginen. 
Gure intentzioa kanpora ateratzea da, Euskal Herri mailan jarraituko dugu jotzen, baina orain arte gehien esplotatu dugun eremua izan da, beraz gure asmoa zabaltzea da. Azkenean badakigu Madrilen eta Bartzelonan hainbatek Brigade Loco entzuten dutela, beraz haiei ere aukera eman nahi diegu. 

Kontzertuetara joateko bideak luzeaz izaten dira. Zuen kasuan, Erromara bidaia nolakoa izan zen? 
Egia esan, infernua izan zen, bidea diot. Ibilbide osoa furgonetan egin genuen, ez genuen hegazkinik hartu, eta dena furgonetan egitea, oso gogorra egin zitzaigun. Erokeri bat izan zen, egun eta erdi furgonetan bidaiatzen, gelditu gabe. Lo egiteko tarterik ez genuen hartu. Hala ere, Erromatik Euskal Herrira itzulera  lasaiagoa izan zen. 
Bidaia hau gainera, turismoa egiteko aprobetxatu genuen, bi aste egon ginen Erroma bisitatzen, eta kontzertua, bertako 'komuna' batean jo genuen guretzat hori berria zen, eta ederra gainera. 

Berrogeialdiak, zuenean ere eragin kaltegarriak izango zituen, kontzerturik ezin jo... Nola izan da dena? Nola sentitu zara? 
Gaizki, musika eta orokorrean kultura munduan ibiltzen direnentzat, talka haundia izan zen berrogeialdia, eta Covid-19ak sortutako alarma egoera hau.Gure kasuan, bigarren diska ateratzear geunden konfinatu gintuztenean, eta hor gelditu ginen zalantzarekin, diska atera edo ez. Ez genekien itxaron edo ez, hasieran erabaki genuen, itxarotea apur bat, eta denbora pasa ahala, uda ondoren argitaratzeko erabakia hartu genuen.

 Momentu gogorrak pasa genituen egia esan, ez geneuzkan kontzertuak, eta gastuak hor jarraitzen zuten. Azkenean, diskaren produkzioak, bideoklipena... ez dira kostu txikiak. Inbertsio ekonomiko potentea egin dugu, bai taldearen partetik, bai eta pertsonalki. Orduan hau dena amortitzatzeko, ez zegoen ez kontzerturik ez ezer. Eta ea ondo joaten den bigarren diskaren salmenta, baina egoera zaila da, bai. 
Guk espero dugu, bizi dugun egoera honi emango diogula buelta, baina kontua da noiz, luzerako baitoa pandemia hau. Kultura alorra gainera, beti izango da azkena, dena itzuliko da normalitatera, eta kultura izango da azkena, hori argi daukat. Kontzertuak, eta jendea pilatzen diren jaialdiak normalitatera itzuliko diren azkenak izango dira. 

Gure taldearentzat zer esanik ez, daude talde batzuk, euren estiloarentzako publikoa eserita egotea ez dela hain bortitza, azkenean estilo apala bada, lotura izan dezake, eserita egoteak. Baina gure estiloa ez da horrelakoa, guretzako beharrezkoa da zutik egotea, oihu egitea, mugitzea... Gure estiloak hori eskatzen du, beraz guretzat zailagoa da nolabait, ezarritako arauetara mugatzea, beldurra ematen du. Eta ez dut esan nahi zaila dela Brigade Lokoren kontzertu bat antolatzea eta publikoa eserita egotea, baizik eta guk ere ez dakigu eroso sentituko garen edo ez, jendea gustura egongo den edo ez... 

«Gero taldearen sorrera etorri zen, eta hor oso serio hartu nuen bateria jotzearena, pilak jarri eta nire kabuz ikasten jarri nintzen buru-belarri. Dakitenaren %90a, neure kabuz ikasi dut»

Zein da zuretzat publikora heltzeko gakoa? 
Uste dut, gure musika jendeari erraz sartzen zaiola, hori iruditzen zaigu. Punk rockeko mugimenduan asko murgildu ez den jendeak ere gustura entzuten gaitu, azkar ikasten dituzte abestiak. Guk jotzen dugun musika, ez da behin eta berriz entzun behar ulertzeko, lehen abestian sartzen da belarritik. 
Jendearengana heltzeko, garai hauetan, Sare Sozialak, erreminta garrantzitsuak dira. Hauetan konstantzia markatzen dugu, informazioa ematen dugu, gertutasun puntu hori eskainiz gure publikoari. Jendeak hori eskertzen du. 

Zer gomendatuko zenieke, orain hastear dauden musikari, zein taldeei? 
Ilusio asko jartzeko esango nieke, hori oso garrantzisua iruditzen zait, eta taldeari ere noski. Guk azkenean esan genezake ondo daukagula egituratuta taldea eta horrek dakarren ingurua, izugarrizko ilusioarekin egiten dugulako. Gu ez gaude diskografika batean, ez gaitu inork eramaten, dena autokudeaketa bidez eramaten dugu, horrek, askatasun gehiago suposatzen du bai, baina lan doblea ere. Lan haundia da, ematen du talde bat eramatea erraza dela, baina ez, lan asko dago atzean.  Taldea bera bada, autokudeatzailea, egin behar duzu dena, dena kudeatu behar duzu. Eta horrek lan haundia suposatzen du, esan bezala, baina guk hau guztia aurrera eraman ahal izan dugu, ilusioa daukagulako, eta nabaritu egiten da. 

Autokudeaketa kontua, zer moduz eramaten duzue hau taldean? 
Orokorrean ondo, talde guztietan bezala, eztabaidak izaten ditugu noski. Baina esan genezake ondo eramaten dugula. Ardurak banatzen ditugu, eta bakoitzari dagokiona betetzen dugu. Egiten dugu zerrenda bat, egin behar denarekin. Hauek banatzen dira, eta horrela egin dugu aurrera orain arte. Gero, ardura finko batzuk ere badaude, nik adibidez eramaten ditut Sare Soizalak, beste batek kontzertuak lotzen ditu... bakoitzak ardura zehatz batzuk dauzka. Beraz, lehen aipatu moduan, zuk ilusioa jartzen badiozu egiten ari zarenari, gure kasuan taldeari, prest bazaude astean ordu asko entsaiatzen igarotzeko, musikalki hobetzeko ahaleginak egiteko... hori aurrera joango da, eta esku artean duzu proiektua, bide onetik joan daiteke. 

«Jendearengana heltzeko garai hauetan Sare Sozialak erreminta garrantzitsuak dira. Hauetan konstantzia markatzen dugu, informazioa ematen dugu, gertutasun puntu hori eskainiz»

Bigarren diska kalean da, «Amets bati lotuta». Zer moduzko harrera izan du? Grabaketak ondo joan dira? Eta «Amets bati lotuta» izena, zer dela eta? 
Ondo doa oraingoz, harrera ona izan du, duela bi aste argitaratu zen, eta ondo. Oraingoz gu gustura gaude. Gure intentzioa hasieratik zen musika landuagoa egitea. Ikusten genuen gure lehenengo diskak izan zuen inpaktua, baina musikalki ez zeukan aparteko magiarik. Oraingo diska hau gehiago landu dugu, guk ere hobetu egin dugu musikalki, eta orokorrean gehiago landu dugu dena, hobeto jotzen dugu... Jendeak ere esan digu landuagoa dagoela azken diska, eta gu oso gustura gaude, emaitza horiekin. 
Eta azken diska honen izena, 'Ez dira pasako' abestiaren zati bat da. Hau hautatu genuen, azkenean, diskoko abesti eta gai gehienak barne biltzen dituelako. Amets bati lotuta gaude, arrazoi ideologiko eta politikoengatik, Amets bati lotuta gaude, musika munduan guzti hau pasa zaigulako... Gauza asko englobatzen dituen esaldi bat da, eta hori aukeratzea erabaki genuen. 

Azken diskarekin, espero zenuten, orain arte lortu duzuen emaitza hau? 
Horrela espero genuen bai, lehenengo diskotik publiko zehatz finko bat bageneukan, eta dakizunean publiko seguru bat daukazula, errazago joaten dira gauzak, eta abestiak ere errazago egiten dira. Badakizu hainbatek diska erosiko dizutela, bai edo bai. Eta nahiz ez izan disko ona, erosi egingo dute. 

Zuretzat Brigade Loco taldearen abesti gustukoena, zein? 
Zaila jarri didazu, ez nuke jakingo zein esan. Hor gertatzen da, abesti batzuk gehiago gustatzen zaizkizula jotzeko, eta beste batzuk berriz entzuteko. Orduan, ez dakit. Jotzeko gehien gustatzen zaidana bigarren diskako 'Amen' abestia da, hori jotzen dugunean, oso gustura egoten naiz, ederki pasatzen dut, motibazioz betetzen gara. 

«Abestien artean, jotzeko gehien gustatzen zaidana azken diskako 'Amen' kanta da. Hori jotzen dugunean, oso gustura egoten naiz, ederki pasatzen dut, motibazioz betetzen gara»

Nork egiten ditu letrak? 
Bi taldekidek egiten ditugu, Landerrek eta biok, hain zuzen. Eta lagun bat ere badaukagu, Bergarakoa, eta hark ere asko laguntzen gaitu. 

Aurrera begira, zer? 
Printzipioz, bi kontzertu dauzkagu prestatuta, Azpeitiko San Agustinen. Jarraian izango dira bi kontzertu hauek, eta sarrerak jada amaitu dira, beraz kontzertu horiekin gabiltza orain topean. 
Eta aurrera begira, ari gara ikusten ze posibilitate dauzkagun. Ez dugu jo publikoa eserita dagoela, orduan nahi dugu ikusi hau zer den, eta zer moduz sentitzen garen, eta horren arabera,  joango gara ibilbidea nolabait finkatzen edo. Baina bai, printzipioz azken diskari irteera eman nahi diogu. Pentsatu dugu diskoa kanpora bidaltzea,hala nola, Espainiara, Frantziara, Estatu Batuetara behar bada...
Bizi dugun egoera dela eta, ezin ditugu asmo zehatzak finkatu, gero dena aldatu bai daiteke.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!