Hernanik urriaren 24 edo 25ean hasiko du denboraldia Ohorezko B mailan eta Getxo gainditu du lagunartekoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 00:00

Polidori entrenatzailea jokalariei aginduak ematen atsedenaldietako batean.

16 jardunaldi jokatuko dira eta apirilean amaituko da liga erregularra; igoera fasea apirilaren 25ean hasiko da. Oraindik ezagutzeko dago egutegi osoa eta noren aurka jokatuko duten taldeek jardunaldi bakoitza.

Pasa den ostiralean Espainiako Federazioaren Batzarra egon zen eta bertan erabaki zen denboraldiko egutegia. Hernanik, beraz, badaki noiz hasiko duen denboraldi ofiziala eta hori urriaren 25ean izango da, urriaren 24an larunbatean jokatuz gero. Hori bai, oraindik ere jakiteko dago noren aurka hasiko diren jokatzen lehenengo jardunaldian.  
Datozen egunetan jakingo da zehazki egutegi osoa nola geratzen den. Taldeak dakiena da, urriaren 24 edo 25ean hasiko dela jokatzen eta 16 jardunaldi izango dituela Ohorezko B Mailak.  Pasa den urtean 22 zituen denboraldiak, baina hori murriztu egin da. 

Bestetik, oraindik igoera fasea jokatzeko dago Ohorezko B mailara, Hernaniren A tadera zehazki. La Única, Rugby Ferrol, Palencia eta Llanerense taldeetatik irtengo da azken talde hori. Hurrengo astean, urriaren 18an erabakiko da. Egun horretan bertan jokatuko da Burgosen Kopako finala.

Apirilean amaituko da Liga erregularra eta igoera faseko playoff-ak apirilaren 25ean hasiko dira finalaurdenekin. Finalaurrekoa maiatzaren 2an jokatuko da eta finala hilabete horretako 16an. Promozio partidua ekainaren 13an izango da. 


Errugbi barneratzailea bueltan da bihar

Nork daki egun horretan Hernani eta Getxo egongo diren. Bi taldeok larunbatean lagunartekoa jokatu zuten eta hernaniarrek 40-12 garaitu zuten Ohorezko Mailan dagoen taldea. Aurredenboraldiko partidua izaki ikusteko dago zer talde zelairatu zuen Getxok, baina baikor izateko emaitza da dudarik gabe.
Azkenik, esan bihar itzuliko dela errugbi barneratzailea Landarera.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!