Sukaldaritza bertsoen bidez iritsiko da Chillida Lekura

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 9a, 00:00

Andoni Egaña da Chillida Lekun ariko den bertsolarietako bat.

Urriaren 17ko bertso saio berezi honetan Andoni Egaña eta Oihana Iguaran ariko dira, Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariekin.

Chillida Lekun bertso saio bat ospatuko da Bertsozale Elkartearekin batera urriaren 17an 17:00etan hasita. Jardueraren helburua bertsolaritzaren kultura eta sukaldaritza uztartzea da, bi prozesuak aldi berean erakutsiko dituen ikuskizun batean. Sukaldariak bere teknikak eta plater bat prestatzeko egiten dituen urratsak azalduko ditu.

Gai jartzailea, bestalde, alderdi gastronomikoa bertsolaritzaren mundura hurbiltzen saiatuko da, hain ezberdinak diren bi disziplinen artean zenbat antzerako kontzeptu lantzen diren ikusarazteko asmoarekin.

Parte hartzaileei bereziki prestatutako pintxo bat emango zaie sarreran, saioaren hasieran sukaldariak gidatuta dastatu ahal izateko. Parte hartzaileek sukaldariaren prozesua streaming bitartez ikusi ahal izango dute mugikorrak erabiliz. 

Andoni Egaña eta Oihana Iguaran izango dira bertsolariak; Aitzol Zugasti hernaniarrak eta Maialen Canok hartuko dute parte sukaldari lanetan eta Maite Berriozabal izango da gai jartzaile.   

Ekitaldia eta gero afari bat eskainiko da

Ekitaldia 17:00etan hasiko da eta ordu eta erdi inguru iraungo du, 15 euroko sarrerarekin museoa ere bisitatzeko aukera izango dute jardueran parte hartzen dutenek. Bertso saioaren ondoren Chillida Lekuko Lurra Café jatetxeak egun honetarako bereziki diseinatutako afari bat eskainiko du jende kopuru mugatu batentzat 55 euroren truke. Ekitaldi eta afarirako sarrerak www.museochillidaleku.com web gunean eros daitezke. Bertsozale Elkarteak, Covid-19ak plazan izan duen eraginaren aurrean, Plaza Biziberritzeko antolatutako egitasmoen baitan kokatutako saioa da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!