Azkeneko egunak, udal egutegia osatzeko argazkiak bidaltzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 7a, 00:00

Hernani herri dinamikoa dela erakutsi nahi du 2021eko udal egutegiak.

'Hernani mugimenduan' da aurtengo gaia, eta urriaren 16ra arte bidali daitezke argazkiak. 40 euroko erosketa bonoa jasoko du saritu bakoitzak.

Ezohiko 2020 urte hau bukatzen ari da pixkanaka, eta 2021erako udal egutegia prestatzen hasita dago Hernaniko Udala. Eta aurten, aurrekoetan bezala, herritarrekin batera egin nahi du: lehiaketa jarri du martxan, egutegia osatuko duten argazkia aukeratzeko.

Hernani mugimenduan gaiarekin, herritarrek urriaren 16ra arte bidali ditzakete argazkiak, internet bidez: hernani.eus web orrian dagoen formularioa bete behar da. Azkeneko hamar egunak dira, beraz, 2021eko egutegia osatuko duten argazkiak bidaltzeko. Egile bakoitzak, bost argazki bidali ditzake, gehienez.

Ohi bezala, 13 argazki aukeratuko dituzte, egutegirako: hilabete bakoitzeko bana, eta azaleko argazkia. Eta aukeratutako argazki bakoitzeko, egileek 40 eu­roko erosketa bono bana jasoko dute, herriko saltokietan gas­­tatzeko.

 

«Hernani herri dinamikoa dela islatu nahi du egutegiak»

Joan den urteko sari banaketa egitean eman zuten aditzera aurtengo gaia, Hernani mugimenduan. «Dabilen herria da Hernani, herri dinamikoa, zalantzarik gabe; eta hori islatu nahi du egutegiak», azaldu dute.

Gaiaren aukeraketatik, eta bereziki azkeneko hilabeteotan, gauzak aldatu egin dira, mundu osoan bezala, Hernanin ere. Dinamismo horrek behera egin du pandemiaren eraginez, baina egutegiak balio dezake erakusteko, batetik, herri bizia izaten jarraitzen duela; eta bestetik, gogorarazteko nolakoa den Hernaniko egunerokoa, egoera bere onera bueltatzean.

Parte hartu eta argazkiak bidaltzera animatu ditu Udalak, herritar guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!