'Green Book' pelikula sarituarekin Biterira salto, Migrazineak

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 00:00

Tony Lip (Viggo Mortensen) eta Don Shirley (Mahershala Ali), eszenetako batean.

Hiruna sari jaso zituen 2018an, Oscar sarietan eta Urrezko Globoetan; eta Biteriko aretoan eskainiko dute bihar, 18:30etan.

Goiz Eguzkin eta Plaza Feministan saio berezi bana eskaini ondoren, Biteriko areto nagusira egingo du salto bihar, Amherrek antolatutako Migrazineak. Eta entzute haundiko filma ekarriko dute, gainera: Green Book, 2018 urtean hiru Oscar sari eta beste hiru Urrezko Globo eskuratu zituena, besteak beste.

Arratsaldeko 18:30etan hasiko da emanaldia, eta ohi bezala, doakoa izango da sarrera, aretoa bete arte. Pandemiaren eraginez, mugatua izango da aforoa. Eta pelikularen emanaldia bukatzen denean, solasaldia ere egingo dute aretoan bertan, filmean landutako hainbat gairen inguruan, bertaratuekin.

Italiar-amerikar zuri zakar bat, piano-jole beltz bertutetsuaren txofer
1962 urtera garamazki Peter Farrelyk zuzendutako filmak, eta bi pertsonaia dira protagonista nagusiak: Tony Lip, Bronxeko italiar-amerikar zuri zakar bat; eta Don Shirley, piano-jole beltz bertutetsua. Bere txofer eta bizkarzain izateko kontratatuko du Lip, Shirleyk, Estatu Batuetako hegoaldean egingo duen bira batean. Bira horretan, Lipek presente izan beharko du Liburu Berdea (Green Book): afroamerikarrak onartzen zituzten establezimendu apurrak aditzera ematen zituen gida bat. Arrazismoari eta aurreiritziei egin beharko diete aurre bi protagonistek, baina beraien ezberdintasunak alde batera utzi beharko dituzte, bidaia horretan aurrera egiteko.

Komedia dramatikoa da, eta 130 minutuko iraupena dauka. Mahershala Ali ariko da Don Shirleyren azalean, eta Viggo Mortensen Tony Lipenean.

Biharko saioaren ondoren, beste hiru izango dira Biterin bertan, datozen hiru asteazkenetan: O los tres o ninguno jarriko dute urriaren 14an, The big sick hilaren 21ean, eta El médico africano urriaren 28an. Arratsaldeko 18:30etan hasiko dira emanaldi guztiak, eta denetan egingo dute solasaldia, ondoren. Biharkoa bezala, doakoak izango dira hurrengo hiru emanaldiak ere

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!